Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Gobernu akordioa

Koronabirusaren legealdiko ituna

Hirugarrenez lortu dute gobernu akordioa jeltzaleek eta sozialistek. Oraingoan, gainera, gehiengo osoa izango dute, 41 ordezkarirekin. Pandemiak sortutako krisiari aurre egitea du xede itunak, eta, horretarako, enpleguan eta gizarte politiketan neurri zehatzak hitzeman dituzte.

Idoia Mendia PSEko burua, atzo, ituna eskutan duela. RAUL BOGAJO / FOKU.
Maider Galardi
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Legebiltzarreko ordezkari guztien arreta bereganatua zuela, eta kameren fokuak begira zeuzkala eman du argitara Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAJk eta PSEk datozen lau urteetarako adostutako gobernu akordioa. Gobernuburu hautatua izateko atzo goizeko lehen hitzaldia baliatu zuen bi aldeen arteko ituna xehatzeko: 91 orri, ia 90 minutuko solasaldian. Joan den ostegunean jakinarazi zuten bi aldeek akordioa osatzeko oinarriak finkatuak zituztela, eta astelehenean eman zioten babesa alderdien oinarriek itunari, baina atzo arte ez zen ezagutarazi sozialistek eta jeltzaleek osatutako gobernu programa. Urkulluren esanetan, «pandemiaren ondorioak leuntzea» izango da legealdiaren «erronka», eta, horretarako, ekonomia suspertzea eta gizarte politikak indartzea izango dituzte lehentasun, ez baita ohiko legealdia izango, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakari hautatu berriaren arabera: «Koronabirusaren legealdia» izango da datorrena.

Akordioaz harago, ez du eman Eusko Jaurlaritza osatuko duen taldearen xehetasun gehiago. Larunbat goizean, Gernikan (Bizkaia) izango du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kargu hartzea, baina EAJko iturrien arabera, ez du gobernu taldea arratsaldera arte aurkeztuko. Beraz, itunean sakondu nahi izan du Urkulluk, eta bost neurri eta erronka zehatzen balioa nabarmendu: langabezia %10aren azpitik mantentzea, pobrezia %9aren azpitik, Osakidetzako lantaldean beste 4.000 langile kontratatzea, ikerketan inbertitzea, eta emisio kaltegarriak gutxitzea.

Akordioa «errealismo konstruktiboan» oinarrituta dagoela esan du, eta «herri auzolanak inoiz baino zentzu handiagoa» duela nabarmendu. Bi aldagai horiek ardatz hartuta, lau atal nagusitan banatu dute akordioa: enplegua eta ekonomia suspertzea, gizarte politikak indartzea eta giza eskubideak bermatzea, ingurumen gaiei lehentasuna ematea eta bizikidetza eta autogobernuan aurrerapausoak egitea. Hain justu, joan den astean ohartarazi zuten desadostasunik nabarmenenak autogobernuaren atalean dituztela.

Ekonomia eta enplegua suspertu eta indartzea

Koronabirusak eragindako krisiak luze iraungo duela aurreikusi du Urkulluk mintzaldian, eta sozialisten eta jeltzaleen akordioan jaso dituzten zenbait neurri iragarri ditu, guztiak ekonomia suspertzeko eta garraio azpiegiturak hobetzeko.

Besteak beste, Garapen Industrialerako Plan Estrategikoa onestea aurreikusi dute, eta horrekin industria eta zerbitzu aurreratuak BPGaren% 40ra heltzea da asmoa. 2030. urtean «Euskadi berrikuntzaren alorrean Europako eskualde aitzindari» izateko nahia ere iragarri du Urkulluk, eta, hain justu, berrikuntzan eta ikerketan egin nahi dituzte inbertsio handiagoak, eta aurrekontuaren %6 igo nahi dute urtero. Gainera, enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatzeko programak ere abian jarriko dituztela iragarri dute.

Enpleguari dagokionez, langabezia %10era jaisteko neurri zehatzak iragarri ez baditu ere, gazteen enplegua sustatzeko proiektuak ere bildu ditu bi aldeen arteko itunak. Zehazki, gazteak lan munduan sartzeko 30.000 postuko programa bat iragarri du lehendakariak, baita Lanbide bidez 4.000 postu sortzeko konpromisoa ere. Merkataritza eta Ostalaritza plana eguneratzeko asmoa dutela ere jakinarazi du,

Bestalde, garraio azpiegiturei dagokienez, bi aldeen akordioak jasotzen du Abiadura Handiko Trena datorren legealdian amaituko dutela: «Euskal Y-a amaituko da, Irun, Donostia, Ezkio, Bilbo eta Gasteizko geltokien eraikuntzekin». Donostiako topoaren proiektua amaitzea ere jaso dute itunean. Garraio azpiegituren transferentzia eskuratzea ere espero dute, eta etxebizitzen alokairuan laguntzeko proiektuak iragarri dituzte.

Gizarte politikak indartu eta eskubideak bermatu

Urkulluk osasuna, hezkuntza eta berdintasuna izan ditu ardatz bigarren atalean. Gobernu akordioaren txostenean ere hainbat neurri zehatz iragarri dituzte. Esaterako, 2020-2024 bitarte Osakidetzako langile kopurua handitzea, eta, zehazki 4.000 postuko LEP lan eskaintza publiko bat egitea; hezkuntzan, eleaniztasunean sakontzea, betiere euskara ardatz izanda; unibertsitate plan berri bat osatzea eta 2005eko Berdintasun Legea berritzea.

Diru laguntzei dagokienez, DSBEa hobetzea eta unibertsaltasunean sakontzea dute helburu. Migratzaileentzako harrera estrategia ere hobetzea jaso dute itunean.

Euskarari buruz eta euskal kulturaz ere aritu da lehendakaria bere hitzaldian. Akordioan ere jaso dituzte zenbait neurri: «Lehenik eta behin, gure herrialdean kultura sortzen eta ekoizten duten profesionalak eta artistak babestu beharra dago. Politika publiko kulturalek jarduketa eremu hori lehenetsiko dute, oraingo laguntza lerroak hobetuz eta indartuz, arreta berezia jarriz honetan: sortzaileen lan baldintzak, digitalizazioa, nazioartekotzea, emakume sortzaileen parte hartze aktiboa eta euskarazko sorkuntza eta zabalkunderako berariazko babesa». Profesionalizazioa bermatzeko urratsak egingo direla dio akordioak, eta, erakunde publikoekin harremana hobetzeko asmoz, Kulturaren Euskal Kontseiluaren, Kultura Auzolanean eta Hakoba Kultura indartuko dira.

Ingurumena, energia eta klima larrialdia

Akordioaren lau ardatzetako bat izan arren, sozialisten eta jeltzaleen ituneko atalik laburrena da. Klima larrialdiari egiten dio erreferentzia, baita energia iraunkorrago bateranzko trantsizioa egiteari ere. Neurri zehatzen artean, 2015. urtea abiapuntu hartuta, energia berriztagarrien erabilera bikoiztu nahi dute. Era berean, Agenda 2030 egitasmoarekin konpromisoan segitzea da asmoa.

Autogobernua eta bizikidetza

ETA betiko desegin osteko lehen legealdia izango da datorrena, baina oraindik ere gatazkaren ondorioei eta memoriaren auziari erreparatu beharko zaie datozen urtetan. Sozialistak eta jeltzaleak biktimen aitortzarako egin beharreko urratsetan eta espetxe politikaren aldaketetan jarri dira ados. Besteak beste, «biktima guztien aitortzan» sakontzeko konpromisoa hartu dute sozialistek eta jeltzaleek, eta, horretarako, 12/2016 Legea garatzea ezinbesteko jo dute. Motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea da hori, baina ika-mikak izan dira azken legealdian, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa delakoan. Joan den uztail amaieran ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzioak legezkoa dela. «Terrorismoko eta indarkeriako iraganaren memoria kritikoa sustatzea» ere jaso dute testuan.

Espetxe politikari dagokionez, sozialistek eta jeltzaleek eskatu dute urrunketa amaitzeko: «Presoak bere familia ingurunetik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea babestea», zehaztu dute itunean. Gainera, Espainiako Gobernuarekin adostu nahi dute espetxe eskumenaren eskualdatzea hasi berri den legealdian egiteko.

Autogobernuan, ordea, desadostasun nabarmenak dituzte bi aldeek, eta aurreko akordioan adostutakoan sakontzeaz gain, ez dute bestelako bide berririk proposatu. Urkulluk berak azpimarra jarri du bere mintzaldian, eta esan du «askotariko herria» dela Euskal Herria, eta hain justu horixe dela autogobernua: «Autogobernua paktuak egitea da». Aurretik ere esana zuten desadostasunik nabarmenenak atal horretan dituztela sozialistek eta jeltzaleek, baina akordioan adostu dute «autogobernuan sakontzea».

Lege proposamenak

Guztira, 28 lege proposamen bildu dituzte sozialistek eta jeltzaleek itunean, aurreko legealdiko akordioan bezala. Hiru urte eta erdiko bidean, ordea, herenak besterik ez dituzte onartu —lege horiek aurrera ateratzeko, gainontzeko taldeekin adostu behar zuten—. Oraingoan, ordea, gehiengo osoa izango dute legebiltzarrean; beraz, ez lukete arazorik izan beharko lege horiek onartzeko.

Tartean, badira aurreko agintaldian bidean gelditutako zenbait lege; hala nola Berdintasun Legea, Memoriaren Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legea eta Herritarren parte hartzearen eta Gardentasunaren Legea.

Eta, hain justu, desadostasun gehien sortu dituena, Estatutu berriarena, sartu ere ez dute egin datorren lau urteko planean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.