Aldaketak udal gobernuen mapan

EH Bilduren gorakadak aginte makila eskuz aldatzea ekarriko du udalerri handi batzuetan. Hegoaldeko lau hiriburuetatik bakarrean espero da aldaketa: Gasteizen. EAJ eta PSEren aliantzak PP beharko du alboan sarri

Bastidan ez da errepikatzekoa 2019an EAJko eta EH Bilduko zinegotzien artean izandako besarkada , baina ezin da baztertu ere. BERRIA.
Xabier Martin - Ion Orzaiz - Gotzon Hermosilla
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
EAJren eta PSE-EEren arteko aliantza tradizionalak gaur ezingo du aurreko agintaldian adina udalerritan eskuratu alkatetza. Jeltzaleek eta sozialistek PPren babesa beharko dute zenbait aginte makila haien esku gera daitezen, hasteko Gasteizkoa. Nafarroan, EH Bilduren gorakada nabarituko da, Iruñeak UPNren esku jarraituko duen arren. Koalizio abertzaleak lortu du zinegotzi gehien Hegoaldean, eta gorakada horrek zenbait udalerri handitako aginte makilak emango dizkio EH Bilduri: esaterako, Burlata, Tafalla, Galdakao, Laudio, Tolosa eta Arrasatekoa. Agian, Gernikakoa ere bai.

Edonola ere, foru aldundietako gobernuen negoziazioa bete-betean sartu da udal gobernuak eratzeko ekuazioan, Gipuzkoako egoerak PPri orain arte izan ez duen indarra eman baitio. Haren botoak behar dituzte EAJk eta PSE-EEk Gipuzkoako aldundiari eusteko, EH Bilduk foru hauteskundeetan garaipen argia lortu ondoren, eta behar horrek Arabako Errioxako udalerririk handienetan eragin du: Bastidan, Guardian eta Oionen.

ARABA
Arabako Errioxara begira

Arabako udal gobernuen mapa asko aldatuko da egin diren eta egin ez diren akordioak tarteko. EAJren eta PSEren arteko aliantza ez da nahikoa izan gehiengo absolutuak lortzeko, oro har, eta PPk izango du giltza biko akordio horrek udalerri ugari har ditzan, gehienetan jeltzaleen mesedetan, baina baita PPk berak bizirik iraun dezan udal politika instituzionalean.

Hasteko, Gasteizen, Rocio Vitero EH Bilduko alkategaiak irabazi ditu hauteskundeak, baina Maider Etxebarria PSEko alkategaiak lortuko du aginte makila, EAJren babesa ez ezik PPrena ere izango baitu. Espainiako eskuindarren helburu nagusietako bat da koalizio abertzaleak agintea ez eskuratzea, eta xede hori bere alde jarriko dute jeltzaleek eta sozialistek Araba osoan udalerri garrantzitsuak lortzeko.

PPren babesa doakoa izan al da, ordea? Arabako Errioxara begiratu behar da erantzuna bilatzeko. Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek Guardia eta Bastidako alkatetzak eskatu dizkio EAJri, udalerri bi horietan lehen indar izan delako. Jeltzaleek ukatu egin dute PPrekin negoziatu dutela, nahiz eta Oiarzabalek berak ziurtatu duen elkarrizketak egon direla. Batera edo bestera, Bastidako alkatetza PPrentzat izan daiteke, EAJk uko egin baitio aginte makila hartzeari. Asteon, Eduardo Barinaga alkategaiak dimisioa eman du, Araba Buru Batzarrak agindu baitio hautagaitza ez aurkezteko. Baina zerrendako hurrenek ohartarazi dute ez dutela baztertzen alkatetza eskuratzea,EAJren zuzendaritzaren agindua bete gabe. «Traizioa» egin dietela zabaldu dute sare sozialetan, etaezin da baztertu, matxinatu, etaEH Bildurekin akordioa egitea. Baina, beranduago, EAJren Arabako zuzendaritzak salatu du Bastidako sare sozialetako kontuak hackeatu dizkietela, eta hori ez dela alderdiaren iritzia.

Guardiako aginte makila da PPk eskatu dituenetako beste bat. PPri alkatetza uzteko, EAJk ez luke bere alkategaia aurkeztu behar, EH Bilduk babestu egingo lukeelako, Bastidan ere egin dezakeen bezala; azken agintaldian, abertzaleek gobernatu dute bi herri horietan. Ematen du Raul Garcia Guardiako alkategai jeltzaleak hautagaitza aurkeztuko duela, eta, hala eginik, alkate izango da EH Bilduren babesari esker.

EAJko jarduneko alkateek inbestidura saioak goiz ipini dituzte PPren babesari esker alkatetzak eskuratzekoak diren udalerrietan: esaterako, Kuartangon, Zigoitian, Bernedon eta Erriberabeitian. Arabako Errioxako herririk populatuena ere, Oion, EAJren esku geratuko da PPri esker, udal hauteskundeak EH Bilduk irabazi arren. Alabaina, Arabako udalerri handienetan bigarrenean, Laudion, koalizio subiranistaren esku geratuko da aginte makila, Omnia plataformarekin egindako itunari esker.

BIZKAIA
Arreta Durangon eta Gernikan jarrita

Bizkaian, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk tokian-tokian lortutako nagusitasunak eta EAJren eta PSE-EEren arteko itunak garbi utzi dituzte gauzak zenbait udalerritan. Bilbon, Juan Mari Aburto jeltzaleak ziurtatuta dauka alkatetza beste lau urterako, PSE-EEk Portugaleteko alkatetzari eutsiko dio, eta EH Bildu nagusi izango da Galdakaon, Lekeition, Sopelan eta beste zenbait herritan, batzuetan Elkarrekin Podemosen edo tokian tokiko plataformen babesari esker. Baina, beste zenbait herritan, egoera ez da argituko azkenera arte.

Seguraski, Durango izango da esangura politikorik handiena duen plaza. EH Bildu izan zen garaile, bederatzi zinegotzi lortuta, aurrekoan baino bi gehiago, baina EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak plataformak osatutako blokea eta EAJren eta PSE-EEren artekoa berdinduta daude, hamarna zinegotzirekin. PPren zinegotziak izango du giltza, eta badirudi Mireia Elkoroiribe jeltzalea egingo duela alkate.

Gernika-Lumon, berriz, jakin-min handia piztu da, hango egoera berezia delako. Jose Maria Gorroño 2007tik izan da alkate: EAren izenean lehen, Bilduren zerrendan gero, eta EAJrekin azken urteetan. Aurten, berriz, Gorroñoren Guztiontzako Herria plataforma eta EAJ nor bere aldetik aurkeztu dira: EH Bildu izan da garaile, sei zinegotzi lortuta; GHk ere sei zinegotzi lortu ditu, baina boto gutxiago eskuratuta, eta EAJk bost dauzka. Ikuskizun da osoko bilkuran zer gertatuko den, baina, besteen arteko akordiorik ezean, EH Bilduko Jose Ramon Bilbao izango litzateke alkate.

Bermeon ere zalantzak dira nagusi. Atzo EITBk, EAJren iturriak aipatuta, zabaldu zuen EH Bilduk eta Guzan plataformak akordioa lortu zutela. EH Bilduk bost zinegotzi ditu, eta Guzanek, berriz, lau; hortaz, indarrak batuz gero, gainditu egingo lukete EAJ —zortzi zinegotzi ditu—, eta EH Bilduren esku geratuko litzateke alkatetza. Baina Guzanek BERRIAri azaldu zion oraingoz ez zegoela horrelakorik.

Gorlizen eta Zallan alkatetza tokian tokiko plataforma independenteen esku geratzea espero da. Abadiñon eta Mundakan, berriz, azken ordura arte itxaron beharko da zer gertatzen den jakiteko, baina herri horietan ere independenteek izango dute giltza alkatetza EAJri edo EH Bilduri emateko.

GIPUZKOA
Aldaketa garrantzitsu batzuk

Aldaketa ugari egongo dira Gipuzkoako udal gobernuen mapan, EH Bilduren gorakadaren ondorioz. Dena den, egindako itun orokorrak bide emango die EAJ eta PSE-EEri zenbait udalerritako agintea eskuratzeko, kasurako Donostiakoa. Eneko Goiak berriro hartuko du aginte makila.

Asteon ezuste batzuk egon dira, hala ere. Deban, EH Bilduk eskura zuen alkatetza, baina Elkarrekin Podemosera lotutako Orain Deba plataformak EAJri emango dio aginte makila. Elkarrekin Podemosek hautsi egin du plataforma horrekin zuen harremana. Azkoitian ere alkatetza ez du EH Bilduk lortuko, eskura zeukala zirudien arren, Azkoitia Bai plataformak ez baitizkio emango bere botoak, askok aurreikusi zuten moduan. Udalerri hori EAJren esku gera ez dadin EH Bilduk Azkoitia Bairen alde bozkatzeko aukera erreala ote den ikusiko da luze gabe.

Bestela, lurraldeko udalerririk handienetan bigarrenak, Irunek, PSEren esku jarraituko du, baina Jose Antonio Santanok EAJren babesa beharko du oraingoan, aurreko agintaldian oposizioan egon den taldearena, alegia.PSE-EEk Eibarri, Lasarte-Oriari eta Zumarragari ere eutsiko die, EAJren babesari esker.

Beste udalerri garrantzitsu batzuetan, ordea, aldaketa egongo da. Esaterako, Hondarribian Abotsanitz plataformarentzat izango da aginte makila, EH Bilduren babesari esker, eta EAJk alkatetza historiko hori galduko du. Era berean, Mondragon korporazioaren egoitza, Arrasate, koalizio abertzalearentzat izango da, Elkarrekin Podemosekin ituna egin ondoren. Itun horrek beste alkatetza batzuk emango dizkio EH Bilduri: kasurako, Errenteria, Ordizia, Andoain eta Pasaian. Azken bi horiek PSEren esku egon dira orain arte. Eta koalizioak lortuko duen beste udalerri garrantzitsua Tolosa da, hauteskundeetanEAJri gailendu ondoren. Gainera, Azpeitiari ere eutsiko dio. EAJk, berriz, hiru udalerri handiri eutsiko die: Zarautzi, Beasaini eta Elgoibarri.

NAFARROA
Aldaketa, baldin eta PSNren esku ez badago

Nafarroan, indar politikoek adostuko dituzten itunen menpe dira udal garrantzitsu asko. Iruñean, Zangozan, Lizarran, Zizur Nagusian, Barañainen eta Eguesibarren, kasurako, zinegotzi kopuru bertsuak dituzte eskuineko eta ezkerreko blokeek, eta PSNk mugiaraziko du balantza alde batera edo bestera. Uste izatekoa da udal horiek eskuinera lerratuko direla, PSNk iragarri baitu 2019an eginiko jokaldiari eutsiko diola eta, beraz, ez dizkiola bere botoak EH Bilduri emanen.

Iruñeko Udalean islatuko da beto horren eragina. Maiatzaren 28ko bozen ostean, bederatzi zinegotzi ditu UPNk, zortzi EH Bilduk, bost PSNk, bi PPk, bi Geroa Baik eta zinegotzi bakarra Zurekin Nafarroak. 11 eledun ditu bakoitzak, beraz. PSNko Elma Saizek esan du ez diela babesik emanen ez Cristina Ibarrolari (UPN) ez Joseba Asironi (EH Bildu), eta ziurrenik hautagaitza propioa aurkeztuko du. Praktikan, baina, litekeena da Ibarrolak hartzea alkatetza, UPNren zerrendak bildu baitzuen boto gehien.

Egoera bertsua da Lizarran eta Barañainen: UPNk eskura ditu alkatetza horiek, PSNk orain arteko estrategiari eutsi eta EH Bilduri ateak ixten badizkio. Zangozan, UPNk ez du hautagaitzarik aurkeztu, baina, haren ordez, AISS talde independente kontserbadorea da aginte makila lortzeko aukera gehien duena: AISSk eta EH Bilduk bosna zinegotzi dituzte, eta PSNren boto bakarraren menpe egonen da alkatetza. Ez badu inoren alde egiten, eskuinak irabaziko du.

Egoera oso bestelakoa da indar aurrerakoiek PSNren botoen beharrik ez duten udaletan. Tafallan, adibidez, Xabier Alkuaz (EH Bildu) izanen da alkate, Iniciativa por Tafalla, Zurekin Nafarroa eta Geroa Bai taldeekin akordioa lortu ostean. Zizur Nagusian Jon Gondanek (Geroa Bai) alkatetzari eutsi ahalko dio EH Bilduren babesa lortzen badu; eta Burlatan, litekeena da EH Bilduk agintea lortzea, Zurekin Nafarroaren eta Geroa Bairen botoei esker.

Ezustekorik ez dute izanen beste hainbat udalerri handitan, zerrendetako batek gehiengo osoa lortuta: Tuteran, bigarren agintaldia izanen du UPNko Alejandro Toquero alkateak; Altsasun, Geroa Baiko Javier Ollok eutsiko dio aginte makilari; eta Atarrabian eta Berriozarren, berriz, aise gobernatzeko moduan izanen dira EH Bilduko Mikel Oteiza eta Iker Mariezkurrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.