Ibai Atutxa Ordeñana eta Iratxe Retolaza Gutierrez. Ikertzaileak

«Pentsamendu kritikoak ez du zertan ibili elkarbizitzaren bila»

Euskal gatazka armatuari buruzko literatura kanonikoak indartu egin ditu genero estereotipoak, Atutxaren eta Retolazaren hitzetan. Kritikari kritika egin diote.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Izenburutik beretik eztabaidarako proposamen bat da UEUk argitaraturiko Indarkeriak dantzatzera behartzen gaituzte. Gatazka armatuaren irakurketa feministak liburua. Iratxe Retolaza Gutierrezek (Donostia, 1977) eta Ibai Atutxa Ordeñanak (Galdakao, Bizkaia, 1984) editatu dute, eta, haien bien artikuluak ez ezik, Lorea Azpeitia, Olatz Dañobeitia, Onintza Odriozola, Eider Rodriguez eta Ane Villagranen atal bana ere baditu argitalpenak.

Bilbon egindako lehen aurkezpenaren ondotik, Donostian eta Iruñean eramanen dute jendaurrera, apirilaren 27an eta maiatzaren 2an, hurrenez hurren.

Literatur kritikari kritika egiten diozue. Autokritika bat da?

IRATXE RETOLAZA: Nire kasuan bai. Literatur kritikan diskurtso asko sortu dira gatazka armatuaz, baina batez ere kanpo ikuspegi batetik —bertako kritikariek, baina espainol politikoaren ikuspegitik—. Ez genion lehenago heldu gai honi, eta, beraz, beste diskurtso batzuek hartu dute oihartzuna, eta konfiguratu dute mapa bat gatazka armatuaz hitz egiteko euskal literaturan ere.

IBAI ATUTXA: Emanda jasotzen dugu pentsatzeko marko bat Euskal Herrian gertatu den gatazka armatuari buruz hitz egiteko, eta gero hemendik pentsamendua sortzen saiatzen denean, pentsamendu hori ez da kapaz marko hori zalantzan jartzeko eta marko propio batzuk eraikitzeko. Liburua dei moduko bat da marko hori zalantzan jartzeko, eta benetan saiatzeko bertatik begirada kritiko bat eraikitzen gatazka armatuaz hitz egiteko.

Zer markotaz ari zarete?

RETOLAZA: Gu gatazka armatu batera jaio ginen, horren inguruko marko bat eraikia zegoen, eta gure belaunaldiek, 1990eko hamarkadatik aurrerakoek, ez dute gaitasunik izan markoak sortzeko gatazka armatua ulertzeko moduen inguruan. Literaturan ere sortu dira markoak obra batzuk kontsentsu nobelatzat hartzeko. Adibidez, Martutene diskurtsiboki kontsentsu nobelatzat izendatu da behin eta berriro, baina literatur kritikaren eremuan ez da egon eztabaida kolektiborik horretaz. Eta, gainera, kontsentsu nobelak izatea oso zaila da horrelako memoria batean, belaunaldi ezberdinak daudelako, klase eta genero posizio ezberdinak... Ez dago mugimendu kolektibo bat literaturaren inguruko memoria ariketa bat egiten ari dena.

Egon beharko luke?

RETOLAZA: Guri interesatzen zaiguna eztabaida da. Horrelako izendapen asko eman dira literaturan mugarritzat balira bezala, eta, ez direnez zalantzan jarri, hurrengo belaunaldiek jaso dute literaturaren bitartez memoria bat nire memoriaren eta esperientziaren bitartez eta baita irakurle bezala zerikusirik ez duena. Baina haiei esan zaienez hori dela kontsentsua...

Elkarbizitza diskurtsoek indarkeria sor dezaketela ere badiozue. Zer erran nahi duzue?

ATUTXA: Hain justu, hori: azken hamarkadetatik hona asko entzuten ditugun hitzak dira elkarbizitza, kontsentsua... Horiek ere maileguan hartutako hitzak dira, Espainiako Estatua trantsiziotik hona eraikitzeko erabili direnak. Eta, Euskal Herriko gatazka armatuaren testuinguruan erabiltzen direnean, bat-batean erabiltzen ditugu helburu bezala. Ez da zalantzan jartzen elkarbizitza horrek zer dakarren.

RETOLAZA: Eta zein egiteko moduren arabera nahi ditugun guk hemen. Erabili nahi izanez gero, zer dira kontzeptu horiek guretzat? Horretaz ez da hitz egiten.

ATUTXA: Kontzeptu horiek zalantzan jarri gabe erabiltzeak indarkeria mekanismo batzuk ekartzen ditu.

Zergatik?

RETOLAZA: Esaten ari delako norbaitek isildu behar duela, eta norbaitek ez duela hitz egiteko eskubiderik. Elkarbizitza eta kontsentsua aipatzen direnean aipatzen da «ados dezagun marko bat, eta ez dago eztabaidatzerik». Eztabaidatzen jartzen baldin bazara ari zara bake kolektiboaren kontra, eta horrek sortzen du biolentzia egoera bat, ari delako esaten ahots eta ikuspegi batzuk besterik gabe isilarazi behar direla, zerbaiten izenean. Eta ahotsa isilaraztea biolentzia da: berdin du zein modutan eta zein testuingurutan, eta berdin du ahots horrek zer esaten duen.

ATUTXA: Guk geuk egiten genuen beste galdera bat zen zergatik literatur kritikak bilatu behar duen elkarbizitza. Ikerketa kritikoek egin beharko luketena da hain justu ontzat emandako egia horiek zalantzan jarri: pentsamendu kritikoak ez du zertan ibili elkarbizitza horren bila.

Eta literatur kritikak?

RETOLAZA: Are gutxiago, ze irakurle adina liburu daude liburu batean. Beraz, esaten ari baldin bagara literaturak izan behar duela kontsentsurako eremu bat, elkarbizitzarako, ari gara literaturak berak komunikazio esparru gisa dituen ezaugarriak itsutzen. Ari gara esaten liburu bat irakurtzeko modu on bat dagoela, ari gara literatura erabiltzen beste zerbaiten zerbitzura. Kezkatzen gaitu literatura horrela irakurtzeak, aldeko edo kontrako diskurtsoen arabera.

Aipatzen duzue gatazka armatua ulertzeko ezinbertzekoa dela sexu-genero sistema gurutzatzen duten gatazkez jardutea. Zergatik?

RETOLAZA: Bizi gara gizarte batean sexu-genero sistemak zeharkatzen duena, gatazka armatua gure gizartean gertatu da, eta, beraz, sexu-genero sistemak zeharkatu du. Eta Mendebaldeko kulturan armadun gatazkak oso eraiki dira sexu-genero sistema bat legitimatuz.

Liburuaren lehenengo ataletan aztertu dugu soziologiatik zer kontatu den eta zer ez den kontatu, memoriak ere baduelako sexu-genero ikuspegi bat. Eta, gero, literaturan, gatazka armatuaz hitz egiten duten liburu guztietan —beste edozein gaitaz hitz egiten dutenetan bezala— genero imajinarioak sortzen direlako.

Nolako imajinarioak dira?

RETOLAZA: Memoriaren ordezkari modura hartu diren lan gehienetan irudikatzen dira askoz genero imajinario tradizionalago eta atzerakoiagoak, jada euskal literaturan beste gai batzuetan jorratzen ari direnak baino. Bi estereotipo sortu dira: etakide maskulinoetan matxistena eta emakume etakide sexualizatuarena; edo abertzaletasunaren ama horrena, bere seme-alabez erabat bereizi ezin dena eta zaintza etengabean dagoena.

Zergatik indartzen dira genero estereotipoak gatazka armatuaz jarduten duen literaturan?

ATUTXA: Horren atzean dago eleberri hauen idazkuntza prozesuan generoaz eta sexualitateaz pentsatzea ez zela radarrean ere egongo. Eta badakigu zerbait pentsatzeko tartea hartzen ez baduzu orduan ezarritako eta naturalizatutako egiak errepikatzen bukatuko duzula. Hor ere gertatu da zerbait interesgarria: eleberri horiek irten dira giza psikearen konplexutasuna erakusten duten eleberriak balira bezala, baina daukate hor puntu itsu potolo bat, eta hori kontuan hartu gabe ematen du oso eleberri konplexuak direla, baina guk egin duguna hain justu da puntu itsu horietara begiratu eta erakutsi nola konplexutasun horren atzean errealitatean oso estereotipo sinple eta oinarrizko batzuk dauden.

Zer erakusten dute literatur testu horiek garaiko gizarteaz?

[Isiltasuna]

Edo idazleez?

[Irriak]

RETOLAZA: Kontuan hartu orain hitz egiten dugun kasu gehienetan ari garela narrazioaz eta errealistaz, ze Euskal Herrian gatazka armatuaz hitz egin denean eta memoria ariketa egin denean orokorrean egin da errealismotik. Eta errealismotik idazteko ariketa egiten denean neurri garrantzitsu bat da sinesgarritasuna. Norbaitek sinesgarritasunetik idazteko ariketa egiten duenean eta ikusten dugunean naturalizatzen dituela gauza batzuk, hori da gizartean dagoelako hori airean.

Errealitate hori?

RETOLAZA: Idazle kanoniko horientzako pertsonaia horiek sinesgarriak baldin baziren, esan nahi du behintzat gizarte talde batean nahiko zabalduta zegoela pentsatzea estereotipo horietan. Ez dut esaten egiazki, baina pentsatzea pentsatzeko modu hori zabalduta zegoela. Ze haiek nahi zuten zerbait sinesgarri egin, eta iruditu zitzaien pertsonaia horiek sinesgarriak zirela. Nik uste dut horren berri ematen digula: zein imajinario sortzen diren momentu jakin batean talde sozial batzuen inguruan.

Nola eman buelta horri?

RETOLAZA: Irakurleari dagokio, bestelako kontraste batzuen bitartez, ikustea zer den imajinario, nola eraikitzen den, zergatik eraikitzen den momentu jakin batean, zein beste errealitate egon diren iraganaren bestelako imajinario batzuk ere sortzeko... Ze %100 ez da egongo inoiz imajinario beterik. Imajinarioek balio digute iragana ulertzeko, baina balio digute etorkizuna eraikitzeko ere, eta orain ari garenean memoriaz hitz egiten, ari gara batez ere gure etorkizuna nola eraiki nahi dugun pentsatzen. Ez baditugu imajinario hauek guztiak zalantzan jartzen genero ikuspegitik ere, berdin du edozein gai etorkizunera begira proiektatzen dugunean, segituko dugu, nahi gabe, estereotipo berdinekin lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.