Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Vinicius, Tina eta Sabino

Jose Mari Pastor -

2023ko maiatzak 27

Vinicius iraindu dute eta arrazakeriaren gaia sartu zaigu hauteskunde kanpainan. Bete-betean. Isabel Díaz Ayusok arrazista deitu dio EAJri. Lasai bota du —Urkullu eta Ortuzar Mestalla-n zeuden?—. Eta Tina Turner hil da.

Politikariren batek kantariaren bidea goratu du Espainian. Hemen ez. You are simply the best? Gureek ez dute halako arinkeriarik egingo. Gutarrek, are gutxiago. Euskaldunak gara, izan eta joka dezagun serios, mesedez. Oviedon bere buruaz beste egin dute bi ahizpa nerabek. Kanpaina egun batez gelditu dute Asturias-en. Gurean, emakume bat hil dute Orion eta Julio Iglesias-en ahaire delizios hura aditu dugu airean: unas que nacen, otras morirán. La vida sigue igual. ETAren biktimek kanpaina etetea merezi zuten. Ama xume batek, ez, antza. Gipuzkoan, hilketa izan den probintzian, ere ez.

Kanpaina bitxia izan dugu. Eta zikina. Gure datuak ageri-agerikoak izango balira, zenbat pisu, etxe eta txaleten jabe garen, sorpresa ederra hartuko lukete boto-emaile batek baino gehiagok. Eta bazterrak nahasi nahian zarataka ibili direnak apalago egongo lirateke, seguruena. Bat baino gehiago. Beraz, hobe dugu, hobe dute isildu.

Kanpainako lehen astean Bilduren zerrendak izan ditugu hizpide. Real Madril taldeko jokalariari Valentzian gertatuak izan du oihartzuna bigarrenean. Oscar Camps-ek, Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzaileak, hausnarketa bikaina hedatu du sare sozialetan: «Arrazakeriak soilik aberatsei eta famatuei eragiten dienean eskandalizatzen gaitu, baina inoiz ez pobreei eragiten dienean. Horrek gizarte moduan definitzen gaitu. Jaiotzen garenean inor ez dugu azalaren koloreagatik gorrotatzen. Gorrotatzen ikasten dugun bezala errespetatzen irakatsi beharko genuke».

Arrazakeria dago Espainian? Bai. Eta Euskal Herrian? Ez dut uste horretan beste edonon baino hobeak garenik. Gauza bat da jokalari aberats ezagun bat kameren aurrean ez iraintzea. Eta beste bat beltz bat dagoen eserleku publikoan, eguzkitan, esertzea. Batez ere, Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun horietako bat bada. Will Smith-en ondoan Moiua plazako banku batean? Why not? Eta, gainera, autografo bat eskatuko diogu.

Arrazakeria ez da erraz joango. Birus bat da, gure barnean latente dagoena. Nahitaezkoa da birus horri begira, adi bizitzea, Albert Camus-ek izurriari aurre egiteko esan zuen modu berean. Kanpainek eta zigorrek lagun dezakete, baina horrek bakarrik ez du arazoa konponduko. Kale erdian jende aurrean inor iraindu edo erasotzea eragotziko dizu. Ez da gutxi. Baina barru-barruan azalaren koloreagatik pertsona hori baino gehiago zarela pentsatu eta ezaugarri horregatik mespretxatzen baduzu...

Arrazismoaren mamua xaxatu du Madrilgo presidente ez arrazistak. Eta ateraldia irakurri dugu egunkari espainiar batean: Sabino Arana futbol-zelaira joango balitz, inoiz ez litzateke partidarik jokatuko. Ezin jakin Sabino Arana egun futbolzalea izango ote litzatekeen —izatekotan, Athleticzalea, seguru— edo Tina Turnerren kantak entzungo ote lituzkeen. Gustu kontua da hori. Pentsatu nahi dut ez lukeela partida bertan behera uzteko moduko jokaera izango. Dena den, argi dago Espainian ez dutela Sabino Aranaren itzala behar arrazistak izateko, Ayusok hori ahaztuagatik ere. Logroñoko kaleetan Zourdine Thior euskaldunari tximino deitzen diotenek ez, bederen.

Umetan Santurtziko portura joaten ginen, itsasontzietan sartu eta marinelekin egoteko. Kolore guztietako itsasgizon haiei geure helbidea ematen genien, urrutitik postalak bidal ziezazkiguten —inozo galantak gu!—. Kontrol handirik ez zen sartu-irtenean. Guardia zibilak —artean karabineroak deitzen genien— apenas mugitzen ziren haien postutik. Langileek ez ziguten trabarik egiten. Aholku bakarra ematen ziguten: «Inoiz ez sartu beltzen eta greziarren ontzietan». Egun batean, Arrueren koadroetatik irteniko gizon batek nongoa nintzen galdetu zidan. Erantzunak ez zuen asebete: «Baina zure gurasoak ez, ezta?».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©Bob Edme

Mixel Oronoz euskaltzalea zendu da

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izan zen urteetan. 88 urte zituen.

Eraso matxisten aurkako elkarretaratze bat Iruñean ©Jagoba Manterola/ Foku

22 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, bi adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Berria

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, biktimek jasandako sexu eraso jarraituan larderia egon zen, etxean jasandako «zapalkuntzagatik». Aurrez epaitegiek ezarritako zigorra urtebete eta hiru hilabete handitu dio.

ELAk eta LABek gaur goizean egindako agerraldia, Gasteizen. ©Endika Portillo/FOKU

Zortzi greba egunera deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan

Maixa Utrera Puelles

ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuzteetara: urrian, azaroan eta abenduan izango dira. Araban «hitzarmen duin» bat ezartzea dute helburu, langileen lan baldintzak eta soldatak hobetu daitezen.

Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalea. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estellerriko osasun publikoa «desegiten» ari direla salatu du LABek

Ion Orzaiz

Sindikatuaren ustez, Garcia Orkoien ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzua itxi izanak agerian utzi du arduradunen «utzikeria»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.