Hiru hamarkada gizarte eskubideen alde lanean

Berri Otxoak gizarte bazterketaren kontrako plataformak 30 urte bete ditu, eta taldearen abiapuntu izan zen lekuan ospatu du urteurrena: 1992ko abuztuaren 12an Barakaldoko Udalak hustutako lokalean.

Berri Otxoak taldeko kideak, Barakaldoko Udalak duela 30 urte hustutako lokalaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Duela 30 urte gertatu zen. Barakaldoko Udalak Berriotxoako Balendin Deuna kalean zegoen lokala hustu zuen, eta ateak eta leihoak adreiluz hormatu zituen, inor berriro sar ez zedin. Zirika irrati librea, antimilitaristak, feministak, ekologistak, Etxepare euskara taldea, jai batzordea eta gune hori erabiltzen zuten herriko beste elkarteak kalean gelditu ziren egun batetik bestera. Abuztu gorria izanagatik ere, kaltetuek azkar erreakzionatu zuten, eta koordinakunde bat sortu zuten, hurrengo hilabeteetan mobilizazio eta protesta ugari antolatuko zituena. Mugimenduaren ernamuina Berriotxoa kaleko lokala izan zenez, taldeari Berri Otxoak izena jarri zioten.

Plataformak bilakaera handia izan du 30 urte hauetan. Hasieran, herriko taldeentzat lokalak lortzea zen haren eskakizun nagusia. Geroago, esparrua zabaldu eta okupazioa eta etxebizitzaren arazoa jorratzen hasi ziren. Belaunaldi gazteek okupazioaren aldeko mugimenduari heldu ziotenean, lan ildoa aldatu eta pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako lanean murgildu ziren buru-belarri.

Horretan dihardute gaur egun, eta esan daiteke azken urteotan Bizkai osoan loratu diren etxebizitza sindikatu, elkartasun sare eta eskubide sozialei buruzko informazio bulegoen aitzindari eta eredu izan dela Berri Otxoak hiru hamarkadaz.

Urteurrena gogoratzeko, plataformako dozena bat kide Berriotxoa kaleko egoitzaren aurrean elkartu ziren atzo; «taldearen sorburua» izan zen lekuan, plataformako kide Sheila Fernandezek esan bezala. Udalak hustu ondoren, egoitza hamar bat urte egon zen erabili gabe; gaur egun, droga mendekotasunaren kontrako modulu psikosoziala dago han.

Salaketak baino gehiago

Fernandezek esan duenez, azken hiru hamarkadetan Berri Otxoak taldea «kalean» egon da, eta salaketa eta protesta ugari antolatu ditu murrizketen kontra, etxegabetzeak geldiarazten saiatzeko, edo gizarte eskubideen alde. Baina haien lana ez da izan salaketa hutsa: koordinakundea sortu eta gutxira, 1994ko martxoan, hiru solairuko eraikin bat okupatu zuten Barakaldoko Apuko kalean. Okupazioak iraun zuen hiru urteetan, plataformaren egoitza izateaz gain, horren beharrean zeuden zenbait lagunen bizitokia ere izan zen Berri Etxea izenaz bataiatu zuten eraikin hura.

1997ko azaroan beste egitasmo bati ekin zion Berri Otxoak taldeak: gizarte eskubideei buruzko informazio bulego alternatiboa. Gizarte laguntzak eskuratzeko bete beharreko prozedurei buruzko informazioa ematea, babestutako etxebizitza lortzeko prozesuan herritarrei laguntzea eta, oro har, behar dutenei babes juridikoa ematea da bulegoaren eginkizuna.

25 urte geroago, bulegoak oraindik ere ematen du zerbitzu hori, astean behin, eta, urte horietan guztietan, 14.016 familia igaro dira handik. «Desindustrializazioaren ondorioz, pobrezia eta prekaritatea arazo oso larriak ziren Ezkerraldean Berri Otxoak sortu zenean», gogorarazi du Fernandezek. «Orain, 30 urte geroago, egoerak bere hartan dirau, eta, arlo batzuetan, orduko arazoak are larriagoak dira orain. Plataformaren lana duela 30 urte bezain beharrezkoa da gaur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.