Arabatik euskara zabaltzeko asmoz antolatuko dute ikastolen jaialdia

Aresketa ikastolak du 2020ko Araba Euskaraz antolatzeko ardura, Amurrion. Helburuetako bat euskara «mundura zabaltzea» izango da

Aresketa ikastolako ordezkariak, atzoko aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Amurrioko Aresketa ikastolak antolatuko du 2020ko Araba Euskaraz, Darabagu lelopean. Jaialdiaren helburuetako bat da euskara Arabatik kanpora zabaltzea. Leloarekin ere gauza bera adierazi nahi izan dute: «Aditz trinko bat da, Amurrio eta Aiaralde osoa mundura euskaraz eramaten dugula adierazteko asmatu duguna». Ikastolako ordezkarien arabera, ikasleak beharrezkoak dira horretarako: «Izango den euskara irudikatu nahi dugu; beti erabilgarri suertatuko da gazteek arbasoengandik jaso eta eraldatzen duten hizkuntza».

Araba Euskaraz-ek, ordea, beste zenbait helburu ere zerrendatu ditu. Besteak beste, azaldu dute Amurrion euskararen erabilera sustatzeko testuinguruak sortu nahi dituztela, eta balio «positiboen» lanketa ere egin nahi dutela: «Genero berdintasuna, inklusioa, jasangarritasuna eta tokiko ekonomia bultzatzea, jantokiko eredu berriarekin bat eginez». Horrez gain, nabarmendu dute jai ereduak «berritzailea» eta «eraldatzailea» behar duela izan, baita «parte hartzailea» ere. Horretarako, ordea, gazteen autonomia beharrezkotzat jo dute: «Haiek sortutako dinamikak behar dira».

Arabako ikastolen jaialdian ez ezik, Aresketa ikastolaren barnean ere helburu zenbait finkatu dituzte. «Ikastolako berrikuntza pedagogikoa indartu nahi dugu, eta euskararen erabilera eta ahozkotasuna sustatzeko egitasmoak egin», azaldu dute ordezkariek. Areago, gaineratu dute ikastolaren kanpoko aldea eraldatzeko eta egokitzeko asmoa ere badutela, «ingurune hezitzaile bihurtzeko».

Ereindako hazien emaitza

Amurrioko guraso talde batek jarri zituen Aresketa ikastolaren lehen harriak, 1977. urtean. Ordutik 42 urte igaro dira, eta, ikastolako ordezkarien arabera, egitasmoa «erabat sendotuta» dago. Egun, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen ditu ikastetxeak, eta guztira 670 ikasle ditu. Orain bide berean jarraitu nahi dute bertako kideek: «Landare oso bat bihurtzeko bidea marraztuko dugu, eta landareak osasuntsu hazteko behar duen testuinguru egokia sortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.