Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Atez ateko galdeketa zabal bat hasiko dute Katalunia osoan

Samara Velte.
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Eskoziako ereduari jarraituz, atez ateko iritzi bilketa hasiko du Ara es l'hora kanpainak. Boluntario taldeak auzo eta herrietara igorriz, herritarrekin zuzenean harremanean jartzea da asmoa, Katalunia independentetik zer esperoko luketen jakiteko. Aste honetan hainbat proba egin dituzte herri txikiagoetan, eta gaur hasiko dute kanpaina ofiziala. Besteak beste, Badalonan eta Gironan egingo dute gigaenquesta delakoa, «galdeketa erraldoia».

ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Cultural erakundeek sustatutako kanpaina independentista zabala da Ara es l'hora; azken urteotako herri mobilizazio handienen sostengu nagusietakoa izan da, besteak beste, Diada eguneko manifestazioena. Denborarekin, babes politiko zabala lortu du. Gaur, esate baterako, hainbat pertsona ezagunek hartuko dute parte inkesta erraldoiaren hasieran; kultur munduko jendeaz gain, CDCko, ERCko eta CUPeko parlamentariak egongo dira Badalonako ekitaldian, eta ICV eta Unioko ordezkariak ere azalduko direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Denera 8.000 boluntario inguru arituko dira atez ate iritziak biltzen. Azaroaren 9rako ehun mila bildu nahi ditu kanpainak, herri galdeketa antolatzen eta aurrera eramaten laguntzeko.

%70 galdeketaren alde

Generalitataren menpeko CEO erakundeak kontsultari buruzko inkesta bat egin du aste honetan, parlamentuko politika orokorreko eztabaidaren ostean. Emaitzen arabera, Kataluniako herritarren %70,8k nahi dute azaroaren 9an independentziari buruzko galdeketa egitea; %22,9 daude aurka. Iazko datuen antzekoak dira. Alderdika, galdeketa gehien babesten duten taldeak CiU (%97,1), ICV (%96,9), ERC (%96,8) eta CUP (%95,7) dira. PSC erdibituta ageri da: %41,3 alde daude, eta %53,5 aurka. PPn denak azaldu dira kontsultaren kontra, eta Ciutadansen, %61,9. Podemos ere kontuan hartu dute: haren boto-emaileen %67,7 omen daude alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.