ATZEKOZ AURRERA

Oinetako beste elkartasun

'Jantzi negua' egitasmoa antolatu du Zaporeak elkarteak, Greziako errefuxiatu esparruetan bizi diren pertsonentzat neguko oinetakoak biltzeko. 22 herritan jaso dituzte zapatak.

Donostian, Gipuzkoa plazan egin du Zaporeak elkarteak oinetako bilketa. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Jendearen joan-etorria etengabea da Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiko eraikinaren aterpean. Lau mahai daude arkupeen artean jarrita, eta pare bat pertsona dago bakoitzean, jendearen oinetakoak biltzen. Atzealdea, berriz, plastikozko poltsaz beteta daukate, eta boluntarioak gelditu gabe ari dira horiek kamioira eramaten. Zaporeak elkartea da erantzulea, Jantzi negua ekinbidea egin baitzuten atzo, Greziako errefuxiatuentzat neguko oinetakoak biltzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 herritan.

Sei urte daramatza elkarteak Lesbosko errefuxiatu esparruan bizi diren pertsonentzat otorduak prestatzen. «Hori da gure lana, otordu duin bat ematea une pozgarri bat izan dezaten», azaldu du Peio Garciak, Zaporeak elkarteko kideak.

Baina elikaduraz gain, beste hainbat behar ere sumatu dituzte: «Orain, negua datorrenez,oinetakorik gabe daude: asko txankleta hutsean, beste ezer gabe». Behar horri erantzuteko egin dute bilketa, eta Greziaz gain, Siriako errefuxiatu guneetara ere eramango dituzte oinetakoak.

Jende ugari joan da bilketa gunera. Batzuek poltsa txiki bat dute eskuan, baina bada erosketetako orga bat edo bidaiatzeko maleta bat bete duenik ere. Denetik eraman dute: haurrei txiki geratutako oinetakoak, aspaldian armairu bazterrean utzitakoak edo dagoeneko balio ez dietenak. Denetik, bai, baina erosoak denak: «Bigarren eskuko denda batean jarri behar nituen erabiltzen ez nituen oinetako batzuk, berri-berriak, baina deialdia ikusi nuen, eta hona ekartzea erabaki dut», azaldu du neska gazte batek.

Deialdiaren berri izan ez duten hainbat pertsona ere agertu dira, zer gertatzen ari den galdezka. Ekinbidearen berri emanda, harrituta geratu dira, jende ilara luzeari so: «Eta hauek guztiak daude horretarako?», diote. Beste batzuk, berriz, zein ordutara arte dauden galdetu diete antolatzaileei, etxera joan eta beren oinetakoak eraman ahal izateko.

Erantzunarekin,«pozik»

Boluntarioek, oinetako pareak elkarrekin lotu, eta plastikozko poltsetan sartzen dihardute. Zer moduz ari diren galdetuta, irribarrez diote, esku artean daukatena albo batera utzi gabe: «Oso ondo, gainezka».

Pozik dago Garcia ere, beste behin, herritarrek emandako erantzunarekin: «Bilketa egiten ari diren herri guztietatik ari zaizkigu deitzen, eta jende asko ari da inplikatzen. Lanez gainezka gaude, baina pozez zoratzen, negu bero bat pasatuko dutelako».

Bihar hasiko dira oinetakoak paletetan antolatzen, eta datorren astean abiatuko da lehenengo kamioia Greziarantz, elkartasunez berotzeko oin bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.