Hiru egunez aterpean, eta gero zer?

Hirian babesik gabe bizi diren migratzaileei arta emateko sarea iaz eratu zuten Donostian. Etxebizitzarekin lotutako arazoekin laguntzen diete sarri, eta lege kontuekin lotutako aholkuak ere ematen dizkiete. Instituzioen inplikazioa urria dela diote.
Atzean, Abdoulaye Sarr; aurrean, Jaouad Aouraghr eta Garazi Montuschi.
Atzean, Abdoulaye Sarr; aurrean, Jaouad Aouraghr eta Garazi Montuschi. ANDONI CANELLADA / FOKU

Laida Goiburu Agirre -

2019ko abuztuak 20

Urtebete daramagu lanean, baina ezin gara denera iritsi; pertsona bakarrari laguntzeak denbora asko eskatzen du». Donostian kale gorrian bizi diren migratzaileei arta emateko iaz sortu zuten Hiritarron Harrera Sarea; taldeko kide Garazi Montuschiren hitzek adierazten dute laguntza emateko zailtasuna. Gipuzkoako hiriburura pertsona migratzaile eta errefuxiatu asko iritsi ziren lehengo urtean; hainbat Europako Batasuneko beste herrialde batzuetara joateko asmoz heldu ziren, eta beste hainbat, bertan geratzeko planarekin. Haien guztien premiei erreparatuta sortu zuten sarea.

Izan ere, baliabiderik gabe egoten dira migratzaile asko; autobus edo tren geltokietan lo egin beharrean ere izaten dira askotan. Egoera horiek salatzea da babes taldearen helburuetako bat. «Izan ere, erakundeek egiten dutena ez da nahikoa», adierazi du Montuschik. Boluntarioz osatutako taldea da, baina argi dute migratzaileen arta ez litzatekeela herritarren ardura bakarrik izan behar. Premian diren migratzaileek dituzten zailtasunak salatzeaz gain, informazioa ematen diete haiei lege egoerari buruz, eta hori erregulatzeko baliabideak ere eskaintzen dizkiete. «Beharren arabera, aldatuz joan gara, eta, orain, gazte magrebtarrekin egiten dugu lan batik bat, baina baita hemen geratu ziren afrikarrekin ere». Montuschik salatu du «egoera kalteberan» dauden gazteak direla denak ere: «Babesa, entzutea, denbora pasatzea... Horiek guztiak oso garrantzitsuak izan daitezke beraientzat». Hiriko eragileen laguntza eta sostengua eskertu ditu, baina, halere, argi du ez dela soilik herritarrek egiteko lana: «Diputazioak kudeatu beharko luke egoera».

Lekukotasun askotarikoak jaso daitezke sarean. Duela urtebete iritsi zen, adibidez, Abdoulaye Sarr Euskal Herrira. 24 urte ditu. «Senegaldik Marokora hegazkinez joan nintzen; nuen guztia saldu nuen horretarako. Marokotik Algeciraserako bidea, berriz, txalupa batean egin nuen». Espainiako kostara iritsi, eta bost egun eman zituen kiroldegi batean, «beste 700 migratzailerekin edo». Hortik, Bilborako autobusa hartu zuen. Orain, Donostian bizi da, beste lauzpabost migratzailerekin.

Jaouad Aouraghrek 19 urte ditu, eta Marokokoa da jaiotzez. Zortzi hilabete daramatza Donostian. Espainiara iritsi berri, Melillako adingabeen zentroan pasatu zituen bi urte, eta, ondoren, Malagara joan zen senide batzuekin. Donostiarako bidea hartzea erabaki zuen gero.

Paperak ohiko kezka dira. «Legearekin lotutako auziak giltzarri dira. Erroldatzea, adibidez, oso garrantzitsua da, gero erakuts dezaten hiru urte pasatu dituztela hemen». Migratzaile orok epeekin izaten dituzten kezkak hizpide ditu Montuschik. Eskubideak irabaziz joateko langak dira; izan ere, hiru urte egin behar izaten dituzte migratzaileek haien egoera administratiboa legeztatu ahal izateko. Erroldatzea izaten da aurreko urratsa, eta baliabide batzuetara heltzeko atea: «Adibidez, era horretan osasun txartela eska dezakete». Paperen kontua oso luzea da, gurpil zoro bat ia. Sarr ere hortxe sentitzen da sarri, ezin irten: «Hemengo politikak ezartzen du hiru urtez egon behar dudala bertan lan egiteko; nola iraungo dugu, bada, hiru urtean lanik egin gabe?».

Sareak Donostiako Udalarekin elkarlanean jardun du hainbat alorretan. GLUZ Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuko taldearekin kolaborazio «interesgarria» izan dutela esan du Montuschik, eta laguntza batzuk bideratu dituztela: «Lan Partekatuaren Plana sustatzeko laguntzak lortu ditugu, adibidez, eta oso pozik gaude horrekin». Diru laguntzak lortzeko era ekarri die horrek hainbat migratzaileri, baina, hala ere, ez dira aski Donostiaren gisako hiri batean bizitzeko: «250 euro dira, eta egun oso zaila da diru horrekin pisu bat eskuratzea Donostian; are zailagoa da beraientzat, arrazakeria eta xenofobia kontuengatik». Burokraziak egoera okertu egiten du sarri askotan. «Lege trabak daude, eta, batez ere, oso luzea da. Paper bat behar duzu beste paper bat lortzeko».

Sareak ez du nahi beste eragileek egiten duten lana errepikatzea: «Ez dugu lana bikoiztea nahi, beste behar batzuei erantzuna ematea baizik». Izan ere, baliabide askotarikoak ematen dituzten hainbat eragile daude, gehienak boluntarioen bidez kudeatuak. Horren ondorioz, leku sakabanatuetara jo behar dute premian direnek baliabideak lortzeko: «Caritasen, bazkaldu, Ategorrietan; dutxak, Grosen; gero agian lotara, Tolosako aterpetxera... Baina hara joateko baliabiderik ere ez dute izaten sarri», azaldu du Montuschik. Egoera horrek eragina izaten du erabiltzaileengan: «Estres psikologikoa da».

Toki bila

Iristean, aterpetxeetara joaten dira normalean migratzaileak, baina hiru egun igaro ditzakete soilik horietan; bost egun, bidaian jarraituko duten bidaiariak badira. Gaua bakarrik pasa dezakete aterpean; goizean, alde egin behar dute. Aouraghrek azaldu du egoteko tokien bila ibiltzen direla askotan, eta, adibidez, Tabakaleran elkartu izan direla: «Kalean geundenok han egoten ginen sarri; han elkartzen ginen gizarte langileekin: ekintzak egiteko, gure arazoez jarduteko, ilea ere moztu genezakeen, garbigailua jarri...». Herri mugimenduen babesa ere nabaria da. Txantxarreka eta Letaman gaztetxeek hainbat migratzaileri aterpe eman zieten lehengo urtean. Abdoulaye Sarr bi hilabetez egon zen Txantxarrekan. Baina zailtasunak dituzte toki horietan ere. «Gaztetxeetako egoera ere ez da erraza, Poliziak osasun arazoak egozten baititu», azaldu du Montuschik.

Eskura dituzten baliabideetan murgilduta daude migratzaile asko. Abdoulayek, adibidez, ontzi soldadura eta ostalaritza ikastaroak egin zituen Bilbon: «Paperak izatean, gehiago ikasi nahi dut; Senegalen ikasten nenbilen, eta hemen ikasten jarraitu nahi nuen, baina ezinezkoa da; helduentzako eskoletan DBH egin nahi dut, ondoren lanbide heziketa egin ahal izateko». Jaouadek ere ikastaroren bat egin nahi duela argi du: «Mekanika eta sukaldaritza gustatzen zaizkit». Helduentzako eskoletan dabil bera ere, gaztelania ikasten. Paperak eskuratzea du orain helburu: «Ondoren, lana bilatuko dut».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Sindikatuen agerraldia, gaur. ©BERRIA

Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Gotzon Hermosilla

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

Osasungintzako sindikatuen protestak. ©Gorka Rubio/FOKU

«Hitzetatik ekintzetara pasatzeko» eskatu diote sindikatuek Osakidetzari

Maria Ortega Zubiate

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun sistemaren egoera hobetzeko neurriak hartu ditzala eskatu diete Osakidetzari. Adierazi dute neurriak hartu ezean mobilizazioekin jarraituko dutela.

Hainbat ikasle, ikasgeletara sartzeko zain, Bilbon. ©Luis Jauregialtzo / Foku

32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian

Mikel O. Iribar

Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Uxue Rey Gorraiz

Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna