Jauzi «kualitatibo» bat egiteko asmoz hasi du Uemak legealdi berria

Mankomunitateko lehendakari kargua hartu du Elgetako alkateak, Iraitz Lazkanok. Udalerri euskaldunen eremua zabaltzea dute xedeen artean

Uemaren batzar nagusia, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak zuzendaritza berria aukeratu du Getarian (Gipuzkoa) egin duen batzar orokorrean. Iraitz Lazkano Elgetako (Gipuzkoa) alkatea aukeratu dute elkarteko lehendakari, 2019-2023ko aldirako. Presidenteorde kargua Aritz Abaro Bermeoko alkateak hartu du. Lazkano eta Abaroarekin batera, beste bederatzi kidek osatuko dute zuzendaritza taldea. Kargua hartu berri, abiatua den agintaldiak «jauzi kualitatiboa egiteko eta urrats sendoak egiteko» aldia izan behar duela adierazi zuen Lazkanok. «Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira», nabarmendu du. «Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere».

Udalerri euskaldunen eremua zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzea izango da agintaldi berriko erronketako bat. Alde horretatik, datozen hilabeteotan Uemara sartzeko asmoa agertu dute hainbat udalek. Egun, 86 udalerri dira Uemako kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko eremu euskalduna osatzen dute. Lazkanok garrantzia aitortu dio udalerri euskadunen garapenerako herri txikiek egin dezaketen ekarpenari. «Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.