Literatura. 'Balou mendikateko balada'

Mitotik haragokoak

Egilea: Yan Lianke. Itzultzaileak: Aiora Jaka eta Maialen Marin. Argitaletxea: Elkar.

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun

Txinako literatura hutsune nabari bat da euskarara itzulitakoen artean, Maialen Marin-Lacarta itzultzaileak esana duen bezala; apenas dagoen ezer euskaraturik munduan hiztun gehien dituen lehen hizkuntzatik. Horregatik, oso garrantzitsua da Aiora Jaka Irizarrek eta Marin-Lacartak egin duten ekarpena, bai 2013an Mo Yan Nobel sariduna euskaratu zutenean, bai Yan Liankeren Balou mendikateko balada euskaratu duten honetan ere. Azpimarratzekoa da, gainera, zuzenean itzultzen dutela txineratik, zubi hizkuntzarik gabe; hori esanda ez dut erdeinatu nahi zubi hizkuntzekin lan egiten duen ezein itzultzaile, zeinak ez baitira gutxi gure artean, eta lan benetan finak eta beharrezkoak egin baitituzte. Nolanahi ere, garrantzitsua iruditzen zait txineratik zuzenean itzultzea, ez jatorrizko hizkuntzari fidel izatearren, baizik eta gure inguruko ohiko hizkuntzen morrontzatik askatze aldera, hartara ez dezagun betiko hizkuntzetatik itzuli beti.

Oraingo nobela honek, gure literatura itzuliari ekarpen berebizikoa egiten dion arren, leku txikia du egilearen obran, nobela laburra baita, eta ez baita egileak jaso dituen sari ugarien erantzule. Argumentuaren erdian You familiako lau seme-alabak ditugu, zeinek nolabaiteko eritasun mental bat baitute. Ordea, istorioaren benetako protagonista haien ama da, nobelan ahaleginak eta bi egiten dituena, seme-alabenganako tratu txarrak gorabehera, haiek aurrera ateratzeko. Istorioa landa eremuan girotua dago, eta paisaiaren eta giroaren laztasuna bat dator familiaren istorioaren gordinarekin. Nobela osoan, Liankek ipuin mitikoen zenbait ezaugarri josten dizkio kontaera errealista samar bati, berak mitoerrealismo deitzen duen estiloan: ia madarikazioak diren gaixotasunak, ametsak, elementu fantastikoak... Badirudi Lianke elezahar bat kontatzen ari zaigula, hala tonuan nola istorioan bertan, baina, kontaera berezi horren bitartez, esplizituki sekula aipatzen ez duen egitura sozial bat papereratzen du. Zeharka haztatzen du errealitatea, elementu errealistekin bainoago kutsu mitiko batekin, eta halarik ere ukaezina da nolabaiteko gizarte erretratu bat —aski distortsionatua bada ere— taxutzen ari zaigula, edo zirrimarratzen, bederen. Ez dakit zehazki mitoerrealismoa horretan datzan ala ez, baina, edonola ere, txalotzeko modukoa iruditzen zait Liankek nola lortzen duen, teorizazio propio horren bitartez, ikuspuntu sozial bat txertatzea bere estetika pertsonal ezin bereziago horretan.

Mitoerrealismo hitza buruan bueltaka izanda, saihetsezina da nobela hau irakurri ahala beste zerbait ere gogora etortzea: errealismo magikoa. Ez naiz ausartzen itxuraz behintzat hain urrunak diren bi hitz horiek zuzenean lotzera, baina nago ezen, Mendebaldeko irakurlearentzat behintzat, Hego Amerikako oihartzun horiek oso agerikoak direla. Esate baterako, iruditu zait heriotzaren gaiak —nobelan hilek daukaten presentzia korporalak, bai eta hilen eta bizien arteko lotura intimoak eta muga lausoak ere— oso gertutik jarraitzen diola Juan Rulforen Pedro Páramo-ri. Halaber, distantziak distantzia, ezin aipatu gabe utzi, irakurleak atrebentzia barkatuko badit, ezen landa eremuaren deskribapenetako asko ia Joan Mari Irigoienen Babilonia ederretik atereak iruditu zaizkidala, paisaiaren karga sinbolikoa istorioarekin josteko eragatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.