Osasun langileen protestak

Mobilizatzeko deia egin dute osasun langileek

Osakidetzaren «desegitea» salatzeko, sindikatuek manifestazioak egingo dituzte hilaren 25ean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Osasunbideko langileen baldintzak hobetzea galdegin dute, asteazkeneko grebaren atarian

Osasunbideko gehiengo sindikalak asteazkenerako deitua duen greban parte hartzeko deia ozendu zuten atzo, elkarretaratzeetan. LAB.
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Osasun sistema publikoa babesteko aldarria kalera aterako da datozen asteetan, eta mobilizaziootan parte hartzeko deia egin diete osasun langileek herritarrei ere. Osasunbideko gehiengo sindikalak asteazkenerako deitua duen grebaren atarian lan baldintza hobeak eskatzeko, elkarretaratze jendetsuak egin zituzten atzo Nafarroako ospitaleen eta osasun etxeen aurrean. Eta Osakidetzako beharginen ordezkariek ere iragarri zuten abenduan abiatutako mobilizazioen dinamika gogortuko dutela, eta otsailaren 25ean manifestazioak egingo dituztela Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Osasun sistema publiko biak «gain behera» doazela uste dute sindikatuek, eta hala, lan baldintza hobeak galdegin dituzte. Diagnostikoak antzekoak dira Osakidetzan eta Osasunbidean, eta hala dira eskaerak ere: lantaldeei behar duten neurria eman, osasun aurrekontua handitzea, karrera profesionala garatzea, eta azken hamar urteetan galdutako erosahalmena —%20tik gorakoa— berreskuratzea, besteak beste.

Iaz Osakidetzan lau greba egun egin ostean, mobilizazioei ekingo diete berriro ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk, eta oraingoan SME medikuen sindikatua batuko zaie —ESK-k ere bat egin du deialdiarekin—. Osasun sistema publikoa «desegiten» ari direla salatzeko, hilaren 25ean manifestazioak egingo dituzte, 12:00etan: Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik.

«Egiturazko arazoak»

Sindikatuok nabarmendu dute Osakidetzak «egiturazko arazoak» dituela, eta «kategoria profesional eta lurralde guztietan» eragiten dutela. Problema horiek bata bestearen atzetik zerrendatu dituzte Esther Saavedra ELAko kideak eta Amaia Mayor SATSEko ordezkariak. Batetik, prekaritatea, «osasun sistema publikoaren arazo handienetako bat». Gogoratu dute behin-behinekotasun tasa %50etik gorakoa dela24.000 langile inguru daude egoera horretan, plantilla ere «urria» dela, ordezkapenik ez dela beti egiten, eta ondorioz «gainkarga sistematikoa» dela.

Bestetik, murrizketak zerbitzuetan: hainbat EAG etengabeko arreta gune itxi dituzte, eta lehen mailako arretan ordutegi murrizketa handiak izaten dira, oporraldietan batez ere. Horri lotuta, gogora ekarri dute lehen arreta ataka larrian dela aspalditik, pandemiak egoera okertu egin duela, eta gainerako asistentzia mailetan ere hasiak direla horren ondorioak pairatzen: «Ospitaleko larrialdietan gero eta lan zama handiagoa dago».

Eta, azkenik, herritarren osasun arreta: irisgarritasuna eta kalitatea galtzen ari dela salatu dute. Hainbat datu eman dituzte: «Lehen arretako hitzorduek atzerapen handia dute; ospitaleko larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta eria gela batera eramateko epea bi egunera ere heltzen da; kanpo kontsulten zain dauden pazienteak duela sei urte halako sei dira, eta proba diagnostikoen zain daudenak, berriz, 2019an halako bi; kirurgiako itxaron zerrendak %36 handitu dira hiru urtean; eta Osakidetzak berak onartu du bularreko minbiziaren baheketetan 11 hilabeteko atzerapena dagoela». Osasun aseguru pribatuen gorakadarekin lotu dute hori sindikatuek: «Bizkaian hiru herritarretik batek kontratatu du».

Azken urteetan azaleratutako beheraldi hori konpontzeko borondaterik ez dute ikusten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean. Are, gobernuak kontrako norabidea hartua duela esan dute: «2023an osasun aurrekontua iazkoa baino hogei milioi euro txikiagoa izango da». Negoziatzeko esparrua, gainera, «guztiz blokeatuta» dagoela gaitzetsi du Mayorrek: «Inposizioaren bidea utzi behar dute, negoziatzera eseri, eta mahai sektoriala edukiz bete. Eta negoziatzeko eta erabakiak hartzeko eskumena duen norbaitek etorri behar du bileretara, azkenaldiko partaideek aitortu baitigute horretarako gaitasunik ere ez dutela. Euskadiko enpresa publiko handienaz ari gara: sailburuak berak etorri behar baldin badu, etor dadila».

Nafarroan, grebara

Nafarroan, berriz, grebara deitu dute LAB, ELA, SAE, CCOO eta UGT sindikatuek datorren asteazkenerako, Sindikatu Medikoa egiten ari den lanuzte mugagabetik bereizita. Astelehenean, dena den, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin bilduko dira: ez dute baztertu akordio bat erdiestea, baina ezta ere greba gehiago antolatzea.

LABeko Ivan Irisarrik eta SAEko Begoña Ruizek berretsi dute Osasunbideko «langile guztien» ordezkari direla, osagileenak barne, eta denentzat ari direla hobekuntzak eskatzen. Sindikatu Medikoarekin dituzten desadostasunei erreparatuta, adierazi dute esklusibotasun osagarria kobratu behar luketela eskakizun hori betetzen dutenek. «Pribatuan aritu nahi dutenek uko egin diezaiotela osagarriari», adierazi du Ruizek; «Osasungintza publikoa defendatzen dugun aldetik, esklusibotasuna marra gorri bat da guretzat. Hori kentzeak osasun sistema pribatuari baino ez lioke mesede egingo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.