Pako Aristi

Erresistentzia bikoitz bat

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Organo jolea nintzenean askotan jo nuen Danimarkako Erregeen martxa dotorea ezkontzetan, bikotea sartzen edo irteten ari zenean. Oroimen zaharrak berpiztu zizkidan duela hiru bat aste Arnaldo Otegik elkarrizketa batean eman zuen erantzunak, ea PSE eta Ahal Dugu-rekin aurki hitzarmen bat iritsiko ote den galdeturik: «[...] Indar progresistak gehiengoa gara, baita Nafarroan ere. Autonomikoetako emaitzekin Danimarkan zer gobernu egongo litzateke? Ezkerreko bat [...]». Hemen ez dela gertatu, dio Otegik, «historiagatik eta eduki ditugun arazoengatik». Aditza iraganean deklinatzen du, gaur arazorik ez daukagula iradokiz: «Eduki ditugu», fini, jada. Eta hitzarmen hori «modu naturalean» iritsiko omen da egun batean.

Guztiz asaldatu ninduen loturak: Danimarka, alajaina, Europako erresumarik zaharrenetakoa, Nafarroa eta beste batzuekin batera, eta Nafarroa ez bezala independente jarraitu duena. Danimarka eta Nafarroa! Antzina maila politiko berean egondakoak zein urrun dauden egun! Zer gertatu da bien bitartean?

Herri baten existentzia hasten da biztanleek haren parte diren kontzientzia sortzen dutenean, eta hori desagertzean bukatzen da. Existentzia hori askatasunez antolatzen eta egituratzen duenean, arrotzen esku-hartzerik gabe, edo erabatekoa ez den esku-hartze gutxieneko batekin, herri hori munduko bizitza politikoaren erdigunean kokatzen da. Aldiz, konkistatua izan denean, periferia bilakatzen da automatikoki, bere menperatzaileen periferiako lurralde bat, erabakiak hartzeko gunea lekuz aldatu delako. Hargatik Euskal Herria bizi da, gaur egun, etengabe Madrili gauzak eskatzen, Parisi erregu egiten. Beti eskean dabilen herria, herri-eskale, lotsa ere galduta. Madrilen edo Parisen baimena behar beti, estatu horietako gobernuetan eragiteko ahalmenera murrizturik gure errebindikazio guztiak. guztiak. Politika egiteko modu tristea.

Esaten zaigu kolore politiko batzuekin lor litezkeela zenbait gauza, eta beste koloreei beldurra izan behar diegula, suntsituko baitute gu garen oro. Eta hor sortzen da, batetik, beldurraren politika, eta bestetik hitzarmen posibilistaren politika. Eta hortik dator, batetik, gure etsaiei zilegitasun bat aitortzea gure bizitzan esku har dezaten, eta bestetik gure egitura infra-politikoen gainbalorazio bat, lorpen handitzat aurkeztuz autonomia erkidego bat, elkargo bat eta foru komunitate bat. Lorpen izugarriak balira bezala, herri batek behar duen duintasun gutxieneko batera hurbiltzen den ezer ez daukagunean: herri bat hiru zatitan txikitua, bizirik irauteko funtsezkoak dituen aspirazio guztien kamustea eta ukapena, hala nola hizkuntza, kultura propioa, ekonomia, lurralde batasuna, eta dauzkagun sasi-erakundeekin konformatzeko dei bat, etsipena baino ez dakarrena, hamarkadak igaro ahala gero eta sakonagoa. Beldurra, egoera honetan, lokarturik daudenak esnatzeko baino jendea sisteman integratzeko tresna perfektua da.

Eta menderatutako herriaren politikoak ezker-eskuinaren jokora jolastuz, politiko espainiarrek Euskal Herriarekiko politika nazionala aplikatzen dutelarik: haiek gaituzte arazo nazionaltzat hartzen, guk Europako edozein demokrazia estandar bagina bezala jokatzen dugun bitartean. Eta mintzo dira, hemengo politikoak, otzantasunaren aldarri larria dakarten mezuekin, batetik, esanez saiatu behar dugula gutxieneko adostasunak lortzen menderatzen gaituztenekin, gure kontra jar ez daitezen, gure kontra mendeak daramatzatenean, eta biolentzia guztiak aitortu, eta bizikidetza bermatu, gure subiranotasunari errespetu txikienik ez diotenekin. Eta bestetik, inoiz betetzeko asmorik ez dituzten aldarrikapen barren-hutsekin, hala nola, aldika, gaztetan inoiz izan zuten errebeldia punttuaren oihartzun higatu baten modura edo, desobedientzia aipatzen dutenean, Espainiako legeak zintzo-zintzo bete ondoren, jadanik, gutxienez guk inoiz onartu gabeko konstituzio baten igaliak direla esatera iritsi gabe.

Edo hemerotekan txiripaz aurkitu dudan Joseba Egibarren aipua, 2012an: «Iritsi da unea herri independente bat bagina bezala pentsatzeko eta ekiteko». Izango zen 2012an hala-moduzko koiunturaren bat, baina hain da agerikoa erantzuna: ezin dela independente bagina bezala bizi estatu bat eduki gabe, ejerzitoa, euskal ogasuna, muga administratiboak, erakunde propioak eta enbaxadak. Politikoek uste dute haien hitzak irekitzen eta ixten dituela aro historikoak, baina hori soilik gertatzen da herri batek, kohesio maila handi batekin bere borondatea gauzatzeko indarra daukanean, gu asimilaturik ikusi nahi gaituztenen erruki izpirik gabe, erortzen dena erortzen dela.

«Orain da herri gisa jokatzeko ordua» esaldia ere ziklikoki agertzen da haien ahotan, urtero da ordua, eta inoiz ez da gauzatzen. Edo «Madrilen gure taldea erabakigarria izango da», «Euskadiren interesak guk defendatuko ditugu», edo inflexio puntua iragartzen duten ekitaldiak, edo hauteskunde guztietan «hauek bai, benetan garrantzitsuak dira» errepikatzeko joera.

Honek guztiak iradokitzen dit gure kontzientziak erresistentzia bikoitz baterako prestatu beharko ditugula, XXI. mendea gure askatasunaren mendea izatea nahi badugu, behintzat, jadanik hasi baitira teoriko batzuk esaten Euskal Herriak ez duela mende hau gaindituko, herri gisan erabat asimilatua geldituko dela, eta euskara bera azken hondar-izpi bihurturik, funtzionaltasunik gabe, identitate-sortze ahalmenik gabe, herria bera bezala exotismo folkloriko batera murriztua. Ez nuke nire mundualdia zama horrekin bukatu nahi, ez behintzat horren aurka idatzi nuela eta nire ahalmenen barruan horren aurka borrokatu nuela adierazi gabe.

Erresistentzia bikoitz bat, batetik Espainiak eta Frantziak herri honekin burutu nahian daramaten genozidio eta suntsiketa linguistikoaren aurrean, haien zapalkuntza sistema politikoak eskaini dizkigun ezein parte-hartze aukerari zilegitasunik ez onartzeko; eta bestetik Euskal Herria desideologizatu duen posibilismo politikoarekin inongo konplizitaterik ez izateko, nolabaiteko lorpen eta irabazien amuarekin gero eta espainolago eta frantsesago egiten gaituen horrekin. Inoiz ahaztu gabe, bidenabar, Espainiatik eta Frantziatik askatzen garenean soilik izango ditugula haiekin harreman normalizatuak, errespetuzkoak, eta maila berekoak, beti ere gure herriaren interesak defendatzeko haien interesen aurrean. Eta, beti ere, guk harreman horiek izatea erabakitzen baldin badugu. Modu naturalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.