Remziye Tosun. HDP alderdiaren Diyarbarkirko diputatua

«Gizateriaren aurkako krimen bat izan zen»

Etxea kez bete ziotenean soilik utzi zuen Sur auzoa Tosunek, setioaren 96. egunean, eta, ospitalera eraman ordez, espetxera eraman zuen Poliziak, lau hilabeteko alabarekin.

ORSOLA CASAGRANDE.
Diyarbakir
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hamar urteko kartzela zigorra jarri berri diote duela bi aste Remziye Tosun HDP alderdiaren Diyarbakir hiriko diputatuak. Turkiako Parlamentura heldua da haren immunitate parlamentarioa bertan behera uzteko eskaria. Legez kanpoko erakunde bateko kide izatea egozten diote zehazki, baina, sakonean, Turkiak 2015ean eta 2016an Sur auzoari ezarritako setiotik bizirik atera ziren guztiak zigortzeko saio bat da akusazioa. Dicle Kent auzoan duen etxean bildu da harekin BERRIA. «Auzo anonimo bat da hau, Surrekin inolako zerikusirik ez duena. Hemen inork ez du inor ezagutzen. Itogarria egiten zait». Hiriaren bihotzean dago Sur. 7.000 urteko historia du auzoak, eta Unescok ondaretzat aitortua duela gogoratu du Tosunek. «Baina nazioarteko erakundeak, gero, ez zuen ezer ere egin setiatu eta suntsitu zutenean». Setioa bizi izan zutenek, ordea, oso gogoan dute gertakari hura. Tosunek 96 egunez egin zion uko etxetik alde egiteari.

«35 urte ditut. Diyarbakirren jaio naiz, baina familiak herrira itzuli behar izan zuen 1980ko kolpearen ondoren. 17 urterekin ezkondu, eta orduan itzuli nintzen, Sur auzora. Lau seme-alaba ditut. Setioa hasi aurretik, emakume normal eta arrunta nintzen, etxekoandre bat. Banekien kurdua nintzela, baina ez nengoen politikan sartuta. 2016an HDP ezagutu eta handik gutxira hasi ziren gure auzoaren aurkako erasoak».

Sur bizitza komunitarioaren eredutzat aurkeztu du Tosunek. Autoantolatua eta solidarioa. 2015eko abenduaren 11n ezarri zen etxeratze agindua, ordea. Urte hartako abuztuan aldarrikatu zuen administrazio kurduak autonomia demokratikoa. Autogobernua, alegia. Eta, bat-batean, auzoa gudu zelai bilakatu zen. «Tankeekin etorri ziren, bonbekin, gasekin. Gure gazteak gorpu agertzen hasi ziren».

Setioa hastean, Surren gelditzea erabaki zenuen, eta 96 egunen ostean atera zintuzten.

Nire alaba txikienak, Beritanek, lau hilabete zituen. Eraso gogorrak izan ziren egun hartan; negar gasa jaurti zuten, eta umeak kordea galdu zuen. Ni neu ere lurrean nengoen, eta ezinezkoa zitzaidan zutitzea. Beritani dei egin nion, baina ez zen mugitzen. Hil egin zela uste nuen. Gero eztul egin zuen, eta esnea eman nion. Ez dut sekula ahaztuko alabaren gelditasun hura. Militarrak eta polizia iritsi ziren gero eta etxetik atera gintuzten. Ospitalera eramango gintuztela pentsatu nuen, baina kartzelara eraman gintuzten alaba eta biok. Hamabost hilabete egin genituen han.

Ateratzean, zure etxea suntsituta zegoela esan zizuten.

Ikaragarria izan zen. Baina Sur-en gertatutakoa izan zen okerrena. Sarraski bat izan zen, eta munduak ez zuen erantzun. Milaka etxe suntsitu zituzten, eta jendeak lekuz aldatu behar izan zuen; gizateriaren aurkako krimen bat izan zen, 2017an Giza Eskubideen Batzordeak ere onartu zuenez. Argi dago Surreko biztanleria lekuz aldatzea zela gobernuaren asmoetako bat, horrela apurtu egiten zutelako auzoan sortutako elkarbizitza.

HDPko diputatu hautatu zintuztenean, esan zenuen Surreko ahotsa parlamentura eramatea zela zure helburua. Lortu duzu?

Baietz uste dut, eta, hamar urteko kartzela zigorra ezarri badidate ere, ez dut uste Rmziye Tosun bakarrik zigortzen ari direnik, baizik eta Sur osoa. Gobernuak ezin du onartu harmonian oinarritutako bestelako bizitza baten itxaropena, zeinean kultura, etnia eta erlijio guztiak elkarrekin bizi daitezkeen, bakean, euren berezitasunak aberastasun bilakatuta.

Zer mezu bidaliko zenioke Surreko sarraskiaren aurrean isilik gelditu zen Europa horri?

Demokrazian sinisten duen Europako jende guztiari esango nioke: ez gelditu isilik, aldarrikatu HDPren mezua zuena ere badela, gure aurkako sarraski politikoari irabazten uzteak demokrazia murriztuko baitu Europan, eta mundu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.