Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Bazterrean oraindik, baina apurka haziz

Vox eskuin muturreko alderdiaren boto portzentajeak gora egin du Hego Euskal Herrian, eta 1.300 boto irabazi ditu orotara. Bozen %3 lortuta, zazpigarren indarra da, Ciudadanosen aurretik.

Bazterrean oraindik, baina apurka haziz.
Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Ez apirilean, ez azaroan. Vox alderdi ultraeskuindarrak ez du ordezkaritzarik lortu Hego Euskal Herrian. Espainian izandako hazkundeak ez du islarik izan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta, beste behin ere, agerian geratu da Hego Euskal Herriko ekosistema politikoa oso bestelakoa dela. Bazterrekoa da Santiago Abascalen alderdiaren presentzia lau herrialdeetan —bozen %3 eskuratu du—, baina, apirileko hauteskundeekin alderatuta, botoetan zertxobait gora egin du eskuin muturreko alderdiak. Lau herrialdeetan lortu du boto portzentaje handiagoa, nahiz eta Espainian izandako igoeratik oso urrun egon.

Datuek erakusten dute ultraeskuinak oso babes txikia duela Hegoaldean, Espainiarekin alderatuta, bederen. Estatuko datuak eskuan, Euskal Herrian izan du Voxek gorakadarik txikiena, Katalunia eta Galiziarekin batera. Vox zazpigarren indarra da Hego Euskal Herrian, 47.315 boto eskuratuta. Apirileko bozekin alderatuz gero, baina, mila boto baino gehiago irabazi ditu eskuin muturreko alderdiak Hegoaldean —apirilaren 28an 46.001 boto lortu zituen—. Aipagarria da, hala ere, Hego Euskal Herrian Ciudadanosek baino boto gehiago bildu dituela Voxek. Igandeko hauteskundeetan ez ezik, apirilekoetan ere hala izan zen.



Lau herrialdeetan eskuratu du Voxek boto portzentaje handiagoa, nahiz eta Bizkaian behera egin duen boto kopuruan. Apirilean, Voxek 15.843 boto lortu zituen Bizkaian (%2,31), eta igande honetan, berriz, 15.094 boto izan ditu (%2,41). Sei hilabetean, beraz, 700 boto galdu ditu eskuineko alderdiak herrialdean.

Udalerriei dagokienez, Bilbon lortu du boto gehien eskuin muturreko alderdiak, 5.598 boto (%3,04), duela sei hilabete baino 612 boto gutxiago; Barakaldon 1.561 boto (%2,93), 139 boto gehiago; Getxon 1.586 boto (%3,54), 252 boto gutxiago; Basaurin 504 boto (%2,26), bi boto irabazi ditu; Santurtzin 649 (%1,7), 40 boto gehiago lortuta...

Araban, berriz,Voxek irabazi egin dio Ciudadanosi, eta seigarren indarra da orain, haren aurretik. Guztira, 6.514 boto eskuratu ditu herrialdean (%3,78), apirileko bozetan baino 860 boto gehiago. Ciudadanosek Araban izan duen hondamendiaren onuradunetako bat izan da Vox, PPrekin batera. Gasteizen 682 boto gehiago eskuratu ditu eskuineko alderdiak: udalerriaren botoen %4 lortu du, denera 5.121 boto. Aipagarria da Amurrion, Santiago Abascalen jaioterrian, apenas eskuratu dituela 153 boto (%2,65). Boto oso gutxi dira, baina fidelak, oso: apirilean, herrian 152 lagunek eman baitzioten botoa. Vox, berriz, hazi egin da Legution (20 boto), Artziniegan (33), eta Oionen (96). Kripanen eta Lagranen, ostera, boto bakar bat ere ez du jaso.

Araban bezala, Gipuzkoan ere Ciudadanosen aurretik jarri da Vox, duela sei hilabeteko emaitzak hobetuta. Botoen %1,88 baino ez du lortu alderdiak herrialdean, eta hazi egin da boto kopuruan, gutxi bada ere: 359 boto gehiago lortu ditu. Gipuzkoako mapari begiratuta, hiriburuan behera egin du Voxek botoetan, ia 200 boz galduta. Donostian, botoen %2,81 eskuratu du, denera 2.857 boto. Kontrakoa gertatu da, ordea, Hernanin, Errenterian eta Irunen. Hiru herrietan gora egin du Voxek apirileko hauteskundeekin alderatuta: Hernanin, 108 bototik 121 botora igaro da; Errenterian, 272 bototik 369ra; eta Irunen, 1.123tik 1.251 botora.

Nafarroan, botoen %5eko langa gainditzea lortu du eskuin muturreko alderdiak, baina eserleku bat eskuratzea oso urrun dauka. Zehazki, botoen %5,6 lortu ditu Voxek, Geroa Bairi koska nabarmena aterata. Abascalen alderdiak 18.656 boto izan ditu Nafarroan, Geroa Baik baino 6.034 boto gehiago. Gainera, apirileko emaitzak apur bat hobetu ditu Voxek, eta hazi egin da zertxobait botoetan (885 boto gehiago). Navarra Sumak galdutako botoen parte txiki bat bereganatu du eskuin muturreko taldeak.

Iruñean, esaterako, Geroa Baik baino 600 boto gehiago ditu Voxek, eta bosgarren indarra da, haren aurretik. Hala ere, apirileko emaitzen aldean, zertxobait behera egin du botoetan, 200 boto inguru galduta. Hazi egin da, berriz, Nafarroako beste udalerri batzuetan: besteak beste, Martzillan 38 boto irabazi ditu (denera 127 boto); Azkoienen 89 boto gehiago ditu (252); eta Tuteran, 189 gehiago (2.223 orotara). Hor du boto gehien.

Igoera handia hiru urtean

Azken hauteskunde deialdietan izandako boto bilakaerari erreparatuta, deigarria da, hala ere, Voxek izan duen hazkundea. Bere programan eskuin muturreko ideologia eraman zuen lehen aldiz Vox alderdiak 2014ko Europako hauteskundeetara. Nazio espainiarraren batasun zatiezinaren defentsa, gobernu bakarra, subiranotasun nazionala gordeko duen parlamentu bakarra, eta autonomien estatua desegitea proposatu zituen, besteak beste. Baina deialdi hartan ez zuen ordezkaritzarik lortu ez Espainian —246.600 boto inguru erdietsi zituen (%1,57)— ezta Hego Euskal Herrian ere —soilik 7.596 boto lortu zituen—.

2016an, berriz, Espainiako Gorteetarako bozetara aurkeztu zen Vox lehen aldiz, eta 47.182 boto lortu zituen Espainian (%0,2), eta horietatik 947 boz baino ez EAEn (%0,08). Nafarroan ez zuen hautagaitzarik aurkeztu. Hauteskunde deialdi horretatik igandeko bozetara hiru urte pasa dira, eta Voxek ordezkaririk lortu gabe jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Hala ere, oso adierazgarria da botoetan izan duen hazkundea: 2016an, 947 boto zituen, eta, 2019an, 47.315 boto. Bazterrean, baina haziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.