Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Azken txanpan, mezu trinkoa

Asironek adierazi du Iruñean lehen indarra izateko «500 boto falta» dituztela. UPNk dio boto emaile asko PSNrekin haserre daudela. Barkosek salatu du «inkesten gerra» egon dela kanpainan

Uxue Barkosen arabera, igandetik aurrerako agertoki horretan «giltzarri» izango da Geroa Bai. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Alea iacta est. Zirt edo zart, azterketa irakaslearen mahai gainean uzten duten ikasleen gisan, alderdiek atzo amaitu zuten kanpaina. Gelditu da erlojua, eta bihar herritarrei dagokie aukeratzea hurrengo lau urteetarako Nafarroako Parlamentuko ordezkariak eta udalerrietako zinegotziak. Atzo, kanpainako azken egunean, oraindik ere duda-mudan direnengana zuzendu ziren alderdiak, jakinik erabat konbentzituta direnek nekez aldatuko dutela erabakia. Azken ahalegin horretan, kanpainak iraun duen bi asteotako mezua trinkotu zuten alderdiek, bakoitzak bere proiektuaren baliagarritasuna nabarmendu nahirik.

EH BILDU

Koalizio abertzaleak Iruñeko Tres Reyes hotelean burutu zuen kanpaina, baina, goizean, Foruen monumentu aurrean egin zuten kanpainaren balorazioa Laura Aznal lehendakarigaiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaiak.

Asironen arabera, oraintxe bertan lehia estua dago nor izango den lehen indarra Iruñean. «Badakigu gertu gaudela, eta baieztatu ahal izan dugu 500 boto falta ditugula lehen indarra izateko». Dena den, ohartarazi zuen PSNk UPNren udal gobernua aldatzeko «aukera historikoa» mehatxatzen duela. Ondorioz, haren irudiko, EH Bildu da aldaketarako«berme bakarra».

Bihar gauean, lehen indar izatea lortuz gero, ezkerreko talde guztiak gonbidatuko ditu elkarrizketara. Aurreratu zuen UPNren atzetik baina gainerako indar aurrerakoien aurretik geratuz gero ekainaren 17ko kargua hartzean bere hautagaitza aurkeztuko duela: «Ez dut ulertzen PSNren jarrera, bidelagun leial izan garenoi bidea itxi nahi digu. Erantzun beharko lukete zergatik Madrilgo gobernuarentzat edo Nafarroako Gobernuarentzat ona dena ez den ona Iruñearentzat».

Aznalek asteotan 80 ekitaldi inguru egin ditu, eta herriz herri jendea «pozik» nabaritu du. Aznalek uste du Nafarroako Gobernuan zein udaletan «ezinbesteko» izaten jarraituko duela gobernu aurrerakoiak osatzeko. Igandetik aurrera sortuko den agertoki politikoari begira, bere irizpidea laburbildu zuen:«Gehiengoak osatzeko bidea argia da, jendearen borondatea errespetatzea eta erakunde guztietan boto gehien lortu duen indarrak lidergoa hartzea. Hori da gure konpromisoa eta bidea».

UPN

Tuteran eman zion amaiera UPNk, eta goizean udaletxe aurrean hitz egin zuten Javier Esparza lehendakarigaiak eta Cristina Ibarrola alkategaiak. Esparzaren arabera, Txibitek duela lau urte zin egin zuen ez zuela EH Bildurekin itunik egingo, eta boto emaile horiei «iruzur egin zien». Ziur dago horietako askoren botoa jasoko duela. «Orain ezin dute inor engainatu. Iruñean eta Nafarroan PSNri botoa ematen dionak badaki EH Bildurekin akordioak egiteari emango diola baiezkoa».

Eskuin edo eskuin muturreko beste alderdiei botoa eman nahi dietenei zalantzaren harra piztu nahi izan zien, udaletan zein Nafarroako Gobernuan agintzeko alternatiba bakarra dela aldarrikatuz: «EH Bilduk eta PSNk onartu dute komeni zaiela eskuinaren botoa sakabanatzea. Boto emaile horiek jakin behar dute PPri, Ciudadanosi edo Vox-i botoa ematea Asironi eta Txibiteri oparia egitea dela».

Azkenik ohartarazi zuen orain ez dagoela jokoan Espainian «Sanchezek edo Feijook» gobernatuko ote duten, baizik eta erabakiko dela Nafarroaren etorkizuna. Nafarroak okerrera egin duela pentsatzen dutenei UPNri konfiantza botoa eskaintzeko eskatu zien.

Ibarrolaren arabera, Iruñean bi eredu daude aurrez aurre. Haren ikuspegitik, UPNrena «hiri irekia eta aurrerakoia» da, eta EH Bildurena, aldiz, «grisa eta proiektu ororen aurkakoa». UPNren alkategaiak ohartarazi zuen EH Bilduren estrategiak «mezua leuntzea eta banderak ezkutatzea» bilatu duela. «Sakonean, baina, ez dira aldatu, eta gure ereduaren beste muturrean daude». Horrekin bat egiten ez dutenen botoa eskatu zuen.

GEROA BAI

Goizean, Iruñeko egoitzan egin zuen kanpainaren balorazioa, eta, arratsaldean, udaletxe plazan amaitu zuten kanpaina. Uxue Barkos lehendakarigaiaren arabera, «inoiz ez bezala, inkesten gerra bat» egon da kanpainan. Emaitzek beste alderdien interesei erantzun dietela uste badu ere, kalean bestelako pertzepzioa jaso dutela nabarmendu zuen.

Barkosen arabera, igandetik aurrera izango den agertoki horretan «giltzarri» izango da Geroa Bai, eta elkarrizketa politiko horretan funtsezko rola jokatuko duelakoan dago. «Herritarrek erabaki beharko dute hurrengo lehendakaria Maria Txibite izango den, edo Uxue Barkos». Haren irudiko, jokoan dago Nafarroako Gobernuak inertziaz jokatzen jarraitzea, PSNren lidergoarekin gertatu den bezala; edo iragan legealdiko aldaketari «beste bultzada bat emango ote zaion», Geroa Bairi esker.

Udaletan ere, espero du aldaketak abiadura berreskuratzea eta PSNk ez errepikatzea 2019ko jokaldia. Kanpainan, koalizioak PSN estutu du, eta sozialistek konpromisoa hartu dute Geroa Bai «lehen indar aurrerakoia izanez gero» haren hautagaitza babestuko dutela. Eguesibarko Udalean, adibidez, kontrakoa gertatu zen duela lau urte —Navarra Sumaren atzetik geratu zen Geroa Bai, baina PSNk eskuineko hautagaiaren alde egin zuen, eta hari eman zion alkatetza—. «Poztu besterik ezin gara egin, eta aldarrikatu dugun ausardia hori berretsi baizik ezin dugu egin. Eta animatzen ditugu EH Bildu eta Zurekin Nafarroa PSNri exijitzera ausardiaz joka dezala».

PSN

Tuteran izan zen goizean Maria Txibite PSNren Nafarroako lehendakarigaia, kanpainako azken mezuak emanez. Arratsaldean, berriz, Elma Saiz alkategaiarekin batera, Iruñeko Baluarte jauregian amaitu zuten hauteskunde aurreko prozesua.

1990etik, hauteskundez hauteskunde, UPN izan da lehen indarra —2019an, Navarra Suma koalizioarekin aurkeztu zen—. Alta, Txibitek uste du oraingoan sorpasso-a egongo dela, eta 33 urtean lehen aldiz sozialistek aurrea hartuko diotela eskuineko alderdiari. Erronka garrantzitsua litzateke, kontuan harturik PSNren aurkako higaduran oinarritu duela kanpaina UPNk, neurri handi batean.

Bi asteotan egin bezala, Maria Txibitek «elkarrizketaren alderdi gisa» aurkeztu zuen PSN. «Gure helburua da hauteskundeak irabaztea, hurrengo gobernua gidatzea, babes eta indar handiagorekin, kanpoko menpekotasunik gabe». Hala, Txibiteren nahia da EH Bilduren menpeko ez izatea, ez gobernuan, ez udaletan ere: «Proposatzen dugu eraiki beharreko akordioak gobernua osatzen dugun hiru indarren artean egitea, eta babes handiena duenak izatea lidergoa». Nahi hori gauzatzeak mesede egingo lioke PSNri.

ZUREKIN NAFARROA

Begoña Alfaro koalizioko lehendakarigaiak Ezker Batuaren egoitzan egin zuen agerraldia goizean, eta Tuteran egin zuen azken ekitaldi politikoa arratsean. Haren arabera, kanpaina amaieran sentipen «gazi-gozoa» geratu zaio. «Gure proposamenak eta proiektua ezagutarazten ahalegindu gara, baina maiz aurrean lokatz politikoa nagusitu da». Alfaroren arabera, jokabide hori arriskutsua da herritarrengan «politikarekiko atxikimendu falta eragiten duelako eta politikari guztiak berdinak direla dioen eskuin muturraren mezua hauspotzen duelako».

Dena den, koalizioak «sentsazio onak» ditu eta argi dute biharamunean herritarren kezka nagusi diren hiru gaien gaineko akordioak bilatuko dituztela: enplegua, osasun publikoaren defentsa eta etxebizitza.

PP

PPren Iruñeko egoitza aurrean eman zioten amaiera kanpainari Javier Garcia lehendakarigaiak eta Carlos Garcia Adanero Iruñeko alkategaiak, Cuca Gamarra idazkari nagusiarekin batera. Garciak dei egin zien eskuineko boto emaileei «beldurrik eta konplexurik gabe» botoa ematera. UPNren mezuaren jakitun, Garciak nabarmendu zuen PP dela eremu horren «alternatiba bakarra». UPN egin zuen Navarra Sumaren hausturaren erantzule, eta sozialistekin hitzartu nahi izatea aurpegiratu zion Esparzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.