Albistea entzun

JIRA

Balioan jarri

Angel Erro -

2023ko martxoak 26

Sare sozial batean ikusi ditut espresio horren zabalkundearen aurkako mezuak, haien artean Xabier Euzkitzerenak. Arakatu ditut nik ere onlineko orrialdeak, eta egia da maiz, oso maiz, maizegi, agertzen dela, BERRIAko estilo liburuak haren ordez balioa eman edo onartu eta aintzat hartu hobesteko darabilen mezua gorabehera.

Nik uste dut ez dudala inoiz erabili, baina ez da meritu handirik, nire gaztelanian ere ez dagoelako. Kutsaberak gara denok, eta ez dut azkenean neureganatzea baztertzen. Dena den, neure har dezadan aukera gehiago du La isla de las tentaciones telebista saioan barra-barra erabilita entzuten dudan beste espresio batek, niretzat berria denak. Darme mi sitio. «X-k ez dit nire tokia eman». Garai batean halako saioetan aldarrikatu errespetu eta begirune eskakizunen ordezkoa.

Inoiz baliatzen badut, PSNk atera dituen afixei aplikatuko diet lehenik. Ikusi dituzue? Leloak elebidun; ez dezatela gero esan ez diotela bere tokia eman (edo balioan jarri, zuek nahiago bezala). Euskarazko testua ezin txikiago idatzita egotea, eta letrarik meheenekin, hizkuntza honi ematen dioten balio eta tokiaren seinalea baino ez da. Ze onak. Ikasi dute ezer jarrita baino gehiago sumintzen garela gure tokian jarriz gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.