Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Bide luze bat

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
'The Railway Man'

Zuzendaria: Jonathan Teplitzky. Aktoreak: Colin Firth, Nicole Kidman. Herrialdea: Erresuma Batua-Australia.

Kritika honen izenburua The Railway Man filma Espainiako zinema aretoetan estreinatuko den izenburu bera da (gazteleraz, Un largo Viaje). Normalean haserretu egiten naiz banatzaileek jatorrizko izenburuekin egiten dituzten zentzugabekeriekin. Publikoa erakartzeko aitzakiaz lanaren itxura eraldatzeko gai dira, iruzurrezko trailerren laguntzaz. Baina oraingoan bat nator hartutako erabakiaz. Jonathan Teplitzkyren filma bidaia luze bat da. Bai, metrajearen luzapena berriz ere. Honezkero ez dakit zenbat film ikusi ditugun Zinemaldi honetan arazo berberarekin. Azken joera bat izango al da?

Istorioa a priori interesa pizteko modukoa da. Eric Lomax ofizial britainiarra Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu eta lan esparru batera bidali zuten, eta bertan torturak jasan zituen. Hainbat hamarkada geroago, Lomaxek bere sufrimenduaren errudun izandako soldadu japoniarrak bizirik jarraitzen duela jakingo du.

Oscar sariak gogoan dituzten melodrama akademizisten usaina du. Egun, zilegi da jarrera batere ez garaikidea erakustea, klasizismoz azaldutako lanek jarraitzaile ugari baitute. Ziur, ikusle nagien konplizitateaz bere ibilbidea egingo du. Hortik harago, filmak ez du bere helburua betetzen, eta nekez lortuko du ikuslea hunkitzea. Osagaiak urriak dira. Colin Firth aktore hutsezinak oraingoan ez digu bere klase magistrala erakutsi, eta Nicole Kidman azken aldi honetan ez dago bere mailan. Eta produktu hauetan ohikoa den argazkigintza eta musika ez dira batere aipagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.