Albistea entzun

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena. Ekitaldiak

Martin Ugalderen obra digitalizatuko dute, eta herritarren eskura jarri

Kazetari, idazle eta politikari abertzalea jaio zeneko urteurrenaren harira, datozen hilabeteetan hainbat jarduera egingo dituzte hura oroitzeko. Haren lana lehen lerrora ekartzea izango dute asmo

Aurkezpena, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. Ezkerretik eskuinera, Maider Lainez, Joanmari Larrarte, Bingen Zupiria eta Unai Ugalde.
Aurkezpena, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. Ezkerretik eskuinera, Maider Lainez, Joanmari Larrarte, Bingen Zupiria eta Unai Ugalde. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2021eko maiatzak 21 - Andoain

Martin Ugalderen (Andoain, Gipuzkoa, 1921 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2004) jaiotzaren mendeurrena beteko da aurten, eta, horren harira, hainbat jarduera egingo dituzte hura gogoratzeko. Horien artean nabarmenena izango da kazetari, idazle, politikari abertzale eta euskalgintzaren aldeko eragile izandakoaren obra digitalizatzea, webgune batean jasotzea, eta herritarren eskura jartzea, Joanmari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak iragarri duenez. Azarorako eduki nahi dituzte lan guztiak eginda horri dagokionez. «Horrekin borobildu nahiko genuke urteurrena». Ugalderen lanaren zatirik handiena Jakin-ek digitalizatu zuen, eta digitalizazio hartatik abiatuta ari dira lanean. 47 liburu idatzi zituen, 50 liburu zati, eta 1.500 artikulutik gora. «Martinek [Ugalde] lan handia egin zuen transmisioan, eta orain guri dagokigu haren lana transmititzea», azpimarratu zuen Larrartek atzo. Ugalderen lana ezagutaraztea eta, «bereziki», haren lana berriro lehen lerrora ekartzea dute helburu datozen hilabeteetan egingo dituzten jarduera horiek guztiek.

Jarduerak aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo, Andoainen (Gipuzkoa), Ugalderen jaioterrian, haren izena daraman kultur parkean. «Hemen egin zuen lan, hau Laborde Hermanos torloju lantegia zenean», oroitu zuen Larrartek. Parkean zegoen, hain zuzen, Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza nagusia. «Ezin ahaztu parkearen sustatzaile izandako Egunkaria-rekin zuen lotura». Mendeurrena sustatzen ari diren erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten atzoko agerraldian: Bingen Zupiriak (Eusko Jaurlaritza), Maider Lainezek (Andoaingo alkatea), Harkaitz Millanek (Gipuzkoako Diputazioa), Txomin Sagarzazuk (Hondarribiko alkatea), Lorea Agirrek (Jakin), Joxemari Sorsek (Elkar), Garbiñe Ubedak (Euskal Idazleen Elkartea) eta Beatriz Zabalondok (BERRIA Taldea).

Soslaia. Martin Ugalde, letrak bide

Hedabideen aurrean mintzatu ziren Zupiria, Lainez eta Unai Ugalde, omenduaren semea. Haren esanetan, aita atzo parkean egon izan balitz, hau galdetuko zukeen: «Zer? Erronka berriei aurre egingo diozue? Edo zeri buruz hitz egin behar dugu?». Adierazi zuen «Martinen proiektua», hasieratik, ez zela «proiektu pertsonal bat», eta ez zela epe laburreko proiektu bat. Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuarentzat, egokia da Ugalderen «itzalari» begiratzea: «Ugalderen oroitzapenak gure azken 100 urteotako historiaren oroitzapena dakarkigu. Haren bitartez, gure gaurko gizartea eta euskal mundua ulertzeko hainbat mugarri datozkigugogora». Mugarri horiek dira, Zupiriaren hitzetan, XX. mendearen hasierako euskal pizkundea, 1936ko gerra, diktadura, erbestea, itzulera, euskararen batasuna, euskarazko literaturaren berpizkundea, diktadura ondoko euskal prentsaren sorrera, politikarekiko konpromisoa eta euskarazko lehen egunkaria, besteak beste. Lainez Andoaingo alkateak gogoratu zuen, bestalde, Ugaldek «altxor bat» utzi zuela, «maitasunez», Andoaingo Udalaren esku: bere funtsa. «Obrak, agiritegi pribatua, bere liburutegia, oroigarriak...».

Egin direnak

Datozen hilabeteetarako prestatu dituztenen berri eman zuten atzo, baina oroitu zuten jada egin dituztela beste egitasmo batzuk Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren bueltan. Esaterako, Itsasargiak egitasmoan, Euskal Idazleen Elkarteak podcast bihurtu ditu Ugalderen Mantal urdina eta Gizontzarra ipuinak, Donostia Kulturaren laguntzarekin. Garbiñe Ubedak, Inazio Mujika Iraolak, Anjel Lertxundik, Garazi Kamiok, Koldo Izagirrek eta Arantxa Urretabizkaiak jarri dituzte ahotsak.

Gainera, joan den apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Ugalderen Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituzten Hondarribiko Zuloaga etxean, udalerri hartako udal liburutegiak antolatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Martin Villa auzipetu du Servini epaileak

Martin Villa auzipetu du Servini epaileak

Arantxa Iraola

1976ko Gasteizko hilketengatik eta German Rodriguezen hilketarengatik auzipetu du.

Gaur goizean Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek egindako bilera. ©@labsindikatua

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak etapa berri bat zabalduko du, ekinbidea «indartzeko» asmoarekin

Jone Arruabarrena

Sei hilabeteko epe bat zabalduko du, ekinbidean parte hartzen ez duten eragileek bertara batzeko aukera izan dezaten. Pandemiak utzi dituen ondorioei aurre egiteko sareak sendotu nahi ditu.

Batzen egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Babes sareko gazteak laneratzeko akuilu

Jone Bastida Alzuru

Batzen gazteak laneratzeko harrera sistema sortu dute. 500 lagunetik gora daude Gipuzkoako Foru Aldundiko babes eta inklusio sarean, eta horien sarbide soziolaborala du helburu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Igor Susaeta

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna