Koronabirusa

Atezainak Nafarroako jatetxeetako atarietan

Jatetxe handietan COVID-19 ziurtagiria eskatzen ari dira atzoz geroztik. Bezeroek prest eramaten dute, gehienek sakelakoan. Zenbait bazkari bertan behera utzi dituzte, eta beste batzuetara jende gutxiago azaldu da.

Bezeroak Iruñeko jatetxe bateko sarreran COVID-19 ziurtagiria erakusten, bazkaltzera sartu aurretik. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Jatetxeko atarian denak ari dira sakelakoari begira. COVID-19 ziurtagiria bilatzen ari dira. Ilara txiki bat egin da, kuadrilla bat eta bikote bat. Haien esperoan, langile bat, beste sakelako bat eskuan. QR kodea irakurri die barrura sartu diren guziei. Beharrezko txertoak paratuak dituzte denek; beraz, barrura. Urrats batzuk aurrerago, bezeroek sakelakoa atera dute berriz. Wifi pasahitza eman diete, eta QR kode bat: karta. Osasun arauak azaldu dizkiete, eta orain bai, mahaira.

Ikusi gehiago: Ziurtagiriaren argibideak

Atzoz geroztik, Nafarroan COVID-19 ziurtagiria eskatzen ari dira 60 lagun baino gehiago sartzen diren jatetxeetan, gaueko ostatu eta dantzalekuetan, eta jan-edana baimendurik duten mila lagunetik gorako ikuskizunetan. Diskoteketan nola, atzo atezainak zeuden Nafarroako jatetxeetako atarietan. Iruñeko Olaverri erretegian, esaterako. Jendeak, hala ere, prest zeraman pasaportea; gehienek, sakelakoan. Erreserba batzuk bertan behera gelditu ziren; beste batzuk, murriztu.

«Guk ez dugu plana aldatu behar izan; are, ulertzen dugu neurria. Hobe da ahalik eta jende gehien txertatzea», esan zuen Jaime Amezkoak. Beatriz Lasterrarekin joan zen. «Aspaldi dugu pasaportea, bidaiatzeko behar genuelako», Lasterrak. Xabier Rodriguezek aspaldiko adiskideekin zuen bazkaria, eskola garaikoekin. Ez zen inor kanpoan gelditu: «Niri ongi iruditzen zait ziurtagiria eskatzea, txertatzea betebeharra delako. Gure taldean denek daukagu txertoa paratuta; beraz, denak sartu gara».

Ezohiko neurria zela agerikoa zen, kazetari anitz bildu baitziren jatetxeko atarian. Arauak nonahi irakur zitezkeen, ohartarazpen eta guzi: «Ez ditugu guk ezartzen arauak». Adolfo Larraza Olaverriko jabeak azaldu zuen neurriak ez ziela askorik eragin: «Hau hasi zenetik, langile bat dugu arauak azaltzeko eta gogorarazteko soilik». Ongi iruditzen zaio ziurtagiria eskatzea. «Traba bat gehiago da, baina hobe hori jatetxea ixtea baino». Gainera, uste du badela bezeroak eta langileak babesteko modu bat.

Beldur bakarra zuen: inor ziurtagiririk gabe agertzea eta sesioa izatea. Izan dituzte batzuk beste arauengatik ere. Ez hori bakarrik, ohartarazpena egin zuen: «Nik ezin dut nortasun agiria eskatu; ziurtagiria faltsua bada, ezin dut deus egin». Ikusgai da bestelako kontrolik izanen ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.