Ana Malagon.
ARKUPEAN

Zirrara

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Adin batetik aurrera gaizki ikusia dago zirrara. Ez da ulertzen, eta ulertzen ez denarekin gertatzen den lez, nekez onartzen da. Dirua eta denbora galtzeko besterik ez du balio. Diagnostiko psikiatrikoak egiten dizkiegu objektuen kolekziogileei, eta barre egin cosplay eginaz pertsonaiarik gogokoenaren mozorroa jantzita konbetzioetara joaten direnei. Hau erridikulua, hau absurdoa, hau nerabekeria. Zergatik egiten dute hori? Ez dute armadura batekin mozorroturik ibiltzeko adinik.

Armadura batekin ibiltzeko inoiz baino garai aproposagoak bizi ditugula iruditzen zait, baina tira, hori beste gai bat da.

Udako merkatuan alde egingo duen futbol jokalariaren elastikoa jantzi eta berrogeita hamabi urterekin Saloutik paseatzea da gizarte honek onartu duen cosplay bakarrenetakoa. Futbolaren zirrarak ez du susmo txarrik esnatzen, nahiz eta inguratzen duena (maskulitate toxiko, arrazista eta homofoboa, esate baterako) gure gizartearen gaitzen katalogo nahiko osatua izan. Getafeko harmailetan gure futbol taldeen zaleak ikusten ditugunean, horien zirrara normalizaturik dugu. Normalizaturik dauzkagu eskuineko hegalean nork jokatu behar duen auzian jartzen dituzten eztabaida intelektual amaigabeak. Ni neu ere futbolzalea naizela gogorarazi nahi didazula ikusten dut. Ez dago beharrik. Oso presente ditut nire akatsak.

Bestelako fan fenomenoak komikizale eta neska nerabeen gauzatzat hartzen ditugu, eta guztiok dakigu komikizaleek eta neska nerabeek eta, are gehiago, komikizaleak-diren-neska-nerabeek gozatzen duten prestigio soziala izugarria dela. Komikizaleena apur bat igo da azken urteotan, neska nerabeena, zoritxarrez, ez. Gainontzekoon Mendebaldeko biztanle errespetagarriak izateko hil ala biziko borrokan, euskal kulturarekin harremana badu «hunkitu egin nau», eta momentuko liburu edo telesailari buruz bada, «kateaturik nauka» izango da egingo dugun iruzkinik konprometituena. Urteetan zehar tabako, txokolate eta masturbazioan egindako inbertsioek ez ziguten lexikoa gehiegi zabaldu.

Kateatzen gaituen kate mehea da. Hunkigarrismo arina. Gaur egungo musika taldeen abesti solteak bakarrik entzuten ditugun bezala, telesailen boomarekin istorioak konpultsiboki ikusten jarri garen arren, berehala agortzen zaizkigu idilioak, erabili eta botatzeko ekonomiak eragindako pazientzia eskasa dela medio. Fikziozkoak ez diren pertsonekin maiteminari eusteko ere nahiko lan dugunean, zer nahi duzu.

(Inori inporta ez zaion) kulturaren sostengua seinoren (+65 urteko emakumeen), eta euskal kulturaren kasuan, seinoren eta euskaldun berrien sorbaldetan dagoela kontuan hartuz, nahiko nuke horien fideltasunari eta hartutako erantzukizunari esker onez, futbolzaleei bezala, fan izateko eta fan izaera hori adierazteko libre balira. Edo beste modu batera, epaiketa moralik gabe, kontsumo epeletik haratago zirrara senti eta adierazteko askatasuna bermatuko bagenie. Distira egiteko eta, zergatik ez, norberaren alde ilunaren itzala botatzeko aukera eman. Obraren kanonak nekez asetzen baitu inoiz fanaren buruan dagoen beste kanon horren potentziala.

Fandom bezala ezagutzen diren obsesioen erreinuetan, desiratu eta inoiz izango ez garen horrek odolez, listuz eta izerdiz bete du dena. Aliantzak eta gerrak. Solapetatik helduta bestea astinduz arrazionalki probatu nahi diren teoria eta iritziak.

Nork ez du bestea solapetatik arrazionalki astindu nahi izaten, bestalde, solapetatik arrazionalki astintzeko arrazoiak ematen dizkigun mundu batean bizi gara eta. Fanari bere mundua bezala, guri ere mundu hau zerbait axola zaigulakoan nago. Batzuetan. Noizean behin. Ez oso maiz. Mendebaldeko biztanle errespetagarriaren kanonetik at zerbaitek zirrara eragiten digunean. Hau erridikulua, hau absurdoa, hau nerabekeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.