Euskalherrigintza, euskal errepublikagintza

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren jatorriari buruz zerbait gehiago jakin nahi izatekotan, egin daitekeen saiakerarik antzuena Alberto Santana historialariak egindako telesaioa ikustea da. Haatik,gizon honek modu traketsean egin duen ahalegina egitea guztiz beharrezkoa dugu garai historiko hauetan. Aro berrian, alegia.

Europako beste herri askotan gertatu zen bezala, hemen ere, XIX. mendearen bigarren zatian kulturari balio handia ematen hasi zitzaion. Desagertzear zeuden ohiturak, janzkerak, portaerak, hizkuntzak, hizkerak, ipuinak, sinesmenak...berreskuratzen saiatu ziren, eta sarritan, egindakoa, interpretazio bat baino ez zen izan. Gauzak horrela, egun, euskal tradizioaren ikur preziatu asko, berez, lauzpabost belaunalditan besterik ez ziren egin. Hau da, modernoak ziren XIX. mendearen hasieran eta tradizionaltzat hartu ziren XX. mendearen bukaeran.

Euskal Herrian, inguruko beste herri askotan lez, autoestimua indartzeko beharra genuen. Hori gabe modernitateak zekartzan aldaketa sakonek herri sentimendua eta jendarte kohesioa birrinduko zituzten, eta, saiakera horretan, gure herri-epika eraiki genuen, garai hartarako egokitua.

XIX. mendean eta hurrengoaren hasieran hauspotutako hainbat erreferente, ziur aski ez ziren zuzenak. Garai hartan betiko euskalduntzat hartzen zena ez zen guztiz zuzena. Jakina da, ehun bat urte lehenagoko euskalherritarren gehiengoa Nafarroako lurraldeetan bizi zela. Ezaguna da ere, zerbait lehentxeago euskaldun gehiago zeudela Mediterraneo isurialdean kantuari isurialdean baino. Baina kulturei garrantzia ematen hasi zitzaienerako, mende luzeetako panorama aldatzen hasita zegoen, eta eskualde batzuetan zeuden adierazpen batzuk nagusitu ziren.

Urrunago joango bagina ere, litekeena da duela gutxi arte gure herri-nortasunaren zutabe batzuk zuzenak ez izatea. Litekeena da XIX. mendeko begiradaz, euskaldun, basque ala vasconavarrotzat hartzen zena behin baino gehiagotan errotik aldatu izana. Nire ustez, egun Euskal Herria izenaz ezagutzen dugun herriaren etnogenesi zaharrena Burdin Aroan sortutako aldaketa izan zen. Aldaketa teknokulturala, non hiru osagarrik egin zuten kultur-eremu berria. Hala nola Paleolitotik zetorren populazioak, Neolito garaian iritsitako hainbat taldek, eta Burdin Aroan iritsitako beste batzuek. Hiru osagarri horiek modu ezberdinetan konbinatuz eskualdeka, mendetako hartu-emana eta gero, osatu zuten, nire ustez, erromatarren garaietan eta ondorengo mendeetan Baskonia izenaz izendatu zutena, geroan egitura juridikoa ere hartuko zuen eremua.

Ikerlan polita dago egiteke. Hainbat ikerlari txundituta uzten dituen fenomenoak —Indoeuropar aurretik zegoen populazioaren ondorengo batzuek berezko kultur ezaugarriak bizirik egoteak— salbuespena izaten jarraitzen du eta, nola ez, autoestimurako lanabes indartsua.

Hala eta guztiz ere, erronka hori baino askoz beharrezkoa dugu orain, Euskal Herria deitzen diogun herri honentzat, etorkizuna eraikitzen hastea gozatzen eta pairatzen dugun Aro Planetarioan.

Ziur aski historia osoan lehenengo aldiz lurralde hauetan kanpotik etorritakoak gehiago dira aspalditik etorritakoen ondorengoak baino. Horrek isla du hainbat eta hainbat adierazpenetan. Beldur naiz ez ote diogun gaizki erantzungo egoera honi. Ez ote dugu amore emango, konplexuek jota, eta uholdeak eramanda; ala berriz ez ote dugu gure burua museo batean sartuko, garai berrienbeldurrez.

Egoera berri honi gehitu behar zaio Antropozenoak sortu duen eraldaketa masiboa. XX. mendean eraikitako oinarriak erori dira, hemen eta lur osoan. Gure espeziearen bizi-iraupena kolokan dago. Arrisku horren aurrean, gizakiaren batasuna eta aniztasuna dira aldi berean, jardun paradoxikoan, sendabidea: kultura jakintsuenen ondareaz baliatzea eta konpartitzea, unibertsalak izan daitezkeen baloreak bilatzea eta tokian tokiko baloreak eta ondareak zaindu eta garatzea.

Lurraren txoko honetatik dagokigu ekarpen bat egitea, beste epika txiki bati ekitea. Aldakorra, dinamikoa, baina autoestimua berreskuratzen lagun dezakeena, herria saretzeko lagungarri izan daitekeena, indibidualismoaren morrontzak gainditzen lagundu ahal duena. Erronka horri Euskalherrigintza deituko nioke, Euskal Herriko eskualde guztietako herritarrei zuzenduta, iragana ezberdina dugulako, baina etorkizun komuna dugulako. Jaso ditugun altxor eta lanabes preziatuenak eskainiz, bestelako jendarte-eredua gorpuzteko, elkar zaintza erdigunean kokatuko duen eredua.

Aniztasunaren izenean aniztasuna bera ukatzen dutenek, nazionalismo kolonialek, etnizitatera muga gaitezen nahi lukete. Lehen herri izaera ukatzen ziguten moduan, orain naziogintza eskubidea ukatu nahi digutelako.

Euskalherrigintza, euskal errepublikagintzaren ehuna josteari ekiteko, bi jostorratzak behar ditugu: bat egonkorragoa, sendoa, euskara, kultura, nortasun kolektiboak, belaunaldi gaindiko egitasmoak garatzeko gaitasuna duena, lurralde honetan tinko errotuta; bestea, arina, mugikorra, hari ezberdinak uztartzeko gaitasuna duena, eskubide kolektiboak behin betiko bermatzeko gaitasuna izango duena.

Euskalherritar berrien laguntzarik gabe, herri hau geriatriko kudeaezina izango litzateke jadanik; lur honetan sakonki sustraituta dauden lagunen laguntzarik gabe, lur eremu hau neoliberalismoak eta globalizazioak birrinduko lukeen Ez-Toki bilakatuko litzateke. Lan honi ekin ahal izateko, autoestimua bezain garrantzitsua, egitasmo autozentratua garatzea da; hori egin ezean, menpeko egoeratik ateratzea ezinezkoa izango da. Bi jostorratzak erabili behar ditugu une orotan, bata bestearen gainetik lehenetsi gabe. Horrela lortuko dugu lan honek behar duen koherentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.