Autokonplazentzia gutxiago, mesedez

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako kaleetan aitarekin lehenengo aldiz ibili nintzenean, jendeak jakin-minez begiratzen gintuen etengabe. Aita zen, dudarik gabe, kalean ikusten zuten lehen pertsona beltzetako bat. Ordura arte beltz gutxi ziren Gipuzkoako hiriburuan, eta bakarra zen ezaguna bizilagunen artean: Eguberriero Baltasar errege magoarena egiten zuen udaltzaina, hain zuzen.

Gauzak dezente aldatu dira azken hamarkadetan, eta beltza izatea jada ez da bitxikeria Donostian. Gure hiriak geroz eta anitzagoak dira, ez bakarrik arrazari dagokionez, euskal herritar izateko ehunka, milaka, milioika era dagoela argi dugu, euskaldunok bezainbeste itxura eta identitate existitzen direla.

Testuinguru honetan, EHUko Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak izeneko txostenaren emaitzen berri eman du. Ikerketa horretan, Euskadiko hiritarren artean diskriminazioaren inguruan dauden pertzepzio eta jarrerei buruzko analisia egin da. Emaitzak oso positiboak dira: aniztasunarekiko irekitasunaren euskal indizean (Basque Open-mindness Index) 72,7 puntu eskuratu ditu euskal gizarteak (100 izanda aniztasunarekiko erabateko onarpena).

Zalantzarik gabe, harro egoteko moduko albistea da hau. Izan ere, ez da ezer berria. Euskadi beti izan da beso zabaleko lurraldea, igarotze-lurra, baina baita harrerako a ere. Hala ere, beldur naiz horrelako txostenek autokonplazentzian eroraraziko ote gaituzten.

Tamalez, zenbait komentario eta jarrera gure kaleetatik desagertu izanak ez du esan nahi hauen jatorria jada existitzen ez denik. Azaleko sintomak ezabatzearekin ez da nahikoa estrukturala den arazoa ezabatzeko. Eta hori ez badugu onartzen eta lan egiteari uzten badiogu, inertziak diskriminazioaren aldean jarriko gaitu.

Badago beste datu deigarri bat azterketan. Emaitzen arabera, herritarren %24,4k adierazi dute beren bizitzan noizbait diskriminatu egin dituztela. Ehunekoa handiagoa da emakumezkoen kasuan (%28,9) gizonezkoenean baino (%19,6). Gure herritarren ia laurden bat gizartetik kanporatuta sentitu da momenturen batean, eta laurden horrek zenbait ezaugarri zehatz ditu: emakumezkoa da, ijitoa edo/eta migrantea. Are gehiago, aste honetan Josu Erkoreka Jaurlaritzako sailburuak baieztatu duenez, 2021ean arrazoi arrazistetan oinarritutako gorroto-delituak %48tik %55era igo dira.

Datu hauek ekitera deitu behar gaituzte. Datu honek ekitera deitu behar gaitu. Eta garrantzi berezia hartzen du horrek gaur egungo une politikoari begiratzen badiogu; izan ere, inertziak intolerantziara garamatza aurre egiten ez badiogu, baina, horrez gain, badira modu aktiboan gizarte intoleranteago, matxistago eta arrazistago bat bihurtu nahi gaituztenak ere.

Immigrazioa (baita feminismoa edo LGTBI kolektiboa ere) etsai bikaina bihurtu da eskuin muturraren diskurtsoaren eraikuntzan. Diskurtso hau erraza, sinplea eta mundu guztiarentzat eskuragarria da, egunero eta atsedenik gabe borrokatzen ez bada, ziztu bizian hedatzen dena. Honen aurka borrokatzearen edo autokonplazentzian erortzearen arteko tesituran, asko dira bigarrena aukeratu dutenak.

Ez hori bakarrik, batzuek argi dute oraindik asko dagoela egiteko antirrazismoari dagokionez (berdin gertatzen da feminismoarekin edo LGTBI kolektiboaren borrokarekin), baina zeregin hori «geroko» uztea hobe dela defendatzen dute, horrelako diskurtsoek ultraeskuinarena «elikatzen» dutelakoan. Ezkerreko zenbait alderdi politiko dira horren adibide argia.

Eskuinaren immigrazioaren aurkako diskurtsoei kontra egin nahi ez, eta, azkenean, buruz behera erortzen dira haren esparruan. Baita eskuinaren politikak defendatzen ere, Jean-Luc Mélenchon ezkertiar frantziarrari duela egun batzuk gertatu zitzaion bezala, mugak «errespetatzen» ez baziren horrek langileei «kalte» egiten ziela defendatu zuenean. Edo Danimarkako gobernu sozialdemokratak proposatu zuenean zenbait gunetan «mendebaldekoak» ez diren biztanleak %30era mugatzea eta hauek «gizarte paraleloak» izendatzea.

Baita politika arrazista horiek aplikatuta ere, Irungo mugan gertatzen diren legez kanpoko itzulketekin sistematikoki gertatzen den bezala. Eta zertarako nahiko genuke eskuinak bezala jokatzen duen ezkerra?

Tira. Autokonplazentzia gutxiago, taktizismo gutxiago eta antirrazismo gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.