Ikama aurkeztu dute, «martxan dagoen ikasleriaren» lanabesa

Elizondon egin dute aurkezpena. Euskal Herriko hezkuntza eredua «irauli»eta beste hezkuntza egitasmo bat «eraikitzeko» elkartu dira

Ikasleen aurkezpena, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatuko den ikasle antolakundea da esku artean daukaguna, Ikama ikasle antolakundea». Era horretan aurkeztu zuten ikasleen ordezkariek atzo, Elizondon (Nafarroa),«martxan dagoen ikasleriaren» lanabes berria. «Euskal eskola herritar eta burujabea da gure zerumuga, ikasleak erdigunean izango dituen eta herritik eta herriarentzat kudeatua izango den egitasmo burujabe, nazional, publiko eta askatzailea. Helburu horretarantz baina gure egunerokoa eraldatuz egiten dugu lan; batak bestea ekarriko duen susmo irmoa baitaukagu», adierazi zuten.

Beren jardunak hiru habe izango dituela adierazi zuten. «Lehenik, ikasleria subjektu politiko den heinean hitza eta erabakia gureak direla aldarrikatzen dugu, eta jarrera horrekin jardungo dugu. Bigarrenik, herritik eta herriarentzat egingo dugu lan; hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean, gurea ez baita subjektu isolatu bat». Hirugarrenik, jardun hori guztia «nazio eta herri eraikuntzaren barruan» egiteko konpromisoa agerian utzi zuten.

Ikasturtea hasi berria da, eta hasiera horren inguruan agintarien «utzikeria eta inprobisazioa» ikusi dituztela esan zuten. «Lotsagarria da gertatzen ari dena, eta ezin dugu egoera hau onartu». Horiek horrela, irailaren 15erako sektorean eginda dagoen greba deialdiarekin bat egingo dute: «Ezinbestekoa deritzogu kaleak hartzeari guztiok batera egoera alda dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.