Argitu beharreko gauzak

Iñaki Pujana eta Antton Lopez
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Jesus Lozak PSOEren «espetxe politika berriaz» Deia egunkariari egindako adierazpen batzuk ekarri zizkigun uztailaren 23ko goizak. Guztiaz hitz egiten du apur bat Lozak. Lehenik, hurbilduko lituzketen presoak zeintzuk liratekeen esatean, adibidez, larriki gaixorik direnak eta 70 urtetik gorakoak aipatu ondoren, espetxe legediaren bidea «egiten hasi direnak» dio, «destino» edo «lana» eskatu duten haiengatik.

Zehaztu dezagun haren informazioetako bat. «Gutxi» dira «destino» eskaera egin duten presoak. Tira, erlatiboa da datua; espetxean «ordainik gabeko lan destinoa» eskatzeak ez duelako zuzenean inolako onurarik ematen, ardura eskatzen du, eta euskal preso politikoek (EPP) patio ordu gutxi izaten dituzte orokorrean eta beste zeregin batzuk nahiago izaten dituzte. Horri gehitu behar zaio eskaera egin duten euskal preso politikoetako batzuei eman zaien erantzuna, alegia, lehen graduan jarraitzen duten bitartean ez dutela inolako lan destinorik izateko aukerarik (Estremera, Sevilla...). Sic.

Baina funtsezko galdera hau da: egia al da «ordainik gabeko lan destinoa»eskatzetik hasten dela preso baten «berrintegrazio ibilbidea»? Eta erantzuna hau da: ez. Berrintegrazio/bersozializaioaren helburua da pertsona gizartera itzultzea, funtzionamendu arauak errespetatzea eta mantentzeko gai izatea. Eta preso dauden pertsona guztiak ez direnez berdinak, bakoitzari «bere» tratamendu programa indibidualizatua (TPI) egin behar zaio, eta programa horretan bakoitzaren ezaugarrien arabera adierazten zaio zeintzuk diren lehentasunezko aktibitateak eta zeintzuk osagarriak.

Horrela, bada, 17/2011 Instrukzioan dago «Interbentzio protokoloa eta erregimen itxirako arauak». Lehen graduan dauden presoentzat ezarriak, alegia, eta terapeutikoak, heziketarakoak eta kirol ariketakoak dira lehentasunezkoak, eta osagarritzat jotzen dira tailer okupazionalak, kulturalak eta besteak. Hau da, lehen graduan sailkatutako pertsonentzat printzipioz ez da aurreikusten «destinoak» deitzen zaien aktibitaterik.

Ez baita gauza bera «lan» bat eta «destino» bat. Espetxe legediak dio preso dauden pertsonentzat eskubidea eta betebeharra dela lana. Zertara dago behartua, zehazki, preso dagoen pertsona bat? Nola antolatzen da hori espetxean? Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 29.2. artikuluak honela dio: «Preso bakoitzak lagundu beharko du espetxeko ordena onean, garbiketan eta txukuntasunean, eta helburu horretarako antolatutako lanak arauz erabakiko dira». Espetxe Araudiaren 78.2. artikuluan errepikatzen da hori: preso dagoen pertsona bakoitzak arduratu behar du bere ziega propioaren garbiketaz eta modulua ez zikintzeaz. Diziplina zigorra jaso dezakete horrela izan ezean. Horretan eredugarriak dira euskal preso politikoak.

Espetxeko leku komun batzuen —ikasgela eta abar— garbiketa zuhurragoari dagokionez, ardura indibidualizatuak dira, bolondreski presoren batzuen esku daudenak, hori interesatzen zaien neurrian. Bada komunak, jangela, galeria edo eskailerak garbitzen dituenik... Ez dute ezer kobratzen horregatik, eta horregatik esaten zaie «ordainik gabeko lanpostuak». Eskuarki modulu bakoitzean egon ohi dira presoren bat edo beste ardurarik handiena dutelako kobratzen dutenak (100 euro baino zerbait gehiago). Baina, berriro diogu, preso guztiak ez daude jarduera horretara behartuak, eta ez dituzte zigortzen ez egitearren, agerikoa delako, besteak beste, ez dagoela preso adina lanpostu ordain gabeko.

Baina horrek ez du esan nahi zeregin horietan aritzen ez direnek lanik egiten ez dutenik. Lanaren kontzeptua Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 27. artikuluan dator garatua: «Espetxe barruan edo kanpoan presoek burutzen duten lana honako modalitate hauetako batzuen barruan egongo da: a) formakuntza profesionalekoak, zeinei Administrazioak lehentasun izaera emango dien; b) ikasketa eta formakuntza akademikoari emanak; c) lantegi erregimeneko ekoizpenekoak edo kooperatiba formularen bidezkoak edo antzekoak, indarrean dagoen legediaren arabera («ekoizpen lanak», ordainduak); d) tratamenduaren parte diren okupaziozkoak; e) espetxeko zerbitzu lagungarri komunetako jarduera pertsonalak —hauek dira «ordain gabeko lan destino» gisakoak—; f) artisautzakoak, intelektualak eta artistikoak». Eta euskal preso politikoen gehiengo handia aritzen da a), b) edo f) modalitateetako ariketetan.

Laburtzeko: ez hurbilketaren auziari aurre egiteko, eta ez gradu progresioa eskatzeko, ez dago lan destino eskaeraren beharrik, baldin eta ez bada TPIan hori zehazten. Espetxe legediaren oinarrizko printzipioa da hurbilketa, eta lehen gradutik irteteko baldintza bakarra da presoak portaera oso arriskutsurik ez erakustea eta erregimen arruntera egokitzeko ahalmena izatea. Hortik hasi behar dugu, legea ezartzea baldin bada kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.