Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Egonezina finalerdien atarian

Beñat Gaztelumendik irabazi du Azkoitiko saioa. Ane Labakak ere lortu du aurrera egitea
Beñat Gaztelumendi, atzo, Azkotiko Baztartxo aretoan jokatutako final-laurdenean.
Beñat Gaztelumendi, atzo, Azkotiko Baztartxo aretoan jokatutako final-laurdenean. GORKA RUBIO / FOKU

Manex Mantxola Urrate -

2019ko azaroak 3
Beñat Gaztelumendi Arandiak batu zituen puntu gehien (475), atzo, Azkoitiko saioan, eta zuzenean sailkatu da finalerdietarako. Ane Labaka Mayozek (455 puntu) ere langa igaro du, eta lortu du hurrengo fasean sartzea. Aldiz, Maialen Akizu Bidegain (443), Ander Lizarralde Jimeno (442,5), Mikel Artola Izagirre (425) eta Ane Zuazubiskar Iñarra (424), txapelketa txukuna eginagatik ere, ez dira izango hurrengo fasean.

Distantzia laburra egonagatik Azpeititik Azkoitira, eta saio batetik bestera ere astebete bakarrik igaro arren, giroan nabari zen Baztartxo antzokian asko zegoela jokoan, eta inork ez zuela irrist egin nahi finalerdien atarian. Entzuleak, zurrun, eta txaloak neurtuz, bertsolariei ere hegan egiteko haize gutxi emanaz. Oro har, saio txukuna osatu zuten bertsolariek, eta kolperen bat edo beste ere izan zen, baina ez zen iritsi izan zezakeen distira izatera.

Agurretan ere txapelketa izan zen mintzagai nagusia, une hartan bizi zen egoeraren isla. Zortziko handian, Akizuk eta Labakak osatu zutenaren baimenarekin, Zuazubiskarrek eta Gaztelumendik trafiko arauak errespetatzearen inguruan osatutako ofizioa izan zen dotoreena.

Zortziko txikian, hiru ofizioak izan ziren balekoak, nahiz eta Akizu eta Lizarralderen artekoak piztu zuen gehien entzulegoa. Lehenengo aldiz afaltzera joandako bikote hasiberria ziren, eta Lizarraldek eskatu zion Akizuri ea berak jan gabe utzitakoa amaitzerik bazuen. «Langostino buruak ere honek jan baietz», egin zuen apustu Akizuk lehen bertsoan, eta «langostino hoietan zentratu gaitezen/ nik eztarrira sartzen ditudanak zuzen/ pentsa zazu ohean nolakua naizen», bota zion Lizarraldek, lizun. Horrela moztu zion Akizuk: «Nere estiloa etzera ta aizu barkatu/ ni hemendik banoa eta zuk pagatu/ nahi badezu platera erabat bukatu,/ baina gaurkoan baietz goseak geratu».

Seiko motzean, Gaztelumendi eta Lizarralde izan ziren aipagarrienak, arropa konpontzeko negozioa zuten langileen rolean. Nabarmentzekoa Gaztelumendiren bigarren bertsoa: «Dena ez baita zinegotzi/ asko lanetik egotzi/ eta zituzten diru apurrak bankuan ehortzi/ nahiz aurrezkiak egosi,/ ezin arropa erosi,/ ta hala gabiltza besten zuloak josi eta josi».

Hamarreko txikian hiru bikoteek lan txukuna egin zuten. Zuazubiskar eta Lizarralde bi herritako festa zinegotziak ziren, eta urtero-urtero Zuazubiskarrek karpa eskatzen zion Lizarralderi jaietarako: «batek dezakeena denok erdibana/ erabiltzea denok bakarrak daukana,/ gure herrian deitzen zaio auzolana», bota zuen lehenak.

Kartzelakoa, ondoezak jota

Amaitzeko, honela zioen kartzelako gaiak: «Gaur ere ondoezik zauden arren, lanera joatea erabaki duzu». Akizuk bulego bateko langilearen rolean kantatu zuen: «Nola egongo gera ondo, sistema gaixo badago?», dotore amaitu zuen lehena. Labakak ere bide beretik ekin zion: «nagusi dirudun baten idazkaria»-ren larruan, haurdun ote dagoen ez dakiela eta bikain amaitu zuen «bi aukera soilik dauzkat: lanera edo kalera».

Lizarraldek kimioterapia hartzen duen irakaslearen istorioa kantatu zuen, eta ikasleengandik jasotako bizipoza. Artolak, aldiz, Bertsozale Elkarteko langilearen rola hautatu zuen. Zuazubiskarrek hiru bertso bikain osatu zituen, jokoa eman zion heldulekua aprobetxatuz: landa eremuko medikuarena. Azkenik, Gaztelumendik «sukarra daukat eta gorputza gaur hotzikaraz betea,/ begi zuloak izerdi hotza, gorputz guztiko nekea/ nahiz eta ustez babes eremu bat den gure gizartea/ inorentzako ez da errexa bekaduna izatea», ekin zion, eta «lanera noa nahiz joatean nere burua gorrota/ noizbait lan finko bat izatea hori zen nere erronka,/ baino bueltaka ibili hoi da kapitalaren errota/ zer egingo det gure mundua hala jarria dago ta/ zukutu arte lan egin eta behin erretakoan bota» amaitu zuen.

Azkoitiko saioarekin zehaztuta geratu da zein sailkatu diren hurrengo faserako: norbere saioko lehena izateagatik, Agin Laburu Rezola, Oihana Iguaran Barandiaran, Eñaut Martikorena Lizaso, Jon Maia Soria eta Beñat Gaztelumendi. Puntu bidez, berriz, hauek: Iñigo Manzisidor Larrañaga, Nerea Elustondo Plazaola, Alaia Matin Etxebeste, Jokin Uranga Isuskiza, Iban Urdangarin Lardizabal, Amaia Iturriotz Etxaniz, Unai Mendizabal Jauregi, Iñaki Apalategi Astigarraga, Asier Azpiroz Izuteta, Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa Ane Labaka Mayoz eta Unai Gaztelumendi Arandia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna