Hizkuntza batetik bestera dagoen aldeak irudikaezinak diren zenbait gauza bihur ditzake egingarri. Gurean nekez irudika dezakegu idazleen grebarik; akaso, kontakizun satiriko batean (nork babestuko luke?, herriak eutsiko lioke zutik?, jendeak egonarria galduko zuen Susako hurrengo Lisipe, Elkarreko hurrengo eleberria sine die atzeratuta ikusiko balu?).
Ingelesez gidoilariei ere writer esaten zaienez (hots, idazle), deituta dagoen eta amaitzeko itxura ez duen lanuzteari Writers Strike esaten zaio, idazleen greba, alegia, zeinak gure buru ez-angloan guztiz bestelako irudiak eragiten baititu, ia surrealistak, idazleok, hemengoek, ez baitugu grebarik egiten, gehienez ere beste gremioetakoak babesten ditugu, sinadura bilketetan batez ere, edo gutxiagotan denuntziazko testu berariazkoetan (XIX. mendetik datorkigun ohitura da, oraindik gordetzen duguna) edo sorkuntzazkoetan, tarteka baita elkarrizketatan ere, urriagoek, zortea izanez gero, sari emanaldietan.
Horrelakoetara joaten zait nahi gabe burua, ingelesezko prentsan gidoilarien grebaz irakurtzen dudanean. Esan gabe doa greba honen ondorioek jende gehiago nerbiosten dutela, non eta AEBetan delako nagusiki. Aktoreak ere, bertakoak, gehitu behar omen zaizkie.

JIRA
Idazleen greba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu