Hezkuntza itunerako bidea (V). Edu Apodaka. EHUko irakaslea

«Aurrez aurrekoak behar du digitala, eta digitalak behar du aurrez aurrekoa»

Hezkuntzaren digitalizazioak ekar ditzakeen ondorio psikosozialez ohartarazi du Apodakak. Haren ustez, ondorio horiek kontuan hartuta teknologien bidez erlazionatzen erakutsi beharko luke eskolak.

ARITZ LOIOLA/FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Filosofian lizentziatua da Edu Apodaka (Bilbo, 1965), baina, horrez gain, soziologia doktore eta psikologia sozialean espezializatua da. Sona handia izan dute eskolaren inguruan idatzi dituen artikuluek. Digitalizazioaren ondorioak aztertu ditu oraingoan, soziologiaren ikuspuntutik.

Beharrezkoa da hezkuntza digitalizatzea?

Administrazio aldetik, eskola nahitaez digitalizatuko da. Beste gauza bat da zer egin behar den heziketan bertan. Eta hor ere... nik esango nuke aukerarik ez dagoela. Gainera datorkigun olatu bat da, eta hezkuntzak, azkenean, gizartean bizitzeko baliabideak eman behar dizkio jendeari; kasu honetan, digitalizaziorako. Garai batean, imajinatzen dut batzuek galdetuko zutela ea benetan alfabetatzea beharrezkoa zen, eta, orain, zorakeria bat iruditzen zaigu alfabetatzerik gabeko hezkuntza. Ba, orain guri dagokigun alfabetatzea hau da: digitala.

Hezteko zailtasunez aritu izan zara, besteak beste, jada zuzeneko harremana gero eta urriagoa delako, eta gaur egungo gazteak pantailen bidez erlazionatzen direlako. Hezkuntza pantailetara sartzea da horren konponbidea orduan?

Argi dago gaur egungo gazteak pantailen bidez sozializatu direla. Aurrez aurrekoak behar du digitala, eta digitalak behar du aurrez aurrekoa. Baina nik uste dut arazo bat daukagula teknologia berri horiekin harremantzeko moduan. Dena egoaren inguruan sortzen da mundu digitalean, eta oso erraza da kalean egin ezin duzun zerbait egitea: soilik zureantzekoak direnekin egon. Horrek fragmentazio ikaragarri bat sortzen du, eta eremu zabal eta publiko bat falta da alde horretatik.

Sareen logikak berez funtzionatzen du horrela?

Jakin behar dugu sareek logika bat daukatela, eta nora eramaten gaituzten, eta hori ere hezkuntzaren lana da. Teknologien funtzionamendua ulertu eta horiek ekarriko dituzten ondorio psikosozialak zeintzuk izango diren jakin beharko genuke, eta horien arabera teknologiekin harremantzeko moduak eraiki.

Asko hitz egin duzu hezkuntzan komunitateak duen garrantziaz ere. Teknologia berriek komunitate hori ahuldu egiten dute, edo indartu?

Ez naiz oso baikorra. Komun esaten diogu gu bezalakoak ez direnekin ditugun elkarguneei. Kontua da ikasi behar dugula mundu digitalean ere halakoak sortzen. Hezkuntzan ebaluatzeko edo komunikatzeko erabiltzen diren plataforma batzuek, adibidez, itxura batean eman dezakete familiaren eta eskolaren arteko harremana errazten dutela. Baina batzuetan gertatzen dena da gero familiek ez dutela elkar ezagutzen. Fisikoki egoteko aukera galtzen dugu, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu gu pertsona fisikoak garela, eta elkarrekin gaudenean ezberdin ikusten dugula elkar eta beste modu batera ditugula harremanak.

Arrakala digitala ere bada beste kezketako bat. Eskolan berdintasuna bermatzeko oztopo bat izan daiteke digitalizazioa?

Arrakala digitala edozein teknologia sortu eta zabaltzen denean sortzen da. Batzuetan pentsatzen dugu arrakala batzuk alde batera eta besteak bestera uzten dituela, baina ez; batzuk goian eta beste batzuk behean geratzen dira. Hierarkia bat dago, eta gabezia bat sortzen da. Arrakala hori, gainera, beti joango da beste arrakala batzuekin batera. Ezin dugu arrakala digitalaz hitz egin eta aldi berean ahaztu arrakala sozial bat ere badugula. Hau da, arrakala hitza erabiltzen dugu esplotazioa edo menderakuntza ez esateagatik. Eskolan beti segregazio batzuk aipatzen ditugu, baina hor ere badago berri bat: segregazio digitala.

Nola egin aurre orduan arrakala digital horri?

Lehenengo eta behin, sarbide unibertsala izan beharko genuke dispositibo elektroniko horietara; desberdintasun sozialen arazoa konpondu beharko litzateke.

Nolakoa izan beharko luke, zure ustez, hezkuntza digitalizatuak?

Mugikorra banaka erabiltzeko sortu da, eta norberarena izateko. Ez da sortu, adibidez, etxeko telefonoak edo familiako autoak bezala, konpartitzeko. Teknologia berriak gizartea atomizatzeko pentsatuta daude. Niretzat, ideala izango litzateke pantailak eta pantailetara daukagun sarbidea komuna izatea.

Teknologia nola erabili, horrek eragiten du digitala komuna edo pribatua izatea?

Teknologia ez da neutrala, eta, are gehiago, ez da ideologia batekoa ere. Teknologiak ez dira abstrakzio batean sortu; kapitalismoaren eta globalizazioaren munduanbaizik. Orduan, mundu horretarako teknologiak dira. Beste modu batera erabili daitezke mundu hori aldatzeko? Bai. Baina ezin dugu ahaztu non sortu diren, eta atzean zer daukaten: ekonomia politikoa. Norena da jabetza? Nork ezagutzen du teknologiaren funtzionamendua? Nork ez du gaitasun kognitibo nahikoak lortzeko aukera? Hori guztia ere eskolan aztertu behar da.

Zeintzuk dira, digitalizazioaz gain, hezkuntzak etorkizunera begira dauzkan erronkak?

Eskola indar bat izan da; indar iraultzaile eta demokratikoa, sozializatzeko eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko tresna. Baina, bestalde, pertsonak lan merkaturako hezteaizan da eskolaren funtzioa. Tentsio hori hor dago, eta gaur egun geroz eta handiagoa da. Lehenengo alderdi humanista hori galtzen ari da edo galtzear dago ia leku guztietan. Gainera, gaur egun gazteek daukaten espektatiba falta oso handia denez, badirudi eskolari merkatura salto egiteko prestakuntza bakarrik eskatzen diotela, eta hor ere eragina du klaseak.

Non geratzen da orduan eskolaren funtzio eraldatzailea?

Diskurtso aldetik gero eta gehiago eskatzen zaio hori; funtzio berdinzalea izan dezan, eraldatzailea. Baina, praktikan, lehiarako prestakuntza nahi dute familiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.