Albistea entzun

OMENDUA BEZAIN EZTABAIDATUA

Pablo Picasso hil zenetik mende erdi betetzen dela gogoratzeko, Frantziako eta Espainiako gobernuek 44 erakusketako programa bat osatu dute aurten elkarlanean, baina omenaldiaren aurkezpenetik hasita azaleratu dira artistaren figurak besteak beste genero ikuspegitik sortzen dituen zalantzak.
Pablo Picasso hil zenetik 50 urte beteko dira aurten, eta hainbat erakusketa eskainiko dizkiote.
Pablo Picasso hil zenetik 50 urte beteko dira aurten, eta hainbat erakusketa eskainiko dizkiote. IRVING PENN Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2023ko urtarrilak 22

Pablo Picasso margolaria da bakana, Pablo Picasso gizona ez baita askorik bereizten bere garaiko beste gizon ugarik izandako jarreretatik. Margolanetan parekorik ez duen hori, kontrastean, azukre koxkor bat bezain azkar urtzen da bere giroan, zirkuluan eta lagunartean nagusi zen misoginiaren eta pentsamendu kolonialaren itsasoan. Eta agerian geratu da bitasun hori, are, baita Picassoren heriotzaren 50. urteurrenerako Espainiako eta Frantziako gobernuek berrogei erakunderekin elkarlanean prestatutako 44 erakusketa inguruko ospakizun programa oparoaren aurkezpenean bertan ere.

Zehazki, 2022ko irailaren 12an egin zuten ekitaldia, Madrilgo Prado museoan. Gorbatak. Protokoloaren arabera banatutako eserlekuak. Txaloak. Baina hainbat hamarkadaz narrasean ibili ondoren, mikrofonoetaraino egin zuten jauzi artistari buruzko kritikek; esferarik altuenetara, gainera. Cecile Debray Parisko Picasso museoko lehendakariak xume onartu baitzuen lehenik Picassoren hainbat alderdi «zalantzan» jarri beharrekoak direla gaur egun, eta nabarmenago heldu baitziren itzalak gero, Estrella de Diego Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arte Garaikideko katedradunaren hitzaldian. «Picassorengan generoaren gaia lantzeko ordua iritsi behar zen, eta sentitzen dut, baina iritsi da; lotu ongi gerrikoak, horri buruz hitz egin ezean are agerikoagoa izango da eta». Eta XX. mendeko artearen ikur nagusi izandako artista, bat-batean, XXI. mendearen hasieran mahai gainean diren kultur eta politika debate konplexu eta urgenteen ikur bihurtu du haren heriotzaren urteurrenak.

Inor gutxi harrapatu du gaiak ezustean. Aspalditik datoz kritikak.

Françoise Gilot Picassoren bikotekide ohiak, bere biografian, kontatu zuen Picassok «nartzisismo argia» zuela, eta bikotekide zituen emakumeak minduz «gaizkia egiteko bultzada». 1950eko hamarkadan, Caroline Blackwood idazleak salatu zuen Picassok eraso egin ziola. Zenbait historialariren hitzetan, bizileku zuten apartamentuan, Picassok giltzaz itxita uzten zuen Fernandine Olivier bikotekide zuena, etxera bueltatzen zen arte. Ezagun dira Dora Maar artistari eta bikotekide izandakoari emandako tratu txarrei buruzko aipamenak ere, eta Marina Picasso bilobak berak gordin erretratatu zuen aitona izandakoa: «Bere sexualitate basatira azpiratzen zituen [emakumeak], otzandu egiten zituen, sorgindu, irentsi, eta oihaletan zanpatu. Hainbat gautan haien esentzia xurgatu ostean, siku utziak zituenean, haietaz libratzen zen».

SEXU PREDATZAILEA

Bizkarrean horiek guztiak eta gehiago zeramatzala antolatu zuen ekintza Maria Llopis artista valentziarrak 2021ean, Bartzelonako Picasso museoan. Picassok emakumeekin izandako jarrera salatzen zuten kamisetak jantzita joan ziren museora artista eta haren ikasleak. Berehala zabaldu zen irudia munduan. «Picasso erasotzailea».

Ez dira falta akusazio horiek guztiak ukatzen edo apaltzeko lana egin duten historialariak. Eta zirkulu ofizialetan, maiz, saihestu egin dira arantza horiek guztiak orain arte, baina urteurrenak nolabaiteko onarpen bat eman die orain. Parisko Picasso museoko zuzendariak urteurrenaren aurkezpenean aipatutakoa da horren froga, eta baita urteurrenaren harira museo horretan bertan antolatutako hainbat hitzaldi eta proposamen ere.

Orlan artista frantziarrak, esaterako, berrikusi egin duelako genero ikuspegitik gogorren kritikatu izan den Picassoren lan seriea: negarrez ari diren emakumeei eskainitako margolan multzoa, hain zuzen ere. Dora Maar malkotan betikotu zuena, tartean.

Baina, lekuan lekuko arduradunen borondateaz harago, ez dago argi jarrera hori urteurreneko gainerako ekitaldietara hedatuko ote den.

Sophie Chauveau egilearen Picasso le minotaur biografia da Picassoren itsuskeria horien guztien azken bildumetako bat. 2020an eman zuen argitara, eta hala laburbildu zion haren edukia 2021ean Vénus s'epilait-elle la chatte? podcasteko gidariari, Picassori eskainitako atalean. «Predatzaile sexual bat izan ote zen?», galdetu, eta baietz erantzun zuen Chauveauk. «Hala uste dut [...]. Doilorra izan zen mundu guztiarekin, bera Picasso zelako, eta, Picasso bihurtzeko, omnipotentzia eta inpunitate osoz aritu zen».

Izan ere, hamarkada luzez artearen historian bogan egon den jenioaren ideiari buruzko kritika bat dago une honetan Picassoren harira lehertzen ari den polemikaren oinarrian. «Kontzeptu baztertzailea da jenioarena». Estrella de Diegoren hitzak dira, berriz ere, Picassori eskainitako urteurrenaren aurkezpenekoak.

ARTEA ETA BIOGRAFIA

Artea eta sortzailea bereiztea ezinezkoa da, gainera, Picassoren kasuan. Kontua ez baita soilik, haren bikotekide izandako hainbatek adierazi dutenez, emakumeei tratu txarrak ematen zizkiela, baizik eta emakume horiexek direla bere obraren gaia askotan. Are, baita, zenbait arte historialariren arabera, haren sasoi artistikoak definitzeko modurik zehatzena izateraino ere. Eta, hala, izan da Picassoren ibilbidea haren bikotekide izandakoen izenen arabera antolatu duenik.

1980ko hamarkadan hasi ziren jada arte historialari feministak zalantzak azaltzen Picassoren bikotekide izan zirenak haren obra azaltzeko erabiltzeari buruz. Rosalind Krauss izan zen haietako bat. 1980ko In the name of Picasso tituluko artikuluan salatu zuenez, esaterako, historialarien artean bazen joera bat Picassoren artea haren biografiaren arabera garden deskodifikatu zitekeen zeinu modura ulertzekoa. Eta Kraussek murriztailetzat zeukan artea ulertzeko modu hori.

1904ko La Vie koadroa jartzen du adibidetzat Kraussek; izan ere, hasieran, bizitzaren eta amodioaren parabola moduko bat zela uste zuten arte historialariek, baina kolpean aldatu zen dena ohartu zirenean irudi horretako gizona Picassoren lagun izandako Carles Casagemasen erretratu bat zela. Germaine Pichot izeneko emakumearen ezezkoak zeharo asaldatuta, pistolaz hura hiltzen saiatu zen lehenik Casagemas, eta, huts egin ostean, bere buruari egin zion tiro. Ikusleen begietara ordura arte estudioko ikerketa piktoriko bat zena, gizontasunaren, ezintasunaren eta amodioaren krudelkeriari buruzko koadro bat bilakatu zen harrezkeroztik. Picassoren aitortza autobiografiko bat ere izan zitekeen, gainera, zeren pintoreak aurrez egindako hainbat autorretratu hartu baitzituen oinarritzat koadro hura pintatzeko. Eta Theodore Reff ikerlariaren esaldi bat aipatzen du Kraussek biratze horren ikurtzat. Reffen hitzetan, «emakumeek egoera jasanezin eta erabat tragiko batera bultzatu zuten sentsazioaren adierazpidea» baitzen koadroa.

Eta, Kraussek salatzen duenez, analisi biografiko hori bilakatu zen koadroari buruzko «benetako» analisia, eta bazterrean geratu ziren kolpean koadroan bertan jarraitzen zuten alderdi formalagoak eta artearen historiari egiten zizkion keinuak.

ARAZO PRAKTIKOAGOAK

Aurten Picassori eskainitako omenaldi erakusketek sortutako arazo praktikoago batzuk ere badaude. Peio H. Riaño arte kazetariak El Diario agerkarian azaldutakoaren arabera, artistaren lanak eskuratzeko lehia estua sortu dute urteurreneko ekitaldiek, haren lanak eskura dituzten bilduma partikular zein museoek ez baitiete erraz utziko alde egiten, noiz eta Picassoren urteurrenean.

Iaz hasi zituzten ospakizun erakusketak, baina aurtengoa da urteurren ofiziala. Eta Euskal Herrian, Bilboko Guggenheim museoa da egitarauan parte hartuko duen museo bakarra, eta baita urteurren ospakizunei itxiera emango dieten erakundeetako bat ere. Uda ostean da irekitzekoa hari eskainitako erakusketa. Malagako (Espainia) Picasso museoarekin elkarlanean antolatuko dute, Picassoren eskulturei eskainiko die arreta osoa, eta Lucia Agirre izango du komisarioetako bat. Malagan izango da erakusketa lehenik, eta irailetik urtarrilera egongo da gero ikusgai Euskal Herrian.

BERRIA iazko azken hilabeteetan saiatu zen museoarekin eta komisarioarekin hitz egiten, Picassoren alde arantzatsuak nola landu asmo zituzten eta piezak lortzeko zailtasunik ba ote zuten galdetzeko, baina ez dute gonbidapena onartu. Museoaren 25. urteurrenak ekarri dien lan zama aipatu dute ezezkoa emateko argudioen artean, bai eta euren erakusketa urteurren amaieran izango dela ere.

ERAKARMENAREN MITOA

Emakumeenganako tratuarena edota beste kulturetako tradizioa baliatzeko joera ez da beti egon eztabaidaren erdigunean. Kontrara.

Emazte izan zituenekin izandako gorabeherei buruzko aipamen txiki eta apur batzuk bakarrik dakartza Gijs van Hensbergen historialariaren 430 orriko Guernica liburu monumentalak (2004), esaterako. Eta bestelako motiboengatik piztu zuen polemika John Berger idazleak artistari eskainitako The Success and Failure of Picasso saiakera buruargiak ere. 1993an eman zuten argitara, artista artean bizirik zela, eta liburuko lehen kapituluan Bergerrek haren artelanen prezioei buruz egindako oharrek piztu zituzten kritikarik zorrotzenak.

Ordea, espezifikoki genero gaiei buruzko aipamen zuzenik ez du Bergerren lanak. Eta, halere, zeharka, Picassoren lagunek haren «jenialtasuna» haren «gizontasunarekin» nola lotzen zuten deskribatzen du Bergerren testuak, 1952an George Bessonek artistaz esandakoak errekuperatzen dituenean. «Gizon honek bi diamante beltz ikusgarri dauzka [...]) Beste batzuek begiak dituzten lekuan daramatza. Esaten dudan bezalaxe da. Eta ziurtatu dezaket emakumeek burua erabat galtzen dutela haien distirak harrapatzen baditu».

TENTSIOA ETA TXALOAK

Lehen lerroko bilakatu da gaia egun. Tentsioa pizten du. Prado museoan egindako urteurrena aurkezteko ekitaldian bertan ikusi zen hori.

Picassori buruz ikasleekin izaten dituen tirabirak izan zituen mintzagai Estrella de Diegok bere hitzaldian. Deskribatu zuenez, ikasle horiek prest baitaude haren artelanak biltegira jaisteko —baita Gernika bera ere, zeren, nahiz eta hasieran, haren eduki «politikoa» kontuan harturik, onargarriagotzat jo, gero iritzia aldatu ohi baitute, Picassok artelan hura sortu bitartean Dora Maar artistarekin izandako jarreraren berri izan ostean—, eta, katedradunak dioenez, emakumeekin izan zuen jarrera eta apropiazionismo akusazioak dira ukazio horretara heltzeko motiboak. Horregatik daude ikasleak Picassoren aurka.

Gai horiei izkin egin ezina aipatu zuen De Diegok. «Erreparazio, kantzelazio eta errestituzio garaiak dira, eta, gustatu ala ez, gazteek ez dute onartzen neskatoak eta minotauroak artelan hutsak direnik, eta kartel esplizituagoak eskatzen dituzte, eta, nire ustez, eskubidea dute horretarako».

Baina, horiek guztiak onartuta ere, Picassori berriz begiratzeko beharra aipatu zuen katedradunak. Haren ustez, artistaren izaera poliedrikoak, gainera, aukera ematen du gai horiei guztiei buruz ere pentsatzeko. «Nik ezin dut Picasso kantzelatu», azaldu zuen katedradunak; «ez dut horretarako eskubiderik».

ARTEA «MORALIZATZEA»

De Diegok hitzaldia bukatu berritan, ordea, publiko artean zegoen gizon batek hitza hartu zuen —bideoan ez da jakiterik nor den—, mikrofonorik gabe ere, salatzeko artearen kontzeptuak «moralizatzen» ari direla gaur egun, eta ezin direla halako berrikuspenak egin, adibidez, Vladimir Nabokoven Lolita eleberriarekin gertatzen den bezala. Nabarmena zen deserosotasuna Carlos Alberdi Picassoren Urtea antolatzeko Espainiako mandatariaren aurpegian, eta, hasierako zalantza uneen ondoren, «eskertzen dizugu oharra» esanez eten zuen hizlari anonimoa. Txalo zaparrada batek bete zuen aretoa ondoren kolpean. Baina ezin argi esan Alberdiren esku hartzea ospatzeko izan ote zen, edo gizon ezezagunaren oharra eskertzeko; zeren, justu ondoren, nabarmen apalago jo baitzieten txalo mandatariak De Diegoren hitzaldiari emandako esker hitzei.

Eta, hain zuzen ere, bi txalo zaparrada horien artean dabil Picassoren figura haren urteurrenean.

«Espainiar handiaren sorkuntzak aldi berean dira gure sasoiak inpresionismoaren amaieratik Bigarren Mundu Gerrara arte bizi izan dituen aldaketen gorpuzte eta profeziak». Octavio Paz idazle eta arte kritikari mexikarrak etengabeko transformazioan deskribatu zuen Picassoren artea Marcel Duchamp artistari eskainitako La apariencia desnuda liburuan, 1973an. «Picasso etorkizunean gertatuko dena eta une honetan gertatzen ari dena da, etorkizun dena eta antzinako dena, urrunekoa eta gertukoa. Abiadurak ematen dio aldi berean han eta hemen egoteko aukera, mende guztietakoa izatekoa, inoiz unean uneko izateari utzi gabe». Hain justu. Etorkizunerantz jaurtitako baieztapen baten modura egin zuen artistak XX. mendeko igaroaldia, baina galdera markaz beteta hasi du XXI. menderako ibilbidea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Alena Baeva biolinista. ©ANDREJ GRILC

Beethovenen 'Bosgarren sinfonia' interpretatuko du Euskadiko Orkestrak

Erredakzioa

Dinis Sousak aurrenekoz zuzenduko du orkestra denboraldiko bosgarren programan. Hilaren 3tik 9ra izango dira kontzertuak
Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. ©Jagoba Manterola / Foku

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Andoni Imaz

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Nork bere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...