ATZEKOZ AURRERA

Aitzindarien hariari tiraka

Iruñeko Lezkairu auzoan, mundu osoko eta hainbat garaitako 47 emakumez osatutako mural bat lantzen ari dira, 150 metro luze den horma batean. Beren jardunean lehenak izateak batzen ditu.

Lezkairu auzoko horman lanean, tailerraren orduan, atzo. Murala 150 metro inguru da zabalean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Berriro ere behe lainoak Iruñeko koloreak lausotu baditu ere, Lezkairu auzora jaisteko bideetako baten bazterrean, hiriak bizitasuna berreskuratu du. Eskailera jaitsita, 150 metro inguru luze den pareta zurian margotuta, mural bat ikus daiteke, eta bertan, elkarren segidan, 47 emakumeren irudiak ageri dira. Edo bederen hori da asmoa, oraindik amaitu gabe baitago. Itxura hartzen ari da jada: lehenik, lehoinabar bat laztantzen duen Afrikako emakume bat; azal guztia tatuajez betea duen bat, elkarri eskua ematen dioten margolari bat eta gitarra jole bat... Garai eta mundu osoko emakume ezezagunez osatutako friso moduko horrek galderak egitera gonbidatzen du: nortzuk dira, eta zergatik daude horman?

Izan ere, guztiek gauza bat dute komunean: aitzindariak izan ziren beren jardunean. Adibidez, muralean ageri den lehena Keniako Wangari Maathai politikari eta ekologista da, 2004an Bakearen Nobel saria jaso zuena; bigarrena, Maud Wagner, XIX. mende erdiko tatuajegilea; hirugarrena, Sofonisba Anguissola, Pizkunde garaiko margolari italiarra, eta, haren alboan, Rosetta Tharpe, gospel abeslari eta gitarra jotzailea. Hainbat garai eta tokitako emakumeen artean, badira hamar euskal herritar ere: hala nola Maddalen Jauregiberri idazle zuberotarra, Remigia Etxarren funanbulista iruindarra, Camino Ozkoz irakasle errepublikanoa, Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarra...

Iruñeko Udalak sostengatu du egitasmoa, eta Variopintas taldeak hartu du haren ardura. «Tatuajegile bat, irakasle bat, arkitektoa, idazlea, diseinatzaile grafikoa, ilustratzaileak... Askotarikoak gara, baina berez mundu artistikoak batzen gaituen zortzi lagun gara». Halaxe deskribatzen du bere burua Gabriela Barrios taldeko kideetako batek Tea en la azotea izen artistikoarekin ematen du bere lana ezagutzera Barriosek. Duela bizpahiru urte, taldeko kide guztien artean «akordeoi baten moduan tolestu zitezkeen irudiz osatutako bidaia koaderno bat» osatu zuten. Orain, ideia hori bera Aitzindarien Bidea muralera eraman nahi izan dute. Haiek aukeratu dituzte 47 emakumeak.

Ezuste desatsegina

Hormak ustekabe desatsegina utzi die oraingoan. Bart gauean, oraindik margotzeko geratzen den muralaren azken zatian, grafitiak agertu dira. Bederen, margotutako murala ez dute ukitu. Ziurrenik, gauaren iluntasunean, egileek ez diete erreparatu horman arkatzez marraztutako irudiei. Izan ere, hori izan da Variopintas taldeak erabili duen metodoa. «Proportzioak zainduz, eskala txikian zirriborroa marraztu genuen», azaldu du Itziar Goñi taldeko kideak. Ondoren, azaroan, bizpahiru gauez, enpresa batek egindako argi proiekzioen bitartez, paperean marraztutakoa hormara eraman zuten: «Badago muralak zuzenean margotzen dituen jendea, baina gutako batzuk ez gara profesionalak, eta nahiago izan dugu horrela egin. Marrazkia ez da guztiz zehatza, baina gero horman, zuzendu egiten dugu», zehaztu du Goñik.

Kide bakoitzari emakume batzuk egokitu zaizkio: « Gutako bakoitzak gure ikuspegia eta estiloa ezartzeko askatasuna izan dugu», azaldu du Mila Garcia Similarte estudioko ordezkari eta Variopintas taldeko kideak. Haren ustez, irudiak ez dira emakumeen erretratu fidelak, sormenetik egindako interpretazioak baizik.

Era berean, argi izan dute aniztasun horrek irizpide batzuk gorde behar zituela, «jarraitutatasun eta estilo bateratu bat» emateko muralari, irudien arteko loturak sortuz, andreen proportzioak gordez eta koloreak koherentziaz eta neurrian erabiliz. Hala, 150 metroko zabaleran, pareta hiru zatitan bereizi dute lehena, kolore biziak; bigarrena, kolore berdeak; eta hirugarrena, hotzak edo urdinak: «Guztietan kolore finkoak erabili ditugu: gorria ezpainak marrazteko, azalaren kolore bateratu bat, zuria eta beltza, eta, azkenik, morea eta lila, emakumeen sinbolo direlako», dio Barriosek.

Larunbatero tailerrak egin dituzte, murala nola egiten den azaltzeko, eta emakume aitzindari horiek nortzuk izan ziren azaltzeko. Parte hartzaileetako bat da Idoia Olleta: «Gozamena da emakumeak protagonista dituen proiektu batean parte hartzea. Txikitatik izan dut gustuko margotzea, eta amets bat da handian margotu ahal izatea».

Ingurutik jendea igarotzen da,eta interesez erreparatzen diote lanari: «Paseoan edo zuzenean ikustera datozenak hurbiltzen zaizkigu, eta zoriontzen gaituzte. Erantzuna oso polita da», aipatu du Itziar Goñik. Tailerrak urte amaieran amaitzea espero da, baina aurreko hiru larunbatetan eguraldi txarragatik bertan behera geratu direnez, luzatzea espero dute. Murala amaitzen denean, emakumeen izen-abizenak eta QR kode bat jarriko dituzte. Hori baita azken xedea: aitzindarien irudien haritik tiraka, emakumeok anonimotasunetik ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.