Sokaren bi muturrak batu zituen «ametsa»

'Euskaldunon Egunkaria' sortzeko egitasmora batzean Martin Ugaldek egindako hautuaz eta proiektua abiarazteko zailtasunez aritu da Iñaki Uria, Ugalderen jaiotzaren mendeurreneko hitzaldietan bigarrenean.

Iñaki Uria, atzo, Martin Ugalde kultur parkean, alboan Oihana Iguaran aurkezlea duela. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun

Gerra aurreko belaunaldiarekin lotzen gintuen soka zen». Modu horretan mintzatu zen Iñaki Uria kazetari eta idazlea Euskaldunon Egunkaria-n lankide eta lagun izan zuen Martin Ugalderen inguruan, azken horren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako Euskaldunon Egunkaria, Martinen egunkaria hitzaldian.

Belaunaldi harekin partekatzen zuten ametsa euskarari egunkari bat ematea zela azaldu zuen Uriak: «Gu izan ginen Martinek hain presente zeukan ametsa gauzatzen aritu ginenak; gu izan ginen tonto utilak».

Uriak keinu egin zien Ugaldek Euskaldunon Egunkaria sortzeko egitasmoarekin bat egitean EAJk egindako mespretxuei. «Ezker abertzalearen tonto utilarena» egitea egotzi zioten Ugalderi garai hartan, aditzera emanez beren aurpegia zuritzeko erabili zutela Egunkaria Sortzen taldeko kideek. Hark, ordea, «ondo zekien zertan ari zen», Uriaren esanetan.

Lehentxeago ezagutu zuten elkar biek, hala ere, Ugalde Eusko Jaurlaritzako Euskara Gaietako sailburu zela. Diru eskean joan zitzaizkion Uria eta Argia aldizkariko gainerakoak, egunkaria sortzeko proiekturako finantzaketa bila. «Dirurik ez zuela» esan omen zien Ugaldek; eta horri Argia-koek erantzun: «Horrela bada, dimisioa eman ezazu».

Handik «hiruzpalau urtera» egin zuen bat egitasmoarekin, Uriak Ugalderi eta Joxemi Zumalaberi Argia-ren urtekarirako egindako elkarrizketa bat egin eta gutxira. «Paradigma aldaketa bat» gertatu zen herri mugimendua eta instituzioak elkarlanean jarri beharraren premiaz ohartu zirenean, Uriaren arabera: «Konturatu ginen perspektibak kontrajarri beharrean batzen ahalegindu behar genuela».

Horrek ez zuen baretu bi aldeen arteko tentsioa, ordea. Ugalderen hautua «meritu handikoa» izan zela azpimarratu zuen Uriak: «Ajuriaeneko Ituna indarrean, mamututa gintuzten. Ez zen erraza gurekin etortzea». Gogoan izan zituen egunkaria sortzeko proiektua trabatzeko EAJk egindako ahaleginak: proiektu paraleloa sortzeko saiakera, ETArekin lotzekoa... «Guardia Zibilak eta Del Olmok alfonbra jarria topatu zuten bidean».

Euskaldunon Egunkaria-koAdministrazio Kontseiluko zuzendari izateaz gain, diplomazia lanaz arduratzen zirenetako bat ere bazen Ugalde; Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren bidea irekitzeko itxaropen nagusia ere bai, horrenbestez. Joseba Arregi Kultura sailburuak enegarrenez eskaera horri muzin egin zion, ordea, eta bilera hura «iltzatuta» daukala adierazi zuen Uriak. Nola jaiki eta alde egin zuen Ugaldek. Haren hitzak irakurri zituen: «Aspertuta nago, bizitza osoan gorria separatista eta halakoak entzuten aritu eta gero, Jaurlaritzaren eskutik beste hainbeste irain jasotzeaz».

1994an sinatu zuten, azkenean, akordioa Arregirekin. «Hazkunde» urteak izan ziren gerokoak, Uriaren arabera. Baita bien arteko laguntasuna gehien garatu zutenak ere. Hondarribira Ugalderen etxera egindako bisitez aritu zen. Politikaz, euskalgintzaz eta bizitzaz izandako hizketaldiez. Baita euren «lokomotoraz» ere, bien bideak lotu zituen Euskaldunon Egunkaria-z.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.