Luizia Zaldibarko zabortegian. Krisiaren kronika

Krisi baten gaineko hamaika krisi

Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, krisia handitu besterik ez da egin: desagertuak, amiantoa, irregulartasunak, informazio eza, kutsadura... Gertatu dena ulertzeko zortzi gako dira hauek.

Bilaketa lanak. Langileak ustez desagertu ziren puntua ikusten da irudian. Hor aritu dira lanean azkeneko aldietan. Kamioiak pisatzeko lekua zegoen langileetako bat galdutako tokian. MIGUEL TOÑA / EFE.
mikel p ansa
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Luizi bat. Bi langile desagertuta. Amildutako zabortegi bat. Zirkulazio handieneko errepideetako bat, itxita. Amiantoa. Zabortegiaren enpresa jabearen irregulartasun soka luzea. Kontrolik gabe isuritako hondakinak. Kutsatzaile gehiago. Inolako babesik gabe lanean aritu diren larrialdietako langileak. Langileen haserrea. Eta desagertutako langileen senideen haserrea. Sute bat, astebetez itzali ez dena. Kea. Dioxinak eta furanoak. Inguruko bizilagunen ezinegona. Manifestazioak. Administrazioaren erreakzio berantiarra. Informazioa urri, eta zurrumurruak ugari. Alderdi politikoen arteko sestra. Eremua garbitu eta deskutsatzeko hilabeteak beharko dituzten lanak. Milioika eurotako kostua. Eta hamaika galdera, oraindik erantzunik ez dutenak, ezbeharra gertatu eta hamar egun geroago. Ez da samurra Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) otsailaren 6tik aurrera gertatutakoen katea osatzea. Gertatu dena ulertzeko zortzi gako dira hauek:

ZER GERTATU DA?

Bizilagunek danbateko handi bat entzun zuten otsailaren 6ko 16:00etan: amildu egin zen zabortegia. Milioi erdi tona hondakin baino gehiago jausi ziren, parean harrapatutako guztia maldan behera bultzatuz, AP-8 autobideraino. Zabortegian amiantoa ere bazegoen, ia 10.000 tona, baina inork ez zuen horren abisurik eman zortzi ordu igaro ziren arte. Izatez, zabortegia amildu zenik ere ez zekien ia inork hasieran. Bertaratu ziren aurreneko larrialdi zerbitzuek uste zuten errepidean gertatutako luizi batera zihoazela, autoetan harrapatutako jendea erreskatatzera. Autobidean, baina, luiziak ez zuen inor harrapatu. Gidari batzuek eta autobus bateko bidaiariek azaldu zuten gutxigatik libratu zirela. AP-8aren aldamenean dago N-634 errepidea, eta haren azpiko aldean, pare bat etxe: txiripaz ez zituen luiziak harrapatu. Hustu egin zituzten etxeak, han bizi direnei nora joanik eskaini gabe.

Hamar egun joan dira, eta inork ez du argitu zerk eragin zuen amiltzea. Oraingoz, hipotesiak baizik ez daude. Zabortegiari buruzko irregulartasun soka luzea argitaratu da. Gehiegi betetzen ari ote ziren, besteak beste. Geologo batzuek aipatu dute azaroko euriteek eraginen bat izan zezaketela. Vocento taldeak argitaratu du, amiltzea gertatu baino egun batzuk lehenago, lur azpian harrapatuta geratu den langileetako batek enpresari abisua eman ziola pitzadurak zeudela lurrean —luizien iragarle izaten dira—. Inork ez die garaiz erreparatu. Durangoko Instrukzio Auzitegiak ikerketa bat hasiko du: zabortegiaren jabeak —Verter Recycling 2002 SM enpresak— langileen eskubideen eta ingurumenaren kontrako delituak egin ote dituen ikertuko du. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren eledunak aste honetan jakinarazi du; ez da ohikoa Jaurlaritzako bozeramaileak ematea epaileen ekinaldien berri. Auzitegiak ez du ezer esan.

IRREGULARTASUN ZULO HANDI BAT

Sektoreko langileen artean goitizena zuen zabortegiak: Zuloa. BERRIAk gaur argitaratutako lekukotzaren arabera, «inork nahi ez zituen hondakinak hartzen zituen Verterrek». Ezbeharraren gauerdian jakin zen amiantoa zegoela zabortegian, 2017tik: hiru urtean, ia 10.000 tona amianto sartu ziren han. Zaldibarko alkateordeak ezagutarazi zuen, Euskadi Irratian, hurrengo goizean. Jaurlaritzak ondoren jakinarazi zuen amiantoa hartzeko baimena bazuela enpresak. Otsailaren 7a zen, ostirala. Egun berean ezagutu zen, ez bide ofizialetatik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek ofiziozko bisita bat egin zutela zabortegira 2019ko ekainean, ingurumen baimenaren betekizunak errespetatzen ziren neurtzeko, eta irregulartasun nabarmenak atzeman zituztela.

BERRIAk atzo zortzi aurreratu zuenez, zabortegiko arduradunek baimendutakoa baino eremu handiagoa hartua zuten, zakarra zigilatzeko prozedura ez zuten betetzen, eta, gainera, amiantoa beste hondakinekin nahasten zuten —ziegatan sartuta aparte eduki behar da, berez—. Gaur argitaratutako lekukotzak berretsi egin du: inolako kontrolik gabe isurtzen ziren hondakinak Eitzaga auzoko zabortegian, kantitate ikaragarrietan: 2017tik iazko abendura arte, 1,5 milioi tona zakar hartu zituen.

Argitaratu ostean berretsi zituen Jaurlaritzak irregulartasunak, otsailaren 8an. Metanoa neurtzeko gailua ere hondatua zuten. Vocento taldeak, otsailaren 9an jakinarazi zuen poliklorobifenolak (PCB) ere isuri izan zirela zabortegian. Inork ez du ofizialki azaldu zer bota izan den han. Eta bada argitu gabeko beste ertz bat ere: Ekologistak Martxan-ek «susmo sendoa» du lindanoa bota zutela han. «Amiantoaz aparte beste kutsatzailerik dagoenik ez zaigu agertzen», erantzun du Jaurlaritzak. Enpresak esan du amiltzean galdu egin zirela kamioien sarrera-erregistroak.

Luizia. AP-8a irekitzera joan ziren aurreneko langileak, otsailaren 6ko iluntzean

Zaldibarko zabortegiaren amiltzea. Geoeuskadiren aireko argazkiaren gainean, Europako Copernicus satelite sistemak Eusko Jaurlaritzak eskatuta egindako lana. Marra gorriek adierazten dute zabortegiaren perimetroa. Orban gorriak, berriz, luizia non gertatu zen. GEOEUSKADI - COPERNICUS

BILAKETA ETENAK

Hasieran uste zuten zabortegiko sei-zazpi langile zeudela desagertuta. Larrialdi zerbitzuak bertara iritsi zirenean hasi ziren agertzen, eta pixkanaka jabetu ziren bi langile falta zirela: Alberto Sololuze, 62 urtekoa, sortzez Eibarkoa (Gipuzkoa) eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) bizi zena; eta Joaquin Beltran, 51 urtekoa, Zallako (Bizkaia) bizilaguna. Erreskate taldeek berehala hasi zituzten bilaketa lanak, txakurrekin. Otsailaren 6ko 23:00ak aldera jakinarazi zuten txakurrek markatutako lekuetan ez zutela inor aurkitu.

Fokuak jarri, eta gauez lanean segitzekoak ziren, baina Osalanek geldiarazi zituen lanak. Gauerdia pasatuta ohartu ziren amiantoa ere bazegoela hondakinen artean. Enpresa bat kontratatu zuten gero, amiantoaren kontrako babesak hartzeko. Otsailaren 7an 18:00ak arte, eta otsailaren 8an 14:00ak arte, lanean aritu ziren erreskate taldeak. Geroztik, moteldu egin da bilaketa.

Otsailaren 9an, krisi mahaiaren bileraren ostean, hondeamakinekin saiatu ziren bilaketari berrekiten. Ordu batzuen buruan gelditu ziren, ezin jarraituz. Otsailaren 10eko goizean saiatu ziren berriro. Gorpuak non egon litezkeen zehaztua dute, eta makinekin lurra mugitzen aritu ziren. Baina aurki utzi zuten lana, geologoek aginduta. Hiru egun geroago, otsailaren 13an, krisi mahaiak iragarri zuen beste fase batean sartu zela bilaketa: ustez gorpuak dauden lekua zanpatzen duen lur eta hondakin masa bat mugitzeko asmoa dute, ondoren bilaketarekin segitzeko. Asteburu honetan hasi dira horretan.

Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak errepidea azkar libratu zuen. Ezbeharra gertatu eta berehala, hainbat enpresatako 45 langile hasi ziren lanean: AP-8an pilatutako zakarrak bidetik kendu, eta otsailaren 7ko 09:00ak alderako ireki zuten bidea, luiziak itxi eta hamazazpi ordura. Ezbeharra gertatu eta astebetera, ostegun honetan, hormigoizko horma bat altxatzen hasi dira autobide bazterrean, luizi arriskua ez delako bukatu.

Luizia. AP-8a irekitzera joan ziren aurreneko langileak, otsailaren 6ko iluntzean

Luizia. AP-8a irekitzera joan ziren aurreneko langileak, otsailaren 6ko iluntzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Desagertutako bi langileen familiak lur jota geratu dira. Aurreko larunbatean, ezbeharra gertatu eta bi egunera, Alberto Sololuzeren iloba batek, Helene Alberdik, BERRIArekin eta beste komunikabide batzuekin hitz egin zuen, eta esplikatu zuen haserre zeudela, iruditzen zitzaielako bilaketa lanetan ez zirela behar besteko enpeinua jartzen ari. Salatu zuen Jaurlaritza eta Verter ez zirela haiekin harremanetan jarri, eta inork ez ziela informaziorik ematen. Hedabideetan agertu eta gero, Jaurlaritza haiekin harremanetan jarri zen. Otsailaren 12an, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuarekin eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin bilera bat egin zuten: sei egun ziren senideak desagertu zitzaizkiela, eta Jaurlaritzarekin bildu ostean «are haserreago» zeudela adierazi zuen Alberdik. Ez dute azalpen gehiago eman. Familiek abokatuen esku utzi dute auzia.

LARRIALDIETAKO LANGILEEN LARRIA

Luiziaren abisua iritsi zitzaienean, osasun zerbitzuek, suhiltzaileek eta ertzainek ezin zuten imajinatu zer hondamendi ikusiko zuten. Eta, gainera, aurreneko txandetan lanean aritu zirenek hurrengo egunean jakin zuten amiantoaren pean eduki zituztela lanean: batere babesik gabe, inork ezer esan gabe. Zortzi ordu joan ziren jabetu ziren arte. «Haserre» daude suhiltzaileak eta ertzainak. Aurreneko txandan aritu zen suhiltzaileetako baten lekukotza jaso du BERRIAk: «Ez dugu ulertzen horrelako toki batek kontrol gehiago ez edukitzea».

Amiantoa. Larrialdi zerbitzuak, otsailaren 8an, amiantoaren berri izan eta gero

Amiantoa. Larrialdi zerbitzuak, otsailaren 8an, amiantoaren berri izan eta gero. BERRIA

LAB sindikatuak jakinarazi zuen Gipuzkoatik eramandako lau kamioi desinfektatu gabe zeudela ezbeharra gertatu eta bost egunera; eta Bizkaiko suhiltzaileen kamioiak betiko enpresak garbitu zituela, eta ez espezializatutako langileek. Erne sindikatuak, berriz, kritikatu du Jaurlaritzak «arrisku larrian» jarri zituela ertzainak. Amiantoaren pean babesik gabe ibilitako ertzainen arropak Durangoko (Bizkaia) komisarian zakar poltsatan sartuta eta nolanahi utzita egon zirela ere salatu zuen.

Babes neurririk gabe erreskate lanetan aritu ziren langileak zerrenda batean sartu ditu Osalanek. Jarraipena egingo diete.

SUA, AIREA, URA; ETA DIOXINAK

Otsailaren 7ko gauean, 23:00 aldera, sua piztu zen zabortegiaren goiko aldean, luizitik aparte. Suhiltzaileak berriro joan ziren bertara, baina berehala konturatu ziren ezingo zutela itzali haiek zituzten baliabideekin, sua piztutako lekura ezin zutelako iritsi. Helikoptero bat ekarri zuten Kantabriatik (Espainia), ura botatzeko. Bizpahiru itzuli egin zituen asteburuan. Zaborrari ura botatzeak eremua gehiago desegonkortu zezakeen, eta lixibiatuak sortu, gainera. Hala ere, otsailaren 13an robot batek gidatutako makina batekin ura botatzen aritu ziren berriro. Azkenean, Jaurlaritzak onartu du hondarrarekin itzali beharko dutela; garretara gerturatu beharko dute hondarra botatzeko, eta eremua prestatu beharko dute horretarako. Bederatzi egun dira sua piztu zela: atzo ketan jarraitzen zuen.

Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak sua piztu eta hurrengo egunean jarri zuen unitate ibiltari bat zabortegiaren inguruan, airearen kalitatea neurtzeko. Egunero zabaldutako oharretan, airearen kalitatea parametro normalen barruan zegoela esan du. Baina herenegun, sua piztu eta handik zazpi egunera, jakin da zabortegiaren inguruan dioxina eta furano kontzentrazio oso handia eta ezohikoa dagoela. Otsailaren 9an hartu zituzten laginak, eta CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak egin du azterketa. Herenegun iritsi ziren emaitzak: hiriguneetan egon ohi den dioxina eta furano kopurua baino 40-50 aldiz handiagoa da zabortegiaren inguruan neurtu dutena.

Jaurlaritzako Osasun Sailak aholkuak eman dizkie Zaldibar, Ermua eta Eibarko herritarrei: esan die etxeak ahalik eta gutxiena egurasteko, eta, ahal bada, gauetan etxeetako leihoak itxita edukitzeko; ariketa fisiko gogorrik ez egiteko ere eskatu du. Gomendio horien eraginez, gaurko Eibar-Reala derbia ere bertan behera gelditu da. Baita Eskola Kirola ere.

Sua. Zabortegian sua piztu zen otsailaren 7ko gauean. Argazkia otsailaren 15ekoa da

Sua. Zabortegian sua piztu zen otsailaren 7ko gauean. Argazkia otsailaren 15ekoa da. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ura Agentzia otsailaren 7an hasi zen ezbeharrak inguruko ur emarietan ondoriorik izan ote zuen neurtzen, eta otsailaren 12an eman zituen lehen datuak. Orain arte ez dutela arazorik aurkitu adierazi dute, baina Zaldibarko auzo batzuetako herritarrei txorrotako ura ez erabiltzeko eskatu diete. Herenegun, Eitzaga auzoko baserritarrei agindu zieten barazkirik ez saltzeko datozen egunetan. Animaliei ere probak egiten hasiko direla esan dute.

Lixibiatuei buruz, berriz, ez da apenas hitzik egin jendaurrean. Hondakinak aire librean egoten dira bolada batez, eremu bat itxi eta zigilatzen den arte; bitarte horretan euri urak har ditzakete, eta ur horiek zaborraren gai kutsatzaileak hartzen dituzte. Ur hori behar bezala bildu eta isolatzen ez bada, lurrera iragazi eta naturara kutsatzaile kimiko arriskutsuak eramateko kapaz da. Verterren zabortegiko lixibiatuei buruz Moreno sailburuordeak hitz egin zuen aurreneko aldiz, otsailaren 13an. Astebete zen ezbeharra gertatu zela. Lixibiatu denak kolektore berera zihoazela adierazi zuen, eta ez zegoela arriskurik. Ez du inork datu gehiago eman; inork ez du azaldu nola den posible zabortegia amiltzea eta horrek lixibiatuak biltzeko sistemari ez eragitea.

Ikerketa eta abisu horiek guztiek herritarren ezinegona eta kezka handitu dute. Otsailaren 10ean manifestazioak egin zituzten Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. Asteazkenean, Gipuzkoako dozenaren bat herritan egin zituzten protestak. Gehiengo sindikalak ere elkarretaratze bat egin zuen, Bilbon, eta Jaurlaritzaren hango bulegoa ere okupatu zuen. Atzo milaka herritarrek egin zuten Eitzagarako martxa. Zallara eta zabortegiak dituzten beste herri batzuetara ere iritsi da kezka.

ESTRATEGIA ALDAKETAK

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta sailburuek ez zuten ezbeharrari buruzko aipamenik egin lehen lau egunetan; ezta sare sozialetan ere. Bigarren lerroko agintarien esku utzi zuten krisiaren kudeaketa: Elena Moreno Ingurumen sailburuordea eta Josu Zubiaga Segurtasun zuzendaria. Informazio ofizialik apenas egon zen aurreneko egunetan. Lehen ohar ofiziala otsailaren 8ko eguerdian plazaratu zuen Ingurumen Sailak, egun horretan hedabideek zabortegiari buruz argitaratu zituzten irregulartasunak berretsiz. Morenok EITBrentzat hitz batzuk egin zituen, grabatutako bideo batean. Otsailaren 9an, larrialdi mahaiak aurreneko bilera publikoa egin zuen. Eta Morenok eta Zubiagak, lehen aldiz, prentsaurreko bat egin zuten. Hiru egun ziren krisia hasi zela. Larrialdi mahai bat osatu zutenik ere ez zuten publikoki jakinarazi ordura arte. Diziplinarteko mahai teknikoa, berriz, ezbeharra gertatu eta astebetera bildu da.

Lehendakaria. Otsailaren 12an Zaldibarko zabortegira joan zen Iñigo Urkullu lehendakaria, aurreneko aldiz ezbeharra gertatu zenetik

Lehendakaria. Otsailaren 12an Zaldibarko zabortegira joan zen Iñigo Urkullu lehendakaria, aurreneko aldiz ezbeharra gertatu zenetik. AINHOA FURUNDARENA

Otsailaren 10ean aldatu zuen Jaurlaritzak estrategia goitik behera. Hasteko, lehen lerroko agintariek hartu zuten krisia bideratzeko erantzukizuna: Iñaki Arriolak eta Estefania Beltran de Herediak. Ezbeharra gertatu eta laugarren egunean jarri ziren prentsaren aurrean, lehen aldiz, Zaldibarko udaletxean. Arriolak, aurpegikera serioz, Verter enpresari astebeteko ultimatuma eman zion, eta erru guztia haren gain jarri zuen. Josu Erkorekak ere gauza bera egin zuen; Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen, gainera, enpresa ez zela behar beste laguntzen ari. Horrekin batera, oposizioko alderdiei «sarraskijaleen» modura jokatzea leporatu zien, auzi honekin gobernuari kalte egitea bilatzen ari direlako, haren esanetan.

Astelehenean bertan, Urkulluk agerraldia egin zuen, hauteskundeak apirilaren 5era aurreratuko zituela esateko. Ez zion aipamenik egin Zaldibarko krisiari, kazetari batzuek galdetu zioten arte. Prentsaurrekotik, erakundeen arteko koordinazio bilerara joan zen lehendakaria. Aurreneko aldiz elkartu ziren, egun hartan, Jaurlaritza, inguruko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia —atzo bildu ziren berriz—. Otsailaren 12an, ustekabean, bisita bat egin zuen Urkulluk Zaldibarko zabortegira, Arriolarekin eta Beltran de Herediarekin. Ez zuen jakinarazpen publikorik egin, eta adierazpenik ere ez. Senideekin ere elkartu zen, aurreneko aldiz, ezbeharra gertatu eta seigarren egunean. Otsailaren 10etik aurrera, enpresari presioa egiten, oposizioaren jarduna kritikatzen, eta informazioa era ordenatuagoan ematen hasi da Jaurlaritza, hasierako isiltasuna utzita. Otsailaren 13an, politika informatiboa aldatu zuen krisi mahaiak, eta atalez atal informazio xeheak eman zituen.

JABEA, DESAGERTURIK

Otsailaren 7an, hondamena eta hurrengo egunean, zabortegian izan zen jabea, Jose Ignacio Barinaga Egia. Ez zuen adierazpenik egin. Geroztik ere ez. Mutu egon da enpresa. Otsailaren 10ean, Erkorekak eta Arriolak estu hartu eta gero, erreakzionatzen hasi zen Verter. Otsailaren 12an, krisia lehertu eta sei egunera, Verterreko eta Jaurlaritzako ordezkariek aurrez aurreko lehen bilera egin zuten. Laguntzeko prest agertu zen enpresa, baina seinalatu zuen inor ez zela jabetu mendi magalak amiltzeko arriskua zuenik, ezta Jaurlaritzako teknikariak ere. Jaurlaritzak zigor txosten bat ireki zion enpresari otsailaren 13an.

ETA LEHENERATZEKO?

Oraindik goiz da, eta lanak ikaragarriak izango dira; hilabeteak iraun ditzakete. Lehentasunak ugariak izan dira —langileen bilaketa, sua itzali nahia, luizi arriskua txikitzea...— eta oraindik eremua leheneratzeko lanekin ez dira hasi. Enpresak erantzun bitartean, Jaurlaritzak obrak era subsidiarioan hasiko dituela azaldu dute, gero enpresari gastua egozteko asmotan. Inork ez du datu ofizialik eman, baina azkenean 80 edo 100 milioi euroren gastua izan litekeela baieztatu diote BERRIAri. Horretarako, baina, hondakinak nora eraman erabaki behar dute, eta ez da erraza izango: Verterren amiantoa eta beste era askotako hondakinak nahastu direnez, pilatu den lur eta zakar multzoa hondakin arriskutsu kategorian sartu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berez, ez dago halakoak tratatzeko prestaturiko zabortegirik. Milioi erdi tona hondakin arriskutsu nora eta nola mugitu erabaki beharko dute, beraz, beste ezertan hasi aurretik.

Hamar egun joan dira; baina askoz gehiago joango dira Zaldibarko zabortegiaren krisiak eragindako kalte guztiak onera ekarri arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.