Izena eta irudia dituztenek izana dute

Euskal Herriko historiari ekarpena egin dioten emakumeetako batzuk bildu dituzte Cira Crespok eta Elena Ziordiak 'Baginen' liburuan. Testu motzez eta ilustrazioez osatuta dago.

Carmen Baroja Nessi iruindarraren erretratua. ELENA CIORDIA.
amaia igartua aristondo
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Esaldi ezagunak dioenez, izan zirelako gara». Esaera horrekin justifikatu du Elena Ziordia ilustratzaileak Baginen. Liburuak ekarpen bat egiten dio Euskal Herriko historiari, gogoratutako gizonezkoei emakumezkoak ere gehituz; iraganean pentsatzeko orduan «ohitura batzuk aldatzea» eragin nahi baitu, Cira Crespo historialariak azaldu duenez: «Helburua, izen bat edo beste ezagutaraztea baino gehiago,emakumeen inguruan hitz egitea izan da, gaia mahai gainean jartzea». Hark idatzi ditu liburuak jasotzen dituen emakumeen soslaiak, eta Ziordiak haien erretratuak egin ditu, akuarelaz.

Emakumeen istorioak eta ilustrazioak biltzen zituen liburu bat ikusi zuen Ziordiak liburu denda batean; Espainiako argitaletxe batek publikatua zen, eta erabaki zuen euskal kulturan ere «beharrezkoa» zela halakoren bat egitea. Hori izan zen Baginen-en ernamuina: erreferente batek eragindako inspirazioa, alegia. Ziordiak Txalaparta argitaletxeari luzatu zizkion proposamena eta zirriborroa, eta hura Cresporekin harremanetan jarri zen testuak egiteko.

Bi autoreek landutako zerrendan jada ezagunak ziren emakume batzuk agertzen dira, bainahistoriako izen anonimo eta langile talde zenbaiti ere eman zaie tokia, Crespok azaldu duenez: «Izen ezagun batzuek, baina batez ere, ezezagun askok eraikitzen dute historia, eta horiek ere badaudela erakutsi nahi nuen». Bakoitzak bere «ezinbestekoen» zerrenda ondu zuen, eta ondoren egindako bateratzetik atera dira «itzalpeko» hauek, Ziordiaren esanetan: «Gure kulturaren eta historiaren zati garrantzitsua osatzen dute. Haiek berreskuratzeko tresna da liburu hau». Ilustratzaileak argi zuen «euskal emakumeen iruditegi» gisa izendatzen duen liburuak ilustratua izan behar zuela: «Emakumeen irudiak agertu eta errepikatu behar dira gure ondare kulturalaren parte bilakatu daitezen, gure egunerokoaren parte bihurtu daitezen».

Liburuan jasotako guztiak hilda daude jada, baina arrastoa utzi dute haiek egindakoak arakatu dituzten bi autore horiengan. Crespok, adibidez, kontuan hartu du emakumeen istorioek egin dioten ekarpen pertsonala, eta hori izan du hautaketa egiteko irizpideetako bat: «Oso aukera pertsonala izan da. Testua osatzeko garaian kontuan izan dut emakume horiek eman didatena». Ziordiak, era berean, emakumeen irudiak ezagun egiteaz gain, haien jarduna azaltzea ere izan du xede akuarelak egiteko orduan: «Haien aurpegiak ez ezik, egin zituzten lanak ere islatzea garrantzitsua da: sorturiko partiturak, margotutako koadroak, egindako argazkiak, bizitako sufrimenduak, eta abar». Lurraldetasuna ere kontuan izan dute hautaketan.

Ildo kronologikoari jarraitzen du liburuak, XI. mendeko Antsa Aragoikoarekin hasi eta Miriam Garcia Pascual mendizalearekin bukatzen baita. Gainetik, I. eta IV. mendeen arteko pare bat aztarnategitan agertutako Andereitia eta Nescato izenak ere aipatzen dira. Denbora tartea oso handia da, eta hori izan da dokumentatzeko orduan izan duten eragozpenik handiena. Andre zaharrenen berri emateko, arkeologiara jo behar izan duela azaldu du Crespok, eta hainbat iturri maneiatu ditu iruditegi horiondu ahal izateko. Ziordiak ere, beste horrenbeste. «Emakume batzuen irudiak aurkitzea ez da erraza izan, nahiz eta hainbeste baliabide informatiko eduki gaur egun». Museoak, webak eta blogak arakatu ditu garaian garaiko xehetasunez hornitzeko, eta, kasu batzuetan, koadroez ere baliatu da, janzkerak ezagutzeko.

Azken emakumeen zerrenda erabaki eta gero bakoitza bere kabuz lanean hasi bazen ere, Ziordiak Cresporen testuaren zain egon behar izan du* emakume ezezagunen irudiak margotu ahal izateko, informazioa beharrezkoa zitzaiolako ilustrazioa sortzeko; halere, elkarrekin harremanetan egon dira eta beti bestearen ikuspuntua kontuan hartu dute. Biak «oso ondo moldatu» direla gehitu du ilustratzaileak, eta lan sistema horrek liburua «aberastu» egin duela nabarmendu du, bakoitzak ertz ezberdinak azpimarratu dituelako.

Andreak nola aldarrikatu

Baginen ez da liburu mardula; emakumeen inguruan labur dihardu, eta ilustrazioek orrien zati handi bat hartzen dute. Crespok testu «erakargarriak eta irakurterrazak» egitea zuen helburu, eta estilo hori aplikatu du. Historia «zirraratik kontatzea» interesgarria iruditzen zaio.

Ziordiak «errealitateari leialak» ziren irudiak egitea erabaki zuen. «Espiritua» transmititzea izan da helburua, eta horregatik agertzen dira, erretratuez gain, irudikatutako horien inguruko beste xehetasun batzuk. Koloreekin ere jokatu du ilustratzaileak; adibidez, Juanita Mir eta Juana Bautista Miner Goikoetxea zuri-beltzean margotu ditu, «haien sufrimendua adierazteko». Hala, irudien tonua aldatuz doa orrialdez orrialde «liburua bera erakargarriagoa izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.