Cira Crespo.

Friuliera eta galtzaileen Europa

2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ia segurua da nire azken poesia friulieraz/ hau izango dela». Horrela hasten da Pasolinik bere bizitzan idatziko zuen—agian— azken olerkia eta, esaten duen bezala, ez zuen italieraz idatzi, friulieraz baizik, amagandik jasotako hizkuntzan. Baga-itsasoa balitz bezala, bere barruan zeuzkan gordeta amaren hitzak, eta azken hilabeteetan, heriotza gorteatzen hasi zitzaionean, atera egin zitzaion berriro gordeta zeukan hizkuntza hura. Ba al zenekiten hori, friuliera izan zela Pasoliniren hizkuntza? Nik ez. Duela gutxi ikasi dut. Orain bai, orain ezagutzen dut friuliera hizkuntza zer den eta nahiko ondo ulertzen dut bere hiztunen egoera, nik ere galtzaileen hizkuntza bat hitz egiten dudalako.

Orain dela hilabete batzuk idatzi zidaten Udinetik, Friuliko hiriburutik, gonbidapen batekin. Hizkuntza gutxituen jaialdi bat egiten dute urtero. Nire liburuaren berri zeukaten, Txalapartako katalogoa ondo ezagutzen dutelako, eta proposatzen zidaten aurkezpen bat egitera joatea.E-mail hori iritsi zitzaidanean, Friuliren nahiz jaialdi haren inguruko nire ezjakintasun osoa aitortzen dizuet. Pixka bat informatu ondoren, duela aste batzuk Udineraino iritsi nintzen. Hiru egunez baino ez nintzen izan.

Jende jatorra aurkitu nuen han, gogotsua, eta egitasmo oso polit batzuk. Suns Festival (Soinuak Jaialdia, euskaraz) 2009. urtean hasi zen, baina 2015. urteaz geroztik egiten da gaur egungo eran. Hizkuntza gutxituentzako jaialdia da, zeinetan kultura tradizio eta folklore moduan bakarrik ulertu ordez hizkuntza hauek modernitatean eta sorkuntza-lan berritzaileetan dauzkaten aukeren inguruan azaltzen baitira. Musika da ardatz nagusia, baina hitzaldiak, dokumentalak eta liburuei buruz ere hitz egiten dute.

Eta nor da, bada, hori guztia antolatzen duen jendea? Friuliarrak dira. Friulin bizi dira, Italia, Austria eta Esloveniaren arteko lurraldean. Herriak historia sakon eta luzea du. Muga artean bizi diren herriei gertatu ohi zaienez, bere historian sartu izan dira, indarrez, besteak beste, veneziarrak, austriarrak eta, azken bolada honetan, italiarrak. Hizkuntza latindarra erabiltzen dute, erretorromanieraren multzo barruan kokatzen dena, ladino eta erromantxearekin batera. Mugako herri honetan milioi bat biztanle bizi dira, eta horietako 600.000 lagun inguru mintzo dira friulieraz; eta gehiago dira ulertzekogaidirenak.

Estatu Italiarrak 1999tik, lege baten bidez, 12 hizkuntza aitortzen ditu bere lurraldean, friuliera barne dela. Hala ere, bakarra da hizkuntza ofiziala, italiera, eta, nahiz eta legez hizkuntza guztiek hezkuntza publikoan irakasteko eskubidea izan, ia ez dago planik eta, oro har, esan dezakegu alfabetatzeko aukerak oso urriak direla. Hori ikusita, esan dezakegu Italiako hizkuntzen biziraupena eta bizitasuna ia-ia mirari bat dela. Edo ez. Agian iraupen horren arrazoien bila arakatzen hasiz gero kontzientzia handia aurkituko dugu, indarra eta ekimena soberan. Erakusgarri ona da Suns Festival bera: ondo antolatua, interesgarria eta dena erakunde publikoen iniziatibarik gabe.

Hango jendearekin hizketan, konturatu nintzen hango istorioak ezagunak egiten zitzaizkidala. Banekien zeri buruz ari ziren beren gurasoen hizkuntzaren aukeraketaren inguruan hitz egiten zutenean, hezkuntzan irakasteko zailtasunari buruz hitz egiten zutenean, edo treneko tiket xume bat lortzeko oztopoen inguruan. Lotsak, beldurrak, uko eta etsipenak, badakit zer diren. Zuek ere bai, jakina. Gauza horiek ezagunak baitira guretzat. Izan ere, badaukagu zerbait komunean: gure herriek historiako momentu batean edo bestean galdu egin zuten eta Estatu Nazioak antolatzen hasi zirenean ertzetan geratu ginen. Hots, Europaren eraikuntzaren formazioan, herri galtzaileak gara. Eta horregatik guztiagatik dira gure historiak antzekoak.

Adibidez, agian istorio hau hurbila sentituko du irakurleak: Gramscik, 1927an, gutun batean bere ilobari buruz hitz egiten zion bere arrebari: «Zein hizkuntzatan hitz egiten du? Espero dut sardinieraz hitz egiten uztea, eta ez duzuela gai honetan erreprimituko. Akatsa egin nuen, gure Edmeari, txikitan, sardinieraz askatasunez hitz egiten ez uztean. Horrek kalte egin dio bere prestakuntza intelektualari, eta alkandora hertsagarri bat jarri dio fantasiari». Milaka eta milaka europarroi (eta Europari buruz ari garelako, baina badakizue hau mundu osorako proba-eremu bat izan dela) saiatu dira alkandora hertsagarri hori jartzen. Friulin, Bretainian, Asturiasen eta abar, eta abar.

Batzuek oso argi daukate antzeko herriak garela, horregatik joaten dira Friuliko lagun batzuk irailaren 11n Kataluniara Diada ospatzera, horregatik ezagutzen dituzte harrigarri ondo Euskal Herriko idazleak. Gure herriak adibide garrantzitsua dira haientzat. Baina guk ere asko daukagu haiengandik ikasteko, eta askoz gehiago jakin beharko genuke. Gure arteko elkarrizketa guztientzako da onugarria. Kultura gutxituen lerro artean hizpide eta gai asko aurki ditzakegu; esaterako, guztiok ezagutzen ditugun hizkuntza baten kontrako errepresio-metodoak, gordinak zein sotilak, edota denok ezagutzen dugun beste lelo famatua hura, noski: «Europako estatuetako ezkerreko indarrek beren mugen barruan hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ukatzeko aitzakiak eta leku komunak».

Hizkuntzen errepresioa eta kultura hegemonikoen indarkeria Europan ez direla gai oso ikertuak esango nuke, baina badakigu gai sakon eta garrantzitsu bat dela. Simone Weil filosofoa, esaterako, gai honi Le Geni d'Oc eta beste artikulu batzuekin hurbildu zitzaion, zeinetan hitz egiten baitu Frantses estatuak herri okzitaniarra nola «erail» zuen, eta hausnartzen baitu norbere herriaren hizkuntzari uko egiteaz.

Pasolinirekin hasi naizenez, harekin bukatuko dut. Berak ere nabaritu zuen, seguru asko, hertsatzen zuen koraza hura, eta amaieran saiatu zen bere amaren hizkuntzan idatziz bere burua askatzen. Bere esanetan, hori zen «ezagutu gabeko lekuetara iristeko bidea». Guk ere badakigu zer diren lurralde ezkutu hauek, zein potenzialtasun daukaten. Guk ere badakigu leku berrietara iristeko ahalmena dugula. Baga-itsaso hauek guztiek marea geldiezin bihur gaitzaketela. Friuliarren artean izan ondoren, argi daukat Europako galtzaileen lerroetan behar dugun jendea dagoela. Han aurkitzen delakoezberdintasunerako eta mundu hobeak eraikitzeko behar den ezinbesteko sentsibilitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.