Albistea entzun

'Euskaldunon Egunkaria'-k 30 urte. Irene Arrarats eta Maialen Berasategi. BERRIAko euskara taldeko kideak

«Nahiago genuke hala ez balitz, baina euskara ere politikoa da»

Hizkuntzak dituzte lanabes Arraratsek eta Berasategik, batez ere euskara. 30 urtean anitz aurreratu dela diote, baina oraindik ere ikusten dute zertan eragin. Argi diote: egindakoaren sozialiazazioa da erronkarik behinena.
Ezker, Irene Arrarats; eskuin, Maialen Berasategi.
Ezker, Irene Arrarats; eskuin, Maialen Berasategi. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2020ko abenduak 6

Lankideak eta konplizeak dira Irene Arrarats (Hernani, Gipuzkoa, 1967) eta Maialen Berasategi (Gasteiz, 1989). BERRIAko euskara taldeko kideak dira biak. Arrarats Euskaldunon Egunkaria-ren garaian hasi zen lanean; Berasategi, BERRIAn. «Hizkuntzaren fabrika» handi batean lan egiteak hizkuntzaren beraren inguruko perspektiba zehatza ematen die.

30 urte dira euskarazko lehen egunkaria argitaratu zela. Nolako bilakaera izan du euskarak, eta bereziki kazetaritzan erabiltzen den moldeak?

IRENE ARRARATS: Bilakaera handia da. Duela 30 urte euskarazko egunkari bat egitea oso gauza zaila zen. Euskaltzaindiaren hiztegirik ez zegoen, Orotarikoa bukatu gabe zegoen, gaikako hiztegi gutxi batzuk bakarrik zeuden... Horrek gauzak asmatzera behartzen zintuen askotan. Joskerari dagokionez, erraz idazteko zer egin behar da? Asko idatzi. Zaila zen ondo, arin eta edonork ulertzeko moduan idaztea, nahiz eta oso euskalduna izan, eta irakaskuntza euskaraz egina izan.

Zer falta da egiteko?

MAIALEN BERASATEGI: Hezurdura sendo bat badago, eta badu mamia ere. Baina mamia noiz bukatzen da? Beti dago zer findua, eta euskaraz gehiago eta zailago. Uste dut normalizazio hitza gastatzen ari garela, baina azken batean normalizazioa falta zaigu.

I.A.: Hizkuntza aldatuz doa, eta prentsa ez da uharte bat. Aurten, esaterako, zenbat gauza berri esatea tokatu zaigun COVID-19arekin! Hortxe daukagu hizkuntza ereduena, prosa modua eta euskañola. Gu proposamenak egiten saiatzen gara, baina etengabe etortzen zaizkigu erdarakada gordin-gordinak.

M.B.: Gehiegitan izaten dugu geuregainak ez garelako sentipena, eta uste dut errealitatea ere badela. Batzuetan, zalantza ere egiten duzu ez ote zaren ari haize kontra.

Transmisioaren auzia dago hor, egiten dena nola zabaltzen den. Hutsunerik nabaritzen duzue?

I.A.: Iruditzen zait ez dugula lortzen egiten den guztia eroso eta oharkabean zabaltzea. Hori tragedia bat da. Askotan ikusten dugu gaindituta zeuden eztabaidak berriz itzultzen direla. Asko kostatzen da gauzak normalizatzea. Segitzen dugu gure ustezko aberastasunarekin, gauza bat esateko 8.000 modu ditugula, eta bat bakarra ere ez bazter guztietan ezaguna. Euskal komunikabideek eta euskal kulturak, oro har, erresonantzia kutxa txiki-txikia dute. Eta asko kostatzen da euskal jendearengana iristea ohartu gabe, esfortzurik gabe.

Belaunaldi bakoitzak izan dituen hizkuntza baliabideak ere aldatu dira.

I.A.: Nire belaunaldikoontzat, gurasoen eta aitona-amonen hizkera bizi hori zen baliabiderik handiena. Zuen belaunaldikoek beste baliabide batzuk izan dituzue, irakaskuntzan-eta; euskara zabaldu den heinean, ordea, euskaraz ikasi duen jende askorentzat eskolako hizkuntza baino ez da euskara. Ez baduzu sekula aditu euskara bizi, natural eta konplexurik gabe hori, zein da zure eredua? Nondik aterako duzu euskara goxo bat, irakurlearentzat gozagarri izango dena? Matematika liburutik ez, ezta? Horretarako landu egin behar duzu, eta idatzi nahi baduzu, euskaraz irakurri.

M.B.: Ahalegina eta borondatea behar dira. Eta behar da non entzuna eta non irakurria izan ere. Argi dago erregistro informalean prentsak baino funtzio handiagoa dutela ikus-entzunezkoek. Guk txikitan bageneukan eredu sendo bat. Euskal Herri berdeko herrietan bizi ez ginenok telebistan aditu genuen hitanoa lehen aldiz, eta hor lortu genuen desarroztea. Hor atzerakada handia egon da orain.

Irratiak ere badu bere funtzioa, ezta?

M.B.: Irratia esan dugu, eta gauza bera esan dezaket Youtuberi buruz. Oso probetxuzkoa litzateke halakoetan euskararen ikuspegia ere presente izatea; jakitea bozgorailu bat daukazula eta hor esaten duzuna jendeari belarritik sartzen zaiola burmuineraino. Hor nola jokatu ez dizu esango Euskaltzaindiak: norberak izan behar du kontzientzia.

I.A.: Eta gogoa izan euskararen baliabideetan arakatu eta graziarekin aritzeko. Euskal Herrian hainbeste goraipatzen da sormena, eta alor horrek oso sortzailea izateko bidea ematen du. Hainbeste sortzaile Euskal Herrian, eta gero zer esapide asmatzen dugu? Zer esapide zabaltzen da? Lagunarteko esamolde berri ia guztiak erdararen kopiak dira. Sormen anonimo hori ahuldu egin zaigula dirudi.

Euskara batuaren auzia ere hor dago. Zer den euskara batua, edo zer hartzen dugun euskara batutzat.

M.B.: Transmisioa ez da ondo egin. Iruditzen zait benetan den baino murritzagotzat daukala jendeak batua. Gainera, zoritxarrez, batzuetan autoritatetzat dauzkagunengandik etortzen zaizkigu horrelakoak. Eztabaida hori tartean behin pizten da: ziklikoa da zeharo. Eta, nire ustez, faltsua. Batak ez du bestea kentzen, batak bestea elikatzen du.

I.A.: Ni alde horretatik nahiko pozik nago, Egunkaria-k ez zuelako zorrotzegi jokatu eta inoiz ez zielako bidea itxi euskalki bateko eta besteko hitzei-eta. Ez dakit nahi genuen oihartzuna eta eragina izan duen. Uste dut ezetz: ikusi besterik ez dago oraindik zer aurreiritzi dauden bazterretan. Baina, gutxienez, nahiko malgu jokatu zen, eta ez zitzaion estutu bidea euskarari behar baino gehiago. Urteekin ikusi da zer erantzun egon den: «Batua artifiziala da, niri nire herrikoa gustatzen zait».

Askotan entzuten da hori.

I.A.: Nork bere buruari begiratu behar dio, ea batzuetan ez ote den erabiltzen aitzakia gisa. Jendeak esaten duenean batua artifiziala dela, fonetismoz eta erdarakadaz betetako esaldietan botatzen du hori, eta beste puntako euskalki bateko hitzak sartuta, baina nola fonetismoak jartzen dizkion, pentsatzen du bere hizkeran ari dela. Tira: bere hizkera pertsonala izango da, baina ez da euskalkia.

Etorkizunera begira, zer?

M.B.: Uste dut askok segituko dugula transmisio ahalegin horretan, eta etorkizuneko belaunaldiek ere gauza normal gisa jasoko dutela lan hau guztia, guk Egunkaria jaso genuen bezala. Hori seinale ona baita. Baina ez da komeni ahaztea zenbat lan dugun egiteko oraindik eta zenbat dugun exijitzeko, ez geure buruari bakarrik: baita beste batzuei ere.

I.A.: Eta disko bat egiten baduzu, edo youtuberra bazara, ez da gauza bera erdaraz aritu edo euskaraz aritu. Zer kultura elikatu nahi duzu? Non ikusten duzu zure ekarpena?

M.B.: Zuk askotan esan duzun bezala, euskara ere politikoa da.

I.A.: Nahiago genuke ez balitz, baina bada. Batzuek, elebakarrek, erdaraz baino ezin dute egin, baina guk aukeratu egin behar dugu. Zenbat gauza dauden euskaraz egiteko lehen aldiz, eta zer libre garen ez dugulako atzean multinazionalik edo halako ezer ere. Pobreak gara, baina libreak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Bada euskara bidegurutzetik ateratzeko garaia»

Lander Muñagorri Garmendia

Euskal Herrian Euskaraz taldeak oinarriak berritu ditu, eta, besteak beste, independentzia galdegingo du aurrerantzean. Euskalgintzak ere bide bera egin dezala nahi dute kideek.

COVID-19a: urtebete gure artean

Izurri arorako lezioa

Arantxa Iraola

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. ©LUIS TEJIDO / EFE

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Edurne Begiristain-Mikel P.Ansa

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna