Koronabirusa

Basurtuko eta Txagorritxuko agerraldiak ikertzen ari da Osakidetza

Hamar pertsona kutsatu dira Basurtun, eta lau Txagorritxun. Gaitza nola hartu duten aztertzen ari dira. Bisitetako segurtasun neurriak handitzea hausnartzen ari da Jaurlaritza

Basurtuko ospitalean ere agerraldi bat izan dela jakinarazi duen atzo Murgak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Konfinamendua arintzeko neurriek aurrera egin ahala, «normaltasun berriaren» gainean izan da koronabirusaren balizko agerraldien itzala. Eta, azkenean, agertu dira kezkatzeko moduko kutsatzeak, hain zuzen, osasun zentroetan, eta zehatzago, pandemiaren hasieran estu ibilitako bi ospitaletan: Txagorritxun (Gasteiz) eta Basurtun (Bilbo). Eusko Jaurlaritzak igandean jakinarazi zuen Txagorritxun hiru pertsonak hartu zutela gaitza, eta atzo, azalpenak emateko prentsaurrekoan, laugarren kutsatu bat ere bazela zehaztu zuen Nekane Murga Osasun sailburuak. Baina beste agerraldi handiago baten berri ere eman zuen: Basurtuko erietxean hamar pertsonak hartu berri dute COVID-19a: zortzi gaixok eta bi osasun langilek. Zer gertatu den ikertzen ari da Osakidetza.

Ospitaleratuta zeuden pazienteetan hasi da kutsatze katea: Txagorritxun bat atzeman dute, eta Basurtun, bi. Murgak azaldu duenez, eriak bakartu egin dituzte, eta langileen zein bisiten artean izandako kontaktuak identifikatu dituzte. Horien artean, 81 PCR proba egin dituzte Txagorritxun, eta hiru positibo izan dira: erizain bat, beste paziente bat eta bigarren eriari bisitan joandako pertsona bat. Sukarra izan duten pazienteei ere proba egin diete, baina negatibo eman dute. 23 pertsona bakartu dituzte. Basurtun, berriz, 90 proba baino gehiago egin dizkiete kutsatutako bi pazienteekin harremanetan egon direnei, eta beste zortzi positibo detektatu dituzte; guztira, zortzi erik eta bi langilek hartu dute birusa. Gaixoak COVID-19a dutenentzako zonara lekualdatu dituzte; sailburuak ez du zehaztu zenbat lagun dauden bakartuta.

Pazienteak nola kutsatu diren argitzen saiatzen ari da orain Osakidetza. Izan ere, aurrez negatibo eman zuten hirurek; Murgak gogora ekarri duenez, ospitaleratzeko unean PCR proba egiten diete eri guztiei, baita ebakuntza bat egin baino lehen ere: halako 4.000 azterketa baino gehiago egin dituzte maiatz erdialdetik erietxeetako jardunari berrekin ziotenetik. «Hala ere, badakigu infektatutako pertsona batek negatibo eman dezakeela denbora tarte batez eta gerora gaitza gara dezakeela, eta beste pertsona batzuk kutsatu». Beste bi bidetatik ere kutsa zitezkeela erantsi du: «Osasun langileen bidez edo bisiten bidez. Ikertzen ari gara».

Beste ospitaleren batean antzeko agerraldirik izan ote den galdetuta, ezetz erantzun du sailburuak: «Baliteke erietxe batzuetan pazienteak bakartzen aritzea, baina ez ditugu agerralditzat hartzen emaitzak dauzkagun arte; halakoren baten berri dugunean, informatu egingo dugu». Dena den, onartu du ospitaleak «haztegi» izan daitezkeela: «Jarduera guztiak berriro martxan jartzen ari gara, eta jabetzen gara tartean badirela immunoeskasia duten pertsona ugari, askotariko zaintzak behar dituztenak. Ez dago arriskurik gabeko egoerarik, baina gure protokoloek hesiak jarri behar dituzte». Ildo horretan, gogora ekarri du erietxeak ez daudela bakartuta, pazienteek bisitak jaso ditzaketelako: oro har, pertsona bakarra joaten zaie; ahal dela, beti bera. «Bisitetako segurtasun neurriak handitzea aztertzen ari gara, baina kontuan izan behar dugu pazienteen eskubidea dela bisitak jasotzea, are gehiago halako uneetan».

«Adi jarraitu»

Sailburuak nabarmendu du osasun sistemaren egitekoa dela COVID-19 kasuak ahalik eta azkarren detektatzea. Datu orokorrei begira, ohartarazi du pandemia «egonkor» dagoela, baina ez dela amaitu: «Koronabirusa gure gizartean dago oraindik, eta guk adi jarraitu behar dugu. Konfinamendua arintzeko baldintzak betetzen ditu Euskadik: gaur [atzo] hirugarren fasean sartu gara, mugitzeko eta harremanak izateko aukera dugu, baina segurtasun distantzia mantendu behar dugu, eta, ezin bada, maskara erabili».

Erietxeetako fokuak kezka eragin duen arren, azken orduetako datuek berretsi dute izurria egonkortzen ari dela. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo emandako zifren arabera, hamasei lagunek hartu dute koronabirusa: zazpi Bizkaian, sei Nafarroan eta bat Araban. Gainera, beste pertsona bat zendu da; guztira, 2.099 hildako utzi ditu COVID-19ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.