Gernikako estatutuak 41 urte bete ditu, aldatzearen aldeko aldarri artean

EAJk eta EH Bilduk «estatus berria» behar dela nabarmendu dute. PPk eta PSE-EEk baino ez dituzte antolatu urteurrena ospatzeko ekitaldiak

PPko kideak, atzo, Gernikan. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gaur 41 urte beteko dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, azken urteetan bezala, ospakizun handirik gabe eta hura aldatu edo gainditu behar dela dioten mezu artean iritsi da urteurrena. EAJk eta EH Bilduk berriro nabarmendu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «estatus berria» behar dutela, eta Elkarrekin Podemos ere estatutua aldatzearen alde mintzatu da. PSE-EEk eta PPk baino ez dituzte urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu.

EAJren Maria Eugenia Arrizabalagak esan du bere alderdiak «balioa» aitortzen diola Gernikako Estatutuari «herri honen instituzionalizazioa ahalbidetu duelako», baina erantsi du estatus berria behar dela. Haren ustez, «bitxia» da estatutuaren urteurrena ospatzen duten alderdiak izatea «hura betetzeko borondate gutxien izan dutenak».

EH Bilduko Iker Casanovak esan du bere koalizioan bat egiten dutela hasieratik estatutuarekin kritiko izan zirenek eta estatutuaren alde lan egin zutenek, baina gaur egun denek uste dute «agortutako tresna» dela.

EPko Pilar Garrido estatutua berritzearen alde agertu da, «autogobernu eredu demokratikoago batean sakontzeko».

Ekitaldiak Gernikan

PPk eta PSE-EEk ekitaldiak antolatu dituzte Gernikako Batzar Etxean (Bizkaia), estatutuaren urteurrena ospatzeko. PPrena atzo izan zen, eta han, alderdiko presidente Carlos Iturgaizek esan zuen estatutua dela «euskal herritarren arteko bizikidetzaren grabitate zentroa», baina orain estatutuak EAJ duela «mehatxu handiena».

PSE-EEk, berriz, gaur egingo du ospakizun ekitaldia, eta Idoia Mendiak eta Mikel Torresek parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.