Zaintza greba

Isildutakoen bozgorailu

Zaintza arloko langileek greba egin dute hegoaldeko hiriburuetan. Iratxe Garcia, Marta Pablos eta Txaro Garcia sektoreko langileak dira. Zaintza lanen eredu aldaketa aldarrikatu dute Bilboko mobilizazioan.

Zaintza sektoreko langileak atzo, Bilboko manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Greba eguna Bilbon, Hego Euskal Herriko beste txokoetan bezala. Ohiko astearte batean Bilboko etorbide nagusiak autoz eta autobusez lepo egongo lirateke. Oraingoan, aldarrikapenez jantzi dira kaleak. Hainbat koloretako ikurrak ikusten dira nonahi. Sindikatuetako pankartek kaleak hartu dituzte, eta hiru lerrotan kokatuta 10:30ean abiatu dira bloke guztiak. Plaza Eliptikoan topo egin arte askotariko oihuak entzun dira kalean behera: «Zaintzarik gabe etorkizunik ez», entzuten da urrunean; «Zaintza bai, lan baldintzak ere bai», beste aldean. Adin diferenteetako langileak ikus daitezke; tarteka, eskutik hartuta doan umeren bat ere bai. «Gora emakumeon borroka», oihukatu dute plazara iristear dagoen bloke batean. Burua biratu eta argi ikus daiteke protestaren argazkia: zaintza lanen sektoreko feminizazioa agerikoa da: emakumezkoak dira gehienak. Arrazializatuak horietako asko.

Iratxe Garcia zahar etxe publiko bateko langilea da. Sektoreko andre gehienek lan karga handia jasaten dutela kontatu du: «Lan arloko eta alor psikosozialeko arrisku handiak ditugu gure lanean, eta ez daukagu aitortzarik. Horregatik, askotan ezin dugu kontziliaziorik izan, eta lana uztera behartuta egoten gara». Arrisku horiek egoitza denetan dituzten arren, aitortu du handia dela zentro publikoen eta pribatuen arteko aldea: «Zahar etxe pribatuetako kideek guk baino ratio handiagoak dituzte, eta lan karga handia dakarkie. Horrek langileen osasunari eragiten dio, eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitateari ere bai».

Marta Pablos zahar etxe bateko delegatua da, eta Garciaren antzera, baliabide eskasez eta egoeraz kexu da. Orain «agerikoagoa» den arren, sektorearen prekaritatea lehenagotik datorrela dio: «Beti egon gara egoera kaskar honetan, baina, pandemiarekin, lan karga eta ardura handitu egin da, eta eztanda egin du. Langile kopuru berarekin jarraitzen dugu, neke fisiko eta mental handia daukagu, eta gure lan egoera momentu honetan katastrofikoa da». Pablosi iruditzen zaio enpresa pribatuak aberasten ari direla: «Adineko jendearen kontura negozioa egiten ari dira. Ez dago pertsonalik, ez denborarik, dena egin behar izaten dugu azkar, eta ezin da hala izan; pertsonekin ari gara lanean, ez autoak egiten».

Txaro Garcia etxez etxeko langilea da, eta salatu du bere arloko hainbat kidek greba eskubiderik ere ez dutela, pairatzen duten prekaritatearen adibide modura. Azaldu duenez, haien egoera «beti» izan da prekarioa: «Udaletako gizarte zerbitzuen araberakoa da gure lana. Orain murrizketa asko daudenez, egoera asko okertu da. Kontratuei dagokienez ere, egonkortasunik gabekoak dira beti. Aldi baterako kontratuekin bizi gara». Haren ustez, etorkizunerako giltza zaintza lanen aitortzan dago. Are gehiago, uste du egungo egoera desberdina litzatekeela sektorea bestelakoa izango balitz: «Egun pandemiaren egoera guztiz desberdina litzateke zaintzaren arloa duinagoa izango balitz».

Topo egin dute bloke guztiek. Haien borroka ez da amaitu, hurrengo mobilizazioetan berriro elkartuko direlakoan elkar agurtu dute denek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.