Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian

Ertzaintza gazteei oldartu zaie Ernaik egindako mobilizazioetan

Bilboko manifestazioa, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Milaka gaztek parte hartu dute Ernaik antolatutako mobilizazioetan, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaia eta Altsasuko gazteen aurkakoa salatzeko. Gasteizen eta Bilbon egindako manifestazioetan, Ertzaintza gazteei oldartu zaie, eta Gasteizkoan hainbat lagun atxilotu dituzte; hemeretzi, Segurtasun Sailaren arabera.

Goizean, eskolak eten dituzte ikastetxe askotan, eta eguerdian mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Nafarroako zenbait lekutan. Gasteizko manifestazioaren ostean, gazte talde batek trenbidea trabatu du. Ertzainak agertu direnean, gazteek alde egin dute, baina ihes egiterik izan ez dutenak harrapatu eta atxilotu egin dituzte.

Bilbon, berriz, manifestazioa Arriaga plazatik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaraino joan da. Mobilizazioa amaituta zegoenean, ertzainak oldartu egin zaizkie gazteei, eta batzuk jo dituzte.

Atxiloketak salatzeko, berriro ere mobilizazioak egin dituzte iluntzean Donostian eta Gasteizen. Iruñeko manifestazioa ere iluntzean egitekoa zen. Sortuk «Ertzaintzaren bortizkeria» salatu du, eta atxilotuak aske uzteko eskatu du. «EAJ oker dabil bide horretatik; errepresioa eta indarkeria albo batera utz ditzan exijitzen diogu».

«Ez dugu onartzen»

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaia eta Altsasuko gazteen kontrakoa salatu nahi izan ditu Ernaik, Ez dugu onartzen lelopean egindako manifestazioen bidez. Gazte erakundeak azaldu duenez, bi epai horietako bat bera ere ez dute onartzen, «Espainiako proiektu inposatzaile eta atzerakoiaren alderik injustuena» erakusten dutelako.

Ernairen ustez, Espainia ez da «demokrazia» bat, «are gutxiago justizia oinarrian daukan estatu bat», eta bi epaiok jarri dituzte horren frogatzat. «Justiziaz mozorrotzen den legeria faxistak» eman die bide bi ebazpenei, gazte erakundearen iritziz.

Ernaik independentzia proposatu du aukera bakartzat «ezer aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritarioaren aurka», eta, hori lortzeko, «autodeterminazioa gauzagarri egingo duen gazte olatua» eratzeko dei egin du gazte erakundeak, «elkartasun hutsaletik harago, haserretuta egotetik harago».

[YouTube]https://youtu.be/pdDyefQfazI[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.