Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Eneko Andueza. PSE-EE

«Sozialistek osatutako gobernu bat da gure apustua»

Anduezak uste du posible dela PSOEk gobernua eratzea eta gero alde batera eta bestera babesak bilatzea; ez du aterik itxi nahi, baina pentsatzen du C's-ekin ezin dela «urrutira» ailegatu.

JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak (Eibar, Gipuzkoa, 1979) baditu arrazoiak pozik egoteko. PSOEk Espainian lortu dituen emaitzez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apurtu egin dute aurreko urteetan alderdiak zeraman beheranzko joera.

Zer iritzi duzu boz hauetan zure alderdiak lortu dituen emaitzen inguruan?

Oso balorazio positiboa egiten dugu, eta uste dut azken hamar hilabetean egin dugun lanaren emaitza direla. Gizarteak ulertu du gure helburua zein zen. Guretzat oso garrantzitsua zen irabaztea, eta hori baino garrantzitsuago eskuinari galga jartzea. Bi helburuak lortu ditugu; beraz, pozik gaude.

Zure ustez, PSE-EEri nondik iritsi zaizkio botoak?

Nik esango nuke alde guztietatik iritsi direla. PSOEk irabazi du, baina, batez ere, zentzutasunak irabazi du; honen moduko egoeretan jendeak asko pentsatzen du botoa nori eman, eta orain ere hala gertatu da. Seguru asko, aurreko hauteskundeetan beste alderdietara joan zitzaizkigun botoak berreskuratu ditugu.

Zuen boto igoera soilki Espainiaren abagune politikoari zor zaio? Edo, aldiz, uste al duzu euskal sozialisten jarduerak ere zerikusiren bat izan duela oraingo emaitzetan?

Bietatik egon da. Euskal instituzioetan egin dugun lanak egonkortasuna ekarri du, eta euskal gizarteak hori oso ontzat jotzen du. Beste alde batetik, euskal sozialistok beti eduki dugu eragina PSOEn, beti izan dugu modua euskal gaiak bideratzeko, eta zeregin garrantzitsu bat izan dugu, esaterako, transferentzien gaian. Horrek ere eragina izan duela uste dut.

Hainbat herri eta hiritan lehen indarra izan zarete: Gasteizen, Bizkaiko Ezkerraldean, Eibar eta Ermuan, Gipuzkoako ekialdeko zenbait herritan eta abarretan. Lau aste barru udal hauteskundeak dira. Oraingo emaitzek eragina izango dute herri horietako alkatetzak lortzeko lehian?

Jendeak desberdintzen ditu hauteskunde batzuk eta besteak, eta udal hauteskundeak oso bereziak izaten dira, baina, hala ere, nik uste dut oraingo emaitzak eragina izango duela, eta herri horietan nabarituko dela; gu agintean gauden udaletan, noski, baina baita garai batean galdu genituen herrietan ere: Barakaldo [Bizkaia], Errenteria, Andoain [Gipuzkoa] eta abar. Hilabete batean bi hauteskunde egotea seguru asko guretzat onuragarria izango da, eta herri horietan alkatetzak berreskuratzeko aukera izango dugu.

Espainian, PSOEk baditu bi aukera: zentsura mozioa sustatu zuten taldeekin ados paratzea,edo C's-ekin ituna egitea. PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezen lehenengo adierazpenak entzunda, badirudi ez duzuela aterik itxi nahi. Hala da?

Guk ez dugu inoiz aterik ixten, eta eskuzabaltasunez jokatzen dugu beti. Akordioak lortzeko aukera baldin badago, beti jotzen dugu horretara. Baina kasu honetan argi dugu marra gorri batzuk ez ditugula zapalduko, eta gure apustua dela, ahal den heinean, gobernu sozialista bat edukitzea, eta gai batzuetan beste alderdien babesa edukitzea. Ikusteko dugu egoera hori nola osatzen den, baina hor gakoa ez da norekin, baizik eta zertarako. Elkarrizketak hasiko dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Marra gorriak aipatzen dituzu. Sanchezek Konstituzioaren errespetua aipatu du. Besterik ba al dago?

Guretzat, adibidez, kupoaren kontrako erasoak marra bat dira. Marra gorri hori ez dugu zapalduko.

Dena dela, C's-eko buru Albert Riverak egindako adierazpenak entzunda, ematen du ez dagoela oso prest PSOErekin akordiorik egiteko.

Riverak gauza bat esan du, eta Villegasek [Jose Manuel Villegas C's-eko idazkari nagusiak], justu kontrakoa. Nire ustez, politikan askoz seriotasun handiagoz jokatu behar da, eta horrelako alderdiekin ez da komenigarria urrutira joatea. Gure lana oso ona izan da, 85 diputaturekin; orain, 123rekin, askoz errazagoa izango da eguneroko lana aurrera ateratzea.

Bestelako babesik gabe?

Ni oso konforme egongo nintzateke gobernua soilik sozialistekin osatuko bagenu, funtsezkoak diren gauzetan beste alderdiekin ados jarrita. Argi dugu alderdi batzuekin errazagoa izango dela, gurekin bat datozelako gai askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.