Mufloiak, tiroz hiltzera kondenatuak

Nafarroako Gobernuak izurritzat hartu du mufloi europarra, eta esan du «desagerraraztera behartuta» dagoela. Ekologistak Martxan-ek egoki ikusten du neurria. Hainbat eragilek salatu dute animaliak ez babestea.

Mufloi europarrak. BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Duela bost urte, Nafarroako hainbat ehiza eremutan mufloi europarrak identifikatu zituen Nafarroako Gobernuak. Mufloia espezie aloktonoa da, alegia, ez da Euskal Herrikoa, baina Nafarroara sartu zuten, legez kanpo. Gobernuak arau berri bat onartu du, eta, horren arabera, izurritzat hartu du mufloi europarra. Horrek hainbat gai jarri ditu ezbaian; hala nola gizakien interesak eta ekosistemaren oreka. Ez da zerrenda horretan dagoen espezie bakarra; besteak beste, satorra, arabazozo beltza eta lursagua daude.

Nafarroako Gobernuaren arabera, mufloiek kalteak eragin ditzakete abeltzaintzan eta nekazaritzan. Hortaz, Enrique Eraso Biodibertsitate zerbitzuko zuzendariak esan du helburua mufloiak «ezabatzea» dela. Legearen arabera jokatzen dutela esan du: «Animalia horiek desagerraraztera behartuta gaude». Horretarako, hainbat bide erabili dituzte; besteak beste, harrapatzeko baimenak sortu dituzte, eta ehiztariei ehizatzeko baimena eman diete.

Ekologistak Martxan erakundea mufloia izurritzat hartzearen alde dago. Hala ere, mufloiak hiltzeko erabiltzen ari diren neurri batzuk gogor kritikatu ditu Eduardo Nabaskues talde ekologistako kideak: «Arazoaren konponbiderako ehiztariak erabiltzea azeria oiloak zaintzen jartzea bezala da».

Mufloiak zerrenda horretan egoteak animaliengatik kaltetuak direnei aukera ematen die mufloiak tiroz hiltzeko. Horrek «arazoaren» kontrako erantzuna «azkarragoa» izatea eragiten duela dio Enrique Erasok: «Animaliak kontrolatzeko behar ditugun neurriak jartzea da helburua». Haien helburua lortzeko eman beharreko pausoak argi dituzte: «Burokratikoki egoera zailtzen duten behin-behineko baimenak egin behar ez izatea».

Mufloien kontra egiten ari diren hilketen aurka agertu dira hainbat pertsona eta eragile. Horretarako, gizakiaz besteko animalien interesak mahai gainean jarri dituzte. Mikel Torres EHUko filosofia irakasleak «muturreko neurriak» direla salatu du. Gizakiz besteko animalien eta gizakien interesen arteko gatazka bat dela dio Torresek: «Gizakiok azkarregi lehenesten ditugu gure interes hutsalak gainerako animalien gainetik».

Maialen Saguesek, Nor kolektibo antiespezistako kideak, argi adierazi du zerrendan sartzea «mufloien kontrako erasoa» dela. Hortaz, gizakiz besteko animalien interesak erdigunean jarri ditu: «Kontuan hartu beharko genuke zer egin gizarte gisa benetan animalia horien interesak bermatzeko, eta ez haien kontra egin».

Legez kanpo sartua

Legez kanpo sartu zuten mufloia,eta espezieak nolanahi mugitzearen arriskuez ohartarazi du Erasok: «Espeziekin jolastea eta espezieak mugitzea legez kanpokoa da, ekosistemak kolokan jartzen dituelako eta arriskuhandia duelako». Nafarroako Gobernuak oraindik ez daki nork sartu zituen mufloiak, baina ikertzen ari direla dio Erasok. Hala ere, badirudi ehiztariak izan zirela. Duela bost urte Ekologistak Martxan erakundeak ehiztariengan jarri zuen arreta, eta bost urteren ostean gauza bera pentsatzen du. Nabaskuesek argi esan du: «Helburu argiarekin eta nahita sartu dute mufloia, harrapakin zinegetiko gisa erabiltzeko».

Nekazaritzan eta abeltzaintzan eragin ditzakeen kalteez gain, ekosistemarako ustez izan ditzaketen arriskuengatik sartzen dituzte animaliak izurrien zerrendan, eta horrek kontrako iritziak eragiten ditu. «Ondo iruditzen zaigu izurritzat hartzea, ekosisteman eragin ditzakeen arazoengatik kezkatuta gaudelako», azpimarratu du Nabaskuesek.

Beste batzuek, ordea, kontrako iritzia adierazi dute; ekosistemen orekaren aitzakiapean animalien kontrako erasoak onartzen direla salatu du Torresek. Animalien sentikortasunari eta esperientziei lehentasuna eman behar zaiela dio: «Naturak berez ez du ezer sentitzen. Animaliek nolabaiteko pisu morala izan beharko lukete, eskubideak beharko lituzkete». Naturak duen garrantzia ere azpimarratu du: «Natura guztiz desorekatua badago edo apurtzen badugu, hor dauden animaliek ere sufritu egingo dute».

Auzi nagusia espezismo sistematikoan oinarritzen dela dio Torresek: «Espezistak gara, gure espezieari lehentasuna ematen diogu, eta hori kritikagarria da». Izan ere, kolektibo antiespezistek nabarmentzen dutenez, «gizakiz besteko animaliek, beste espezie bateko kide izateagatik, zapalkuntza jasaten dute, eta gizakiaren nagusitasun horrek haien bizitzak eta gorputzak objektu bilakatzen ditu, gizakien nahierara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.