EHUk %3 handitu du bere aurrekontua, eta diru sarrerak «sendotu» ditu

Pertsonal gastuak ordaintzeko erabiliko du %77. Ikasleen tasetatik eta entitate pribatuetatik jasotzen du bere finantzaketaren laurdena

Ikasleak EHUko Leioako campusean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 422 milioi euroko aurrekontua onartu du 2019. urterako; iazkoa baino %3 handiagoa. Nekane Balluerka errektorearen arabera, igoera horrek erakusten du unibertsitate publikoak «finantza baliabide sendoak» dituela. Aurrekontuaren %76 Eusko Jaurlaritzatik jasotzen du unibertsitateak, gobernuaren urteko aurrekontuetatik;gainerakoa, tasa akademiko eta administratiboetatik, eta entitate pribatuekin eginiko kontratuetatik. Aurrekontuaren %77 bere langileak ordaintzeko erabiliko du EHUk, eta bestea, ikerketarako, fakultate eta departamentuen jardunerako, eta ekipamendu gastuetarako.

Aurrekontu egitasmoa herenegun onartu zuen Gobernu Kontseiluak, aldeko 26 botorekin, zortzi abstentziorekin eta ezezkorik gabe. Gizarte Kontseiluaren oniritzia jaso beharko du datozen egunetan. Horko kide da LAB sindikatua, eta jakinarazi du abstenitu egingo dela. Komunikabideetara bidalitako ohar batean azaldu du EHUk finantzaketa publiko handiagoa behar duela irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta zerbitzu jardunei eta premiei aurre egiteko, eta bere langileei egonkortasuna eta «diskriminaziorik gabeko lan baldintzak» eskaintzeko.

Publikoari babesa

Nekane Balluerka errektoreak balorazio baikorra egin du. «Arduraz» jokatu dutela adierazi du, eta aurrekontuak egiteko orduan «eraginkortasuna eta erantzukizuna» izan dituztela irizpide nagusiak. Nabarmendu du EHUk krisialdi ekonomikoa gainditu duela, eta denbora horretan erakutsi duela diru sarrera propioak sortzeko gai dela. Horrekin batera, gogoratu du administrazioen babesa ezinbestekoa duela unibertsitate publikoak. Balluerkak instituzioei eskatu die EHUren aldeko «babes politikoa eta soziala» indartzeko

Hain zuzen ere, EHUren finantzaketa publikoa igoko da Jaurlaritzaren unibertsitate plan berriarekin: 2022ra arte, 1.350 milioi emango dizkio gobernuak, aurreko lau urteetan baino 120 milioi gehiago (%10). Duela lau urte, baina, unibertsitate publikoa izan zen kaltetu nagusia, pribatuen mesedetan. 2015-2018 epeko planak ia 200 milioi euro gutxiago izan zituen, eta EHUk berak bakarrik hartu zuen bere gain horren zama: %14ko jaitsiera izan zuen.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, berriz, atzo jakinarazi zuen onartu egin duela EHUren 2016ko aurrekontuen txostena. Ordainketa batzuetan huts egiteak atzeman ditu, baina «arrazoizkotzat» jo ditu. Ohartarazi du, baina, EHUk aldi baterako lan kontratua duten irakasle eta ikerlarien kopurua Unibertsitateen Lege Organikoak ezarritakoa (%40koa) gainditzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.