Santurtzin hilik topatutako adingabe baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza

Ostiralean zerraldo topatu zuten senideek. Ertzaintzak baieztatu du gorpuak kolpeak zituela eta litekeena dela horien ondorioz hil izana

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ertzaintza 15 urteko gazte baten heriotza ikertzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo arratsaldean jakinarazi zuenez. Adingabea Santurtzin (Bizkaia) bizi zen, eta haren senideek ostiralean topatu zuten etxean zerraldo, ohean. Gorpuak kolpe ugari zituen, eta litekeena da kolpe horien ondorioz hil izana. Beraz, Ertzaintzaren hipotesia da homizidio kasu bat izan dela.

EITB irrati telebista publikoak zabaldutakoaren arabera, adingabea izeba batekin bizi zen Santurtziko Kabiezes auzoko etxebizitza batean. Jaiak dira bertan, eta gaztea lagunekin irten zen gauean. Goizean jaikitzen ez zela ikusita, izeba hura esnatzera joan zen, baina, esnatzen ez zela ikusita, larrialdi zerbitzuetara jo zuen. Anbulantzia bat etxera joan zen, baina ezin izan zuten gaztea suspertu. Bertara joandako sendagileak antzeman zuen gazteak kolpe ugari zituela.

Heriotza zerk eragin zuen ezin argituta, protokoloa aktibatu zuten, eta Bilboko Auzitegi Medikuntzako Zerbitzuaren esku utzi zuten gorpua, autopsia egiteko. Horren emaitzaren arabera, bortxazko heriotza izan da adingabearena, eraso baten ondoriozkoa. Hori dela eta, Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.