Literatura. 'Auschwitzeko tatuatzailea'

Poz mingotsa

Idazlea: Heather Morris. Itzultzailea: Miel Anjel Elustondo. Argitaratzailea: Alberdania.

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ezohikoa da, eta ospatzekoa, inondik ere, nazioartean berehalako sona eta arrakasta izan dituen eleberri bat plazaratu eta urtebete eskasera edukitzea euskaraz. Iaz ere gertatu zitzaigun antzekorik, Julian Barnes idazle bikainaren Istorio bakarra ingelesez argitaratu eta berehala izan baikenuen euskaraz, Meettok etxean, are gaztelaniazko itzulpena baino lehenago ere. Oraingo honetan ere, ohi ez bezala, 2018an argitaraturiko bestseller bat daukagu, Heather Morrisen Auschwitzeko tatuatzailea. Pozik egotekoa da gure jardun editorialak lantzean behin lortzea munduko merkatuaren gorabeherei erantzutea, literatura-sistema normalizatu bat bagina bezala. Pena da, hortaz, ospatzekoak hor bukatzea onen-onenean erdipurdikoa den liburu honi dagozkionetan.

Holokaustoari buruzko bestsellerren azpigenero maiztuan, nobela hau ekarpen «zintzo» eta «liluragarri» bat omen da, mundu osoko hainbat ahotsen esanetan. Egiazko istorio bat dauka oinarrian: Lale judu eslovakiarra da protagonista, eta haren eta Gitaren arteko maitasun-istorioa kontatzen zaigu, zeina Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan loratzen baita. Besteak beste, kontatzen zaigu nola iritsi zen Lale Auschwitzera, nola iraun zuen bizirik bertako tatöwierer- edo tatuatzaile-lanetan (preso berriei identifikazio-zenbakia tatuatzea zuen lana), nola ezagutu zuen Gita, nola etorri zen errusiarren askapena.

Egileak elkarrizketa ugari izan zituen hezur-haragizko Lale Sokolovekin, istorioaren zuzeneko lekukotza jaso eta gero filmerako gidoi bat ontzeko asmoz (antza, gidoiak huts egin, eta nobela bihurtu zuen; adierazgarria oso). Eta bi alde horiek antzematen zaizkio Auschwitzeko tatuatzailea-ri: batetik, ahozko lekukotza batean bermatzen dela, eta lekukotza hori ezinago baldar dagoela fikzioratua, istoriorik apenas osatzen duten pasadizo solte eta ia ausazkoetan; bestetik, nobela hau gidoi bat zela hasieran, eta formaz ere apenas aldatu duela, orainaldian kontatutako ekintza-sorta bat (eta doa, eta egiten du, eta ikusi du) eta elkarrizketa ugari baino ez baitaude nobela osoan. Pertsonaiek ez dute sakontasunik (are gutxiago garapenik), eta apenas dagoen emoziorik ere eleberri osoan; krimen barkaezina, hain zuzen maitasun-istorio bat oinarri izanda.

Horrelako porrotak diren nobela gehienak bezala, azken finean eleberri honek zera du akatsik handiena: ez ulertzea literatura bitarteko gisa, eta, ondorioz, ez baliatzea literaturak berezko dituen mekanismo eta ezaugarriak: gogoetak, barne-bakarrizketak, pertsonaien introspekzioa, girotzea, deskribapenak, baliabide poetikoak... Ez dago Jane Austen edo Virginia Woolf izan beharrik mekanismo horiek, gutxieneko teknika literario apur bat ezagutu eta behar bezala erabiltzeko, asmo estetiko oro alboratuagatik, beste hainbat bestsellerrek ere ondo egiten duten bezala.

Ez dut esan nahi eleberriak baliorik ez duenik; ikusita nolako arrakasta izan duen mundu osoan, askorentzat oso gozagarria izango da, ziur, eta euskal irakurleen artean ere izango du bere publikotxoa. Baina, halakoak ikusita, bi aldiz pentsatzekoa iruditzen zait zer-nolako literatura ekarri nahi dugun halako apustuak egiten ditugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.