Ziurtagiriaren argibideak

Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimendu egin du COVID-19 ziurtagiria erabiltzeko Nafarroako Gobernuaren erabakia. Gaur gauerditik indarrean sartuko da foru agindua. Erabaki horrek zalantzak eragin ditu herritarren artean ziurtagiriari buruz. Hona hemen erantzun batzuk.

Herritar bat ziurtagiria erakusten Hiriburuko (Lapurdi) saltoki handi batean. GUILLAUME FAUVEAU
joxerra senar
2021eko azaroaren 26a
12:28
Entzun

Ipar Euskal Herrian bezala, bihartik Nafarroan ere eskatuko dute COVID-19 ziurtagiria zenbait lekutan. Eta zalantzak sortu dira: zer den, nola lortzen den, non eskatuko duten eta zergatik hartu den erabakia. Ziurtagiri hori Nafarroan eskatuko da.

Zergatik hartu da erabakia?

Intzidentziak gora egin duelako eta seigarren olatuan gero eta jende gehiago ospitaleratzen ari direlako. Ospitaleratutakoen artean, hiru soslai nabarmentzen dira, eta horietako bat txertoa hartu ez dutenak dira. Koadro kliniko larria garatzeko eta ZIUko oheetara joateko arrisku handia dute, eta, horregatik, gobernuak herritar gehiago txertatzea nahi du, osasun publikoko arriskuari aurre egiteko. Osasun adituek gomendatua dute txertoa hartu ez dutenak txertatzen jarraitzea.

Zer da ziurtagiria?

Berez, hiru agiri mota onartuko dira, eta hiruretako bat aurkeztuta nahikoa da. Batetik, txertoa hartu izana egiaztatzen duen agiria. Bigarrenik, pertsona horrek COVID-19a ez duela frogatzen duen proba diagnostiko bat, baina iraungitze data du —PCR bat 72 orduan iraungitzen da, eta antigeno test batek 48 ordu baino ez du irauten—. Osasun Departamentuak bidalitako SMS mezua edo osasun erakunde pribatu batek egindako proba ere onetsiko dira. Hirugarrenik, COVID-19a pasatu izana erakusten duen dokumentua —horrek sei hilabete irauten du—.

Nola lor daiteke txertoa hartu izanaren agiria?

Jadanik 300.000 nafar inguruk hartu dute. Modu bat baino gehiago dago. Internet bidez zein sakelakoaren aplikazio bidez, norberaren osasun karpetan badago modua agiria lortzeko. Osasun etxera ere joan daiteke, eta bertan eskatu.

Nork bultzatu du COVID-19aren pasaporte hori?

Ziurtagiri hori, berez, Europako Batasunak bultzatu du, herrialde arteko mugimenduak errazteko. Hegaldietarako eta bidaietarako eskatzen da.

Zerbait ordaindu behar al da?

Doakoa da.

Non eskatuko dute?

Zehazki, leku hauetan eskatu beharko dira ziurtagiriak: 60 bezerotik gora sartzen diren jatetxeetan —unibertsitateetako eta enpresetako jangeletan ez da eskatuko—; diskoteketan; ikuskizunak egiteko baimena duten kafetegietan eta baimen bereziko tabernetan —kasu horietan, gauerditik aurrera baino ez da eskatuko—, eta barrualdean egin eta jan-edana banatuko duten kontzertuetan eta mila pertsonatik gorako kultur ekitaldietan. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, igandean, ez da jan-edanik izango, eta horregatik ez dute eskatuko.

Nola jakin daiteke toki horretan eskatuko dutela?

Negozio horiek behartuta egongo dira ongi ikus daitekeen kartel handi bat jartzera. Bertan, irakurri ahalko da ziurtagiria beharrezkoa izango dela sartzeko. Toki horietan, barrualde guztietan bezala, maskara jantzita eraman behar da jateko edo edateko izan ezik.

Nork eskatuko du ziurtagiria?

Ziurtagiriak QR kode bat du, eta behartuta dauden negozioak eurak arduratuko dira egiaztatzeaz. Horretarako, gobernuak QR kodeak irakurtzeko aplikazio bat erraztu die. Dena den, ikusteko dago nola egingo den. Izan ere, QR kode horren jabea pertsona dela egiaztatzeko, teorian NAN agiria ere erakutsi beharko da, kode bera pertsona askok erabiltzen ez dutela egiaztatzeko.

Noiz sartuko da indarrean, eta noiz arte?

Gaur gauerditik urtarrilaren 7ra arte, gutxienez.

Beste neurriek indarrean jarraitzen dute?

Bai. Ziurtagiria, berez, COVID-19aren transmisioa eragozteko neurri bat gehiago da. Osasun adituek gogoratu ohi dutenez, txertoa hartu arren arriskua dago birusa transmititzeko edo, modu arinagoan bada ere, gaixotasuna garatzeko. Horregatik, babesteko neurriekin jarraitzea gomendatzen da: besteak beste, barrualdeak aireztatzea, topaketak kanpoan egitea, eta barrualdeak saihestea (eta, ezingo balitz, ondo aireztatuta eta maskara egoki jarrita), segurtasun distantzia gordetzea, pilaketak saihestea eta eskuak garbitzea.

Maskara jartzea derrigorrezkoa al da?

Bai, barruan. Kanpoan ere jantzi egin behar da 1,5 metroko segurtasun distantzia ezin denean gorde eta ekitaldi jendetsuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.