Presoekiko politika legearen araberakoa izango da: behin eta berriz esaera faltsu bera

2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Berriro piztu da, nahiz eta beti denen ahotan egon den, euskal presoen auzia. PP euskal presoen hurbilketaren kontra agertu da beti bezala, zuzenbidezko estatuaren printzipioak ahaztuz. Bi euskal preso Euskadira ekartzeak PPko idazkari nagusiaren erantzuna eragin du, honakoa adierazi duelarik: «Los terroristas no se han arrepentido», eta gero gehitu du euskal presoak hurbiltzeak «no ayuda a un relato de la derrota del terrorismo con vencidos y vencedores».

Ez da nire helburua esaldi horien azterketa politikoa egitea. Baina bere ikasketak direla-eta dauzkan eta edukiko dituen arazoen aurrean, nahiago izan du, ozen eta garbi, beste gai batzuei buruz hitz egitea, bereziki euskal preso edota atzerritarrekin lotutako auziei buruz.

Gaur egun, horrelako agintari politiko bat ezin da Europan zehar ibili. Zein legitimitaterekin egingo ditu ustelkeriaren kontrako aldarrikapenak? Zein erantzun emango ditu kazetariek bere egoera juridikoari buruz egingo dituzten galderen aurrean? Bere egoera larriaren aurrean nahiago du beste gai batzuei buruz aritu, arrazoiketa eskasa erabiliz, eta mezu arriskutsuak bidaliz. Arriskua zertan datza? Pertsona batzuen eskubideak ezeztatzen ditu eta arduradun politiko batek ezin ditu giza eskubideen kontrako mezuak bidali, gizartearen aurrean erantzukizun politikoa duelako, eta horren zati garrantzitsua giza eskubideen errespetua da.

Bi euskal presoen hurbilketaren aurrean esandakoa, ikuspegi juridikotik aztertuz gero, onartezina da. Orain adieraziko dugu zeintzuk diren argudio nagusiak iritzi hori mantentzeko. Lehenengo eta behin, esango nuke egoera zehatza aztertu behar dela. Kasu honetan bi euskal presoren egoeraren aurrean gaude. Bi preso horiek hirugarren graduan daude eta hurbiltzea legeak aurreikusten du.

Beraz, neurria guztiz legala da. Araudiak ezarritakoaren arabera, ezin zen beste erabaki mota bat hartu. Bi euskal presoek eskubidea zeukaten hona ekarriak izateko eta legeak aurreikusten dituen eskubideak haien kasuan aplikatuak izateko. Neurri horren aurka «los terroristas no se han arrepentido» esatea eta euskal presoak ekartzeak «no ayuda a un relato de la derrota del terrorismo con vencidos y vencedores» adieraztea zuzenbidetik kanpo kokatzen da edo, are okerrago, zuzenbidearen kontrakoa da.

Bigarren hausnarketa egoera orokor batetik egin nahi dut. Badirudi, zuzenbidea betetzeari dagokionez, PPren idazkari nagusiak daukan konpromisoa oso eskasa dela, batez ere kontuan hartzen badugu hurbilketaren erabakia Rajoyren gobernuarena izan dela. Juridikoki ulertzea oso zaila bada, are zailagoa da ikuspuntu politiko batetik egitea. Baina juridikoki zure alderdiko gobernuaren erabakiari horrelako kritika egitea ulertezina da, batez ere, zuzenbideak ezarritakotik kanpo kokatzen zarenean.

Dena da posible, nahiz eta zuzenbidearen kontrakoa izan. Dena esan daiteke nahiz eta gezur hutsa izan.

Bide horretatik jarraituko badugu, euskal presoen egoera aztertzeko zuzenbidearen eta presondegien arteko harremana aztertu behar da. Historian zehar harreman hori oso ahula izan da. Presondegian sartzeak eskubide guztien galera zekarren. Pertsonek eskubideen titular edo subjektu izateari uzten zioten, zuzenbideko objektu izatera igarotzeko. Ideia hori beste garai batekoa da, zuzenbidea presondegietako atearen parean geratzen zenekoa. Gaur egun, aldiz, egoera hori ez da posiblea. Zuzenbidearen arabera, pertsona guztiak pertsonak dira. Araubide juridikoan, esan behar da zuzenbidezko estatuaren zutabea pertsona guztien duintasuna dela. Duintasun horretatik harago ez dago demokraziarik. Gizartean giza eskubideen eta giza duintasunaren errespetua bermatuta ez badago, ezin dugu zuzenbidezko estatuari buruz hitz egin.

Pertsonen artean gizaki oro dago barne hartuta, presondegietan daudenak ere bai. Presondegian egoteagatik ez ditugu gure eskubideak galtzen. Zuzenbideak presondegien barruko funtzionamendua arautzen du. Arbitrariotasuna debekatuta dago, eta botereak ezin du nahi duena egin legeak hala aurreikusten ez badu. Horregatik, presoarekiko politika zuzenbidean oinarritua egon behar da, arbitrariotasun hutsean ez erortzeko. Behin legeetan aurreikusita egon ondoren, legeen edukia aztertu behar da. Lege izenaren atzean ezin da edozein agindu ezarri, bereziki giza eskubideei buruz hitz egiten ari bagara.

Legeek giza eskubideak muga ditzakete, baldintza batzuen barruan noski, ezin baitute edozein murrizketa ahalbidetu. Presoen kasuan, giza eskubideak indarrean daude eta eskubide horien murrizketa posiblea da, baldin eta beharrezkoa bada presondegia instituzio moduan mantentzeko. Esango bagenu presoek mugimendu askatasuna daukatela, orduan presondegiak ezin izango luke funtzionatu, preso guztiek ihes egingo luketelako.

Beraz, hurrengo auzia presoen eskubideak zehaztea da. Hasteko, esan dezakegu presoek eskubide guztiak dauzkatela, presondegiaren instituzioa mantentzeko beharrezkoak direnak salbu. Alde horretatik presoek familia-elkarbizitzarako eskubidea daukate aitortua, eta baita bizitzeko eskubidea ere, Espainiako konstituzioak horrela zehazten duelako eta, bereziki, Giza Eskubideen Europako Itunak hala egiten duelako. Azken hori, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak interpretatzen du. Hau esanda, estatu espainolean indarrean dauden eskubideen ezaugarriak zerrendatuko ditugu: 1) Europako Giza Eskubideen Ituna estatu espainolean indarrean dago, 2) Europako Giza Eskubideen Auzitegia itun horren interpretea da, 3) jadanik sei aldiz esan du presoen giza eskubideen artean elkarbizitza familiarrerako eskubidea dagoela eta 4) giza eskubide horren barruan dago etxetik hurbilen dagoen presondegian kartzela-zigorra betetzea.

Baieztapen hauek egin ondoren, esan dezakegu, zalantzarik gabe, euskal presoek baldintza horiek betetzen dituztela eta, beraz, eskubidea daukatela etxe ondoan dituzten presondegietan kartzela-zigorra betetzeko. Hori da legala dena eta Euskaditik urrun mantentzea ilegala da, legeetan aurreikusita ez dagoelako eta legearen kontrakoa delako.

Lehen esan dugun moduan, botere publikoek legeek baimentzen dutena egin dezakete, eta legearen arabera botere horiek ez daukate baimenik euskal presoak Euskaditik urrun mantentzeko. Orduan, horrela bada, nola jarrai dezake gaur egun presoekiko mantentzen duten politikak? Nola plantea daiteke presoak Euskaditik 250 kilometrora baino gutxiagora egon behar direla?

Andaluziako presondegietan hamar preso (Puerto I), hamahiru preso (Granada), hamar (Algeciras) eta 11 preso (Murtzia II) topa ditzakegu, adibidez, dispertsioaren izenean, eta zera galdetuko nuke: zergaitik ez daude preso horiek, hamar (Araba), hamahiru (Iruña), hamar (Basauri), eta 11 (Donostia, Burgos edo Dueso)? Horrela dispertsatuta egoten jarraituko lukete, ez ordea urrunduta. Sakabanatuta egotea eta urrunduta egotea ez baita gauza bera.

Urrunketa ez da beharrezkoa sakabanaketa erdiesteko. Sakabanaketaren egokitasuna, ordea, beste momentu batean aztertuko dugu.

Gaur egun, presoen egoera ez da legezkoa, botereak ezin duelako horrelako politika mantendu. Alde batetik baimenduta ez dagoelako eta bestetik Europako Giza Eskubideen Itunaren arabera presoen eskubideen kontrakoa delako. Noiz arte?

Ez gaude politika arrunt baten aurrean, edozein politika izango balitz bezala.

Giza eskubideen urraketa esanguratsu eta nabarmenaren aurrean gaude eta urraketa horren aurrean presoen eskubideak ez dira babesten behar den bezala.Euskal presoekiko politika legeztatzeko lehen neurriak hori beharko luke izan, etxetik hurbil dauden presondegietan-kartzela zigorra betetzeko eskubidea aplikatzea.

(Txema Larrearen oroimenez)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.