Kulturaren arloko inbertsio bereziei buruzko agerraldi bat egin zuen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. Next Generation EU programaren bidez jasotako funtsez aritu zen nagusiki, baita Eusko Jaurlaritzak abiatutako Berpiztu programaz ere.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez banatu dituzte funtsak: Europako Batasuneko estatu kide bakoitzak zehaztu ditu bere planak, eta Espainiako Gobernuak ezarritako kopuruen eta irizpideen arabera banatu du Eusko Jaurlaritzak dirua, zortzi programatan.
Inbertsiorik handienak berrikuntza proiektuak sustatzeko egindakoak dira: diru laguntzak banatu dituzte kultura eta sormen industriak «azeleratzeko» (1.994.383 euro) eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako eskaintza sendotzeko (782.279 euro). Beste deialdi bat egin dute arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta kudeatzeko (1.689.877 euro).
Aztarnategia eta museoa
Ondareari dagokionez, batetik, Iruña-Veleiako (Araba) aztarnategiko egitura arkeologikoak sendotu eta zaharberrituko dituzte, ingurua egokitzeaz gain (900.000 euro). Bestetik, Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregia eraberrituko dute. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, kultura ondasun izendatua. Joan Sebastian Elkanori buruzko museo bat jarriko dute han, eta turismo bulegoa ere bai —800.000 euro; Jaurlaritzak beste milioi bat jarriko du, bere aurrekontuetatik—.
Artxiboarekin lotutako lanak ere badira: liburutegietako liburu funtsak handitu (575.460 euro), eta Eliza katolikoaren eta funts pribatuen dokumentazioa digitalizatu egingo dute (133.000 euro). Estatuaren jabetza diren baina Jaurlaritzak kudeatzen dituen dokumentuak ere digitalizatuko dituzte (81.792 euro).
Azkenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zinema aretoak diruz lagundu dituzte, aretoak berritzeko, digitalizaziorako eta «kontsumo ohitura berrietara egokitzeko» (1.153.262 euro).
Next Generation funtsak, ondarea berritzeko eta digitalizaziorako
Sektorea egokitzeko jarri dute diru gehien, Zupiriak esan duenez, eta ondarerako ere bai:. Iruña-Veleia eta Getariako Zarautz jauregirako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu