Bide berriak zer emango

PSOEk eta EH Bilduk abenduan egin zuten lehen bilera publikoa, eta, berriki, Sanchez gobernuburua Aizpuruarekin batzartu da. Oraingoz, alor sozialean daude gertuen.

EH Bilduko eta PSOEko kideak, aurtengo otsailaren 26an, Kongresuan, beren bigarren bilera publikoan. PSOEkoak ez ziren aurrekoan bezain zurrun agertu. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuko alarma egoeraren bigarren eguna zen, martxoaren 17a, eta EH Bilduk prentsa ohar batean nabarmendu zuen osasun eta segurtasun irizpideei jarraituz ez zuela parte hartuko biharamunean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua Kongresuan egitekoa zen agerraldian. Oharrak, letra txikian, bazekarren berritasun esanguratsu bat: «Atzo arratsaldean, Pedro Sanchezekin bideokonferentzia bidez hogei minutuz eginiko bileran [...]». Bilera hori telematikoa izan zen arren, Espainiako Gobernuko presidente batek Amaiur-EH Bildurekin egindako aurrena izan zen. Mertxe Aizpurua diputatuarekin hitz egin zuen Sanchezek martxoaren 16 hartan, taldeekin egindako bilera sailaren barruan. EH Bilduk argazkia ez zuen igorri hedabideetara, eta lehen batzar publikoa oharkabean pasatu zen.Joan den ostiralean batzartu ziren biak berriro, ordu erdi batez. Bide bat zabaldu da, eta ikusteko dago zer emango duen alor sozialean eta politikoan.

Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaren bidez iritsi zen Sanchez PSOEko idazkari nagusia Moncloara, 2018ko ekainean, ETAdesegin berritan, eta haren talde parlamentarioak eta EH Bilduk izan zuten hartu-emanik —duela urtebete pasa dekretu sozial batzuk onartzerakoan, kasurako—, baina ez zuten bilkura publikorik izan. Joan den urtearen bukaeran aldatu zen PSOEren jokabidea, azaroan bigarrenez irabazi ostean Gorteetarako hauteskundeak: Sanchezek iragarri zuen Kongresuan ordezkaritza lortutako talde guztiekin hitz egingo zuela PSOEk. Halaxe elkartu ziren, abenduaren 17an, PSOEren eta EH Bilduren ordezkaritzak, Madrilen, Kongresuan bertan. PSOEtik Adriana Lastra eta Rafael Simancas diputatuak azaldu ziren, eta EH Bildutik, Mertxe Aizpurua eta Oskar Matutediputatuak eta Gorka Elejabarrieta senataria. Deigarria izan zen PSOEkoek argazkietarako jarritako serio itxura. Bi ordezkaritzak otsailaren 26an batu ziren berriro jendaurrean —PSOEtik Santos Cerdan eta Patricia Blanquer diputatuak ere joan ziren—, eta bestelako aurpegi bat zuten sozialistek kameren aurrean; gero hitz-aspertuetanaitortu zuten lehenengo bilerarako esan zietela zurrun itxurarekin agertzeko argazkietan.

Akordio bat lortu zuten otsailaren 26ko bilkuran, elkarren arteko lehen akordio ofiziala: udalen gastu mugari buruzkoa, zerbitzu publikoetan inbertitu ahal izateko. Hurrengo egunean izan zen bozketa Kongresuan —abstenitu egin zen EH Bildu—, eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroak han onartu zuen akordio hori egin zutela EH Bildurekin (ere).

Lehen, diskrezioan

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatua 2011tik dabil Madrilen euskal talde subiranista ordezkatzen, Amaiurretik senatari atera zenetik, eta azaldu du «publikoki estigmatizatuak» eduki izan dituztela. «Pribatuan, aldiz, beti eduki izan ditugu harremanak, baita PPren gobernuko kideekin ere. Baina diskrezioari eutsi nahi zioten; hedabideen eta elkarte batzuen beldur ziren». Iñarrituk kontatu duenez, horrenbestekoa zen diskrezioa, bilera batzuk gauez jartzen baitzizkieten, halako eraikinetan jenderik ez zenean, inork ikus ez zitzan.

Joan den abenduaren 17ko enkontruaz geroztik, EH Bilduk ministroekin ere izan du kontakturik, pribatuak izan arren: Salvador Illarekin (Osasuna), Maria Jesus Monterorekin (Ogasuna), Jose Luis Escrivarekin (Gizarte Segurantza, Inklusioa eta Migrazioa) edota Yolanda Diazekin (Lana). Eta, duela hilabete batetik, Sanchez gobernuburuarekin ere bai. Aurreko ostiraleko batzarraren ostean, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok Twitterreko mezu batean idatzi zuen Aizpuruaren «jarrera eskertzekoa» dela; «egoera bereziki latza pairatzen ari diren sektoreek ziur eskertuko dute zeharo desberdin pentsatzen dugunon artean ere hitz egin eta akordioetara iristeko borondatea erakustea».

«Tabua hautsi da», esan dio BERRIAri Aizpuruak. «Beharrezkoa da elkarrizketa izatea, eta gu prest gaude Madrilen ere bide bat jorratzeko. Lehen ezin genuen, aurrean horma bat jartzen zigutelako». Egoera politikoa asko aldatu da ETAk 2011n jarduera armatuabukatutzat eman eta oraintxe dela bi urte desegitea jakinarazi zuenetik, baina beharrak ere eragitenditu aldaketak, eta EH Bilduk egun bost diputatu eta talde parlamentario propioa izateak badu eraginik PSOE-UP gobernuan, horrek ez baitu gehiengo osorik.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak duela urtebete sarri nabarmentzen zuen zertara zihoazen Madrilera, ERCrekin «koalizio politikoan»: autodeterminazio eskubidearen alde egitera, preso «politikoak» askatzeko eskatzera, eta politika «murriztaileen» kontrako alternatibak osatzera. Aizpuruak dio COVID-19aren krisiak agenda «hankaz gora» jarri duela, eta orain neurriek alor sozialekoak izan behar dutela, «inor ez uzteko bazterrean». Haren taldeak badu prestasuna Sanchezek iragarritako batzordean parte hartzeko. «Baina birzentralizaziora jotzen badute, ez gara itun batean sartuko». EH Bilduko diputatuaren esanetan, «eraldaketa oso bat» behar du Espainiako Estatuak, eta ez bakarrik alor sozialean. «Ikusteko dago zer bide hartuko duen gobernuak. Oreka ahul batean dago».

Pausoa luzatu gabe

2015ean PSOEren arduradun parlamentario Antonio Hernandorekin bilera bat izan zuten Amaiurreko diputatu Xabier Mikel Errekondok, Rafa Larreinak eta Iñarrituk, eta Hernandok esan zien gobernura iritsiz gero bakegintzako kontuak berehala jarriko zituztela «konponbidean», Iñarrituk dioenez. PSOE orain bi urte heldu zen Moncloara, eta Sanchezek segituan iragarri zuen bestelako espetxe politika bat, baina Aizpuruak salatu du «pauso motelak» eman dituztela. Koronabirusaren krisian, Osasun ministroak jarraipen batzorde batean lau agerraldi egin ditu, eta EH Bilduk bilerabakoitzean eskatu du aska ditzatela preso eriak eta adinekoak —ez euskal presoak soilik—, baina gobernuak ez du urrats hori ere egin. Borondatea agertu izan du presoen auzian, baina hori ez da aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.