«Berdintasuna oinarri» duen euskal errepublika babestu du EH Bilduk

Milatik gora herritar batu dira indar subiranistaren martxan, Donostian. Estitxu Elduaienek esan du «helburua gero eta gertuago» dutela

Manifestazio burua, atzo, Donostiako San Martin kalea zeharkatzen. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Kanoikada batekin hasi ohi da Aste Nagusia Donostian, baina festen hasieraren eguneko beste usadioetako bat da aurrez ezker abertzaleak eta aurten EH Bilduk antolatutako manifestazioa. Atzo, indar subiranistak deituta, mila herritar baino gehiago batu ziren Donostiako Artzain Onaren plazatik Zuloaga plazara bitarteko ibilbidean, Gora goaz. Euskal Errepublikarantz! lelopean, «berdintasunean oinarritutako euskal errepublika» bat babesteko.

17:00etan jarria zuten ordua, eta mobilizazioek izan ohi ez duten puntualtasunarekin abiatu zen martxaren burua. Joandakoen artean zeuden Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohi eta foru hauteskundeetan EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu izandakoa, besteak beste. Festen atarian eginiko mobilizazioa izanik, kalejiraren tankera eman zioten martxari, eta jai giroan zeharkatu zituzten San Martin eta Argentinako Errepublika kaleak, euskal presoak etxeratzearen eta independentziaren alde oihu eginez.

Martxa Zuloaga plazara heltzean egin zuten amaierako ekitaldia, eta Estitxu Elduaien EH Bilduko Gipuzkoako batzarkideak hartu zuen hitza:«Gaur [atzo] ere argi erakutsi dugu gero eta gehiago garela euskal errepublikaren alde gaudenok eta gero eta gehiago garela berdintasunean oinarritutako Euskal Herri libre, aske eta burujabe batean bizi nahi dugunok».

Elduaienek gogora ekarri zituen indar subiranistak udal eta foru hauteskundeetan nahiz Espainiako Gorteetarako bozetan lortutako emaitzak, eta erantsi zuen «baikor egoteko arrazoiak» dituztela: «Gora goaz; udal eta foru hauteskundeetan, ezkerreko subiranistok inoizko emaitza onenak lortu ditugu; Espainiako Kongresuan eta Senatuan, berriz, ERCrekin elkartuta, erabakigarriak gara; Espainiako eskuin muturra gelditu dugu, eta guk betidanik defenditutako balio politiko eta sozialak gizartean gero eta errotuago daude». Hortaz, uste du «helburua gero eta gertuago» dutela.

Espainia, «krisian»

Era berean, uste du EH Bildu «gorantz» doala, baina Espainiako Estatua «egiturazko krisi sakon batean sartuta» dagoela: «PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatutako trifatxitoak mozorro guztiak kendu ditu Espainia bat eta bakarra nahi duela argi esateko». Elduaienek nabarmendu zuen EH Bilduk agindu zuela «Espainiako eskuin mutur hori gelditzeko» bere esku dagoen «guztia» egingo zuela, eta esandakoa bete duela: «Gelditu egin dugu. Hala egin dugu Nafarroan, duela egun batzuk, eta hala egin genuen Espainiako Kongresuan ere, duela aste batzuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.