Albistea entzun

Gorrotoa, zehar kalte hori

Donal Trump, primarietako hauteskunde kanpainako mitin batean, New Hampshiren.
Donal Trump, primarietako hauteskunde kanpainako mitin batean, New Hampshiren. CJ GUNTHER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Reparaz - Kazetaria

2019ko abuztuak 18

Florida mendebaldean, «Bibliaren eskualdea» deitzen duten eremu geografiko eta soziologiko horren bihotzean gertatu zen. Maiatzean. Rock izarrek bezala, Trumpek badaki jarraitzaileak estasiraino berotzen. Lehen, Mexikoko mugako harresia izaten zen arrakasten zerrendaren topean. Milaka eskuindar zuri saltoka eta burua astinduz. Orain, inbasioarena da denek mitinetan espero duten unea. «Larrialdi nazionala deitu dut», hasten da Trump, «hau inbasio bat delako! Inbasioa!». Eromenak eztanda egiten du. «Altxa harresia!» erantzuten du jendetzak, koruak eginez.

Horretan ari zen Trump hura gertatu zenean, Florida mendebaldeko ekitaldian: izuketan, alegiazko inbasioaz eta fikziozko zonbi apokalipsiarekin datozen arrisku beldurgarri guztiez. Kriminal basatiez, drogez. Milaka inbasoreri aurre egiteko mugan «bizpahiru guardia» baino ez daudela esan du Estatu Batuetako presidenteak. «Ezin dituzte haien armak erabili gainera», penatu da. «Esadazue, zer egin dezakegu jende hori geldiarazteko?».Jende artetik gizonezko ahots batek erantzun dio, alaiki: «Egin diezaiegun tiro!».

Trumpen lehen erreakzioa irribarre egitea izan da. Burua astindu du, burutazioaren aurrean. Hiru segundo ditu astakeria horri erantzuteko. Hobe du azkar ibili. Hiru, bi, bat... «Floridako mendebaldean baino ezin zara hori esanda lasai gelditu», atera da estualditik. Jendetza barrez lehertu da. Festa baten erdian daude. «Floridako mendebaldean baino ez!», errepikatu du Trumpek irribarrea galdu gabe. Instant batez irribarrea izoztu zaiola apustu eginen nuke, hiru hilabete beranduago Etxe Zurian El Pasoko Walmart supermerkatuko sarraskiaz informatu dutenean. Hiru segundoko izotzaldia, gutxienez. Segurtasun nazionaleko aholkulariak, akaso: «Presidente jauna, El Pasoko hiltzailea gure jarraitzaile sutsua da». Estatu Batuetako faxistek sarri erabiltzen duten 8Chan izeneko plataforman utzi du idatzia bere manifestua, erasotzaile jihadista musulmanek eta kristau supremazistek immolazioaren aurretik egiten duten moduan. Inbasioaz ohartarazten du El Pasora etorkinak eta latinoak hiltzeko asmoz hamar orduko bidea egin duen gazteak. Trumpek erabilitako esamoldeak erabiltzen ditu, hitzez hitz: legez kanpoko etorkinak, alien beldurgarriak... inbasioa.

El Pasoko seme David Romo historialariak muga ondoko bere etxean azaldu zidan behin hegoaldea beti izan dela estatubatuar anglo-zuriak ikaratzeko ipuinen iturburu. Komunistak, jihadistak, narkoak, bortxatzaileak... mugaz bestaldetik txarrena omen dator, imajinario kolektibo horren arabera. Erraza da beldur hori aktibatzea. Bien bitartean, jakina, Mexiko eta AEBen mugan azken urteotan gertatzen ari dena krisi humanitarioa da. Inondik inora ez inbasioa. Baina Trumpen munduan egia garaitu beharreko oztopo izaten da, gehienetan. Finean, El Pasoko hogeita bi gorpuak estrategia emankor horren albo kalteak baino ez dira.

Otso bakartiak. Ideologia baten izenean justizia haien eskutik hartu eta atentatuak egitea erabakitzen duten terrorista «adoktrinatuak». Interneteko gune ilunetan, meskita salafistetan edo Siriako borrokalari zelaietan erradikalizatuak. Estatu Islamikoari leialtasuna adierazten diete batzuek. Kalifari. El Pasoko otso bakartiak, berriz, Trumpi. Fox News ikusiz erradikalizatu daiteke egun terrorista supremazista bat. Edo Matteo Salviniren Twitter kontua jarraituz. Edo Trumpek Florida mendebaldean egindako ekitaldia bezalako ospakizunetan: «Inbasioa!»

Baina Estatu Batuetako justiziak ez dizkio terrorismoaren aurkako legeak aplikatuko. Horiek atzerritarrentzako daude diseinatuak. Supremazista zuriei «gorroto delituak» leporatzen dizkiote, asko jota. Semantikaren garrantzia ez da gutxietsi behar. Charlottesvillen duela bi urte arrazakeriaren aurkako manifestariei kotxe batean abiadura bizian oldartu zitzaien gazte neonaziari bizi guztirako kartzela zigorra ezarri berri diote epaitegi federalek «gorrotoa» egotzita. Uztail erdialdean, epaiketaren azken saioan izan nintzen azkenekoz atentatuan hildako Heather Heyer manifestariaren amarekin. Susan Bro inoiz ezagutu dudan emakumerik indartsuenetako bat dela aitortu behar dut. Sufrimentuak eta minak ematen diote indarra, haren esanetan. El Pasoko sarraskia gertatu denean, haren mezu bat jaso dut: «Nik ez dut aldarrikatuko Trump arrazista denik, arrazistek beraiek aldarrikatzen dutelako hori». Horrekin batera, esteka zerrenda bat bidali dit, Ku Klux Klaneko buruzagi ohiak eta Estatu Batuetako nazi ezagunek Trumpen inbasioaren diskurtsoa goraipatzen egindako adierazpenekin.

Atentatuaren ostean, teleprompter batetik irakurtzen, Trumpek «gorrotoa» deitoratu du: «Aho batez, gure nazioak arrazakeria, fanatismoa eta supremazismo zuria gaitzetsi behar ditu». Egun pare bat baino ez dira pasatu presidenteak beharrezko ñabardura sartzeko. «Gorroto talde guztiak» salatu ditu: «Supremazismo zuria, bestelako supremazismoak... eta antifaxismoa». Badaezpada ere, eskuin muturreko botoek ihes egin ez diezaioten.

Datorren urteko hauteskundeak irabazteko, Pennsylvania, Wisconsin eta Michigan eskuratzea ezinbestekoa du Trumpek. Tradizionalki demokratak, 2016an tarte estuko garaipena eman zioten estatuak dira. Hango industrialde deprimituetan irabazi behar du horretarako, hezkuntza maila apala duten langile zurien botoa erakarri behar du berriz ere. Eta haiei zuzendua dago kanpainia. «Zurien amorrua» piztea ezinbestekoa du leku zehatz horietan irabazi nahi badu. Eta horretarako Bannon aholkulari ohiaren gidaliburu nazionalpopulistari jarraituko dio. Estrategia horren baitan ulertu behar dira, besteak beste, Alexandria Ocasio-Cortez edo Ilhan Omar kongresukideek osatzen duten «eskuadroi» ezkertiarraren aurkako eraso arrazistak —«itzul zaitezte krimenez jositako zuen herrialdeetara», gomendatu zien, guztiak estatubatuarrak izanda ere—. Denak dira emakumeak: latinoak, beltzak eta musulmanak. Kongresuan ez zen inoiz hijab bat ikusi. Zurien amorrua pizteko aproposak. Baita Alderdi Demokrata osoa «sozialista» edo «komunista» dela salatzeko ere.

Kanpaina gogorra dator, eta Trumpek ez du bere estrategian etsiko. Beste sarraski askorekin (gehiegirekin) gertatu den bezala, giroa hoztuko da egunak eta asteak pasatu ahala. Egunero tiroketa masibo bat gertatzen den herrialdean, ez da gauza berria. Trumpen diskurtsoari esker erradikalizatutako otso bakarti batek egindakoa zorabiozko albiste-zikloaren zurrunbiloan ahaztuko dute estatubatuarrek aurki. Azkenean, hauteskundeak berriz ere irabazi eta beste lau urtez botereari eusteko bidean, zehar kalteak baino ez dira horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.